Caja Laboral Baskonia. Prigioni (6), Ribas (2), N. Bjelica (5), Teletovic (22), Dorsey (4) —hasierako bostekoa— Heurtel (11), Oleson (14), San Emeterio (13), M. Bjelica (10), Golubovic (3).
SLUC Nancy. Gregory (15), Linehan (3), Shuler, Samnick (4), Akingbala (4) —hasierako bostekoa— Grant (2), Badiane (5), Sylla (10), Thalien, Amagou (6), Moerman (6).
Markagailua. 22-11, 42-21 (atsedenaldian); 71-30 eta 90-55.
Epaileak. Lamonica, Jasevicius eta Silva. Ez zuten inor kanporatu faltengatik.
Bestelakoak. 7.943 ikusle Gasteizko Iradier Arenan.
Ordu erdiko entrenamendu ezin hobea. Horixe izan zen Euroligako partida Caja Laboralentzat. Hankapean ibili zuten Nancy, eta astindu handi samarra eman. Halako zerbait espero zen, frantziarrak noraezean baitabiltza Nicolas Batumen gidaritza galdu ondoren, baina oso gaizki aritu zen atzo Gasteizen. Nortasunik gabe, garaipena lortzeko batere federik gabe, eta lehen itzulian taldeko ikurrak izan ziren defentsa oldarkorra eta kontraerasoa erabat alboratuta. Baskoniak hori bilatu zuelako, batez ere.
Partida hasterako bukatu zen. Mirza Teletovic bero-bero kantxaratu zen, eta hamalau puntu saskiratu zituen lehen zatian. Nancyk muturreko handia jaso zuen partida jokoan zela jabetu zenerako, 14-4, eta saiatu bazen ere, norgehiagokako dinamika hasieratik finkatu zen: etxekoen garaipen erosoa. Lehen laurdena 19-10 bukatu zelako, eta bigarren hamar minutukoan ere bere ezinean murgilduta segitu zuten Nancykoek. Puntu bakarrean handitu zuten laurdeneko jarduna, baina 11 puntutan geratu. Atsedenaldiko emaitzak ez zuen inolako zalantzarako tarterik uzten: 42-21 Baskoniaren alde. Puntu gehiago sartu zituen Caja Laboraleko kapitainak, Teletovicek, Nancyko talde osoak baino. Hogeita bi bosniarrarentzat, eta hogeita bat Nancyrentzat. Adierazgarria.
Teletovicek lau hiruko saskiratu zituen, eta haren eraginkortasunarekin kutsatuta, harritzeko moduko hirugarren laurdena jokatu zuten gasteiztarrak. Zortzi hiruko gauzatu zituzten, baina ahalegin kopuru bera eginda. Denak sartu zituztela, alegia. San Emeterio, Prigioni, Oleson, Heurtel... jokalari askok erakutsi zuten festan parte hartzeko grina, eta zigor handia eman aurkariari. Handiegia, agian, Nancy aspaldi belaunikatu baitzen. 29-9ko partziala lortu zuen Baskoniak, eta 30 minututan 30 puntura mugatu Nancyren erasoko jarduna. Puntu bat minutuko. Huskeria, XXI. mendeko saskibaloi azkarrean.
Azken laurdena soberan
Ordu erdia iraun zuen norgehiagokak, eta markagailuan 40 puntuko aldea lortuta, bale, kito esatea erabaki zuten Baskoniak, eta Dusko Ivanovic entrenatzaileak. Aurkariek ere errespetua merezi dutelako, etenik gabeko korrika saioa bilakatu zen partida. Bospasei segundoko erasoak, akats piloa, kontraerasoak alde batean eta bestean, baina ikuskizun kaskarra. Nancyk 12-0ko partziala lortu zuen, eta markagailua txukundu nabarmen. Ivanovic bere aulkitik altxarazi zuten kantxan zeuden jokalarien zabarkeriak, baina Baskoniaren aldeak 30 puntuko langa gainditu zuen berriro azkar, oharkabean ia.
Zaleek ere euren poza erakutsi nahi izan zuten, eta Joey Dorsey estimatzen duten jokalaria dela esan zuten, estatubatuarraren alderatze oro txalotuz. Nemanja Bjelicak ere badu zaleen babesa, baina asmatu ezinik segitzen du, luzimendurako oso aproposa zen partidan. Iskanbila ere sortu zen harmailetan, eta Gasteizen inoiz ikusi ez dena ikusi zen. Ivanovicek zale batzuk alde dituela, baina beste batzuk aurka. Ezin jakin, gainera, nortzuk diren gehiengo. Indar Baskoniakoek «Dusko, Dusko» oihukatu zuten azken laurdenean, eta txistu soinu ozena izan zen bueltako mezua.
Gaurko emaitzek esango dute Baskonia Top 16an dagoen edo ez, eta Bilbon ahalegindu beharko den edo ez. Milko Bjelica taldean dela egingo du, hori, egiten badu. Espero baino astebete lehenago osatu da, eta bere buelta goiztiarra oso garrantzitsua izango da.
Caja Laboral Baskonia 90. SLUC Nancy 55
Entrenamendu saio polita
Caja Laboralek astindu handi samarra eman dio Nancyri, eta Top 16a jokatzetik gertu da; oso ondo aritu da defentsan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu