Entrenamendu arina ere ez

Ajaxek gehiegizko errespetuarekin jokatu du partida guztian, eta Real Madrilek aukera argi asko izan du

unai zubeldia
2010eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Atzokoa baino entrenamendu gogorragoak edukiko zituzten Real Madrileko jokalariek. Eta ez bat eta ez bi. Ajaxek izena dauka handia, baina hortik aurrera ezer gutxi gehiago erakutsi zuen atzo Herbehereetako taldeak. 1995ean 0-2 irabazi zuten herbeheretarrek Madrilen, Txapeldunen Ligan, Littmanenen eta Kluiverten gol banarekin. Baina orduko Ajaxek eta oraingoak izena bakarrik daukate berdina. Atzo, lehen zati guztian, ez ziren gai izan atera jaurtitzeko. Casillasek ez zuen geldiketarik egin behar izan. Hori bai, Madril aldean beldurtzen hasita daude ate aurrean asmatzeko daukaten ezintasunarekin, eta atzo ere erabat kamuts ibili ziren -Cristiano Ronaldorekin nekatu egin ziren zaleak sarritan-.

Lehen zatian hamasei gol aukera eduki zituzten etxekoek, bospasei oso argiak, baina 1-0eko apalarekin joan ziren aldageletara. Emanuelsonek sartu zuen lehen zatiko gol bakarra (31. min.), bere atean, Xabi Alonsok ateratako korner batean, baina epaileak Higuaini eman zion gola. Baina bosgarren minuturako lehen aukera sortuta zegoen Real Madril, Higuainen erdiraketa batean. Higuainek eduki zuen aukera argi horietako bat, 18. minutuan. Oso jokaldi ona egin zuen, hiru atzelariri izkin eginda, baina langara jaurti zuen, area ertzetik.

Ajaxek, aukera argi bakarra

Ozilen mugimenduek eta Xabi Alonsoren pase luzeek min egin zieten Ajaxeko atzelariei, eta Di Maria, Khedira eta Cristiano Ronaldo bigarrena sartzeko zorian izan ziren lehen zati horretan. Intentsitate handirik gabe ari zen Ajax, zelai erdia galduta, Real Madrili min egin ziezaiokeela sinetsi gabe. Lehen zati guztian jaurtiketa bakarra egin zuten bisitariek, 14. minutuan, eta oso gora joan zen Sulejmaniren jaurtiketa.

Etxekoen erabateko nagusitasunarekin eta 1-0ekoarekin amaitu zen lehen zatia. Eta partida ez zen askorik aldatu bigarren zatian. Hirugarren minuturako aukera polita sortu zuen Higuainek, baina gora bidali zuen, area barrutik jaurtita. 51. minutuan Cristiano Ronaldok eta Ozilek aukera argi bana eduki zute area barruan, eta hurrengo minutuan Di Mariak eta Higuainek eskura izan zuten bigarrena. Aukera aukerari lotuz ari ziren etxekoak, baina 73. minutura arte ez zen iritsi 2-0ekoa. Di Mariak Ozili eman zion baloia, hark jaurti, atezainak urrundu, Ozilek lehenengoan Higuaini erdiratu, eta argentinarrak barrura.

Erabaki beharrekoak erabakita zeuden, baina Ajaxek aukera argi bat, behintzat, sortu zuen. 77. minutuan jokaldi ona egin zuen Emanuelsonek, eta area ertzetik, ezkerrez, langara bidali zuen baloia. El Hamdaulek 91. minutuan izandako aukera gorabehera, oso-oso apal Ajax, eta aurrean antzu Real Madril.



Real Madril 2

Ajax 0

Real Madril. Casillas; Arbeloa, Carvalho, Pepe, Marcelo; Xabi Alonso (Lass Diarra, 82. min.), Khedira; Cristiano Ronaldo, Ozil (Canales, 86. min.), Di Maria (Pedro Leon, 79. min.); eta Higuain.

Ajax. Stekelenburg; Van der Wiel, Ooijer, Alderweired, Anita; De Zeeuw (Tainio, 68. min.), Enoh, De Jong, Emanuelson; El Hamdaul eta Sulejmani (Eriksen, 84. min.).

Golak. 1-0. Higuainek (31. min.); 2-0. Higuainek (73. min.).

Epailea. Damir Skopina (Eslovenia). Txartel horiak: Real Madrileko Xabi Alonsori; Ajaxeko De Zeeuwri.

Bestelakoak. 67.000 ikusle Santiago Bernabeu futbol zelaian. Partida hasi aurretik ohorezko sakea egin zuen Rafael Nadal tenislariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.