Aulkitik begira

Entrenatu: zer bai, zer ez

Aitor Manterola Garate.
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Dena lantzen al da? Gustatzen zaigu entrenatzaileoi ondokoa esatea: «Dena egin behar da entrenamenduetan. Gauzarik txikiena ere landu egin behar da». Baina esatetik egitera aldea dagoela uste dut. Ez da dena lantzen. Ez dugu guztia egiten. Beti gelditzen da zerbait egin ezinda, ez dagoelako denborarik edo ez diogulako garrantzirik ematen, eta zerbait horiek beti gauza berberak direlakoan nago. Lantzen duguna denok lantzen dugun bezala, lantzen ez duguna ere denok ez dugula lantzen uste dut. Azkeneko multzo horretan dago asteburuko jardunaldiko jokaldirik deigarriena. Bai, Aranzubiaren gola.

Atezaina aurrelari. Sarritan gertatzen da. Atezainei tokatzen zaie batzuetan gola sartzera joan behar izatea. Partidaren azken-azken unean, gola sartzeko itxaropen bakarra bilakatzen direla ematen du. Datuak atera egin beharko dira aukera horren errentagarritasuna aztertzeko, baina zerbait esate aldera, ehunetik bitan sartuko dute gola atezainek halako jokaldietan. Noizbehinka gertatzen den jokaldia izanik, entrenatu egin beharko al litzakete lan saioetan? Erantzunak zalantza gutxi sorrarazten ditu, baiezkoa etortzen zaigu ahora denoi. Baina lantzen al dugu? Orain ere, erantzuna oso argi dator.

Bat gehiago, bat gutxiago... Batere ez edo oso gutxi landu ohi dugun beste egoera bat hauxe da: jokalari bat, bi, edo hiru gehiagorekin nola jokatu behar den, eta kontrako egoeretan zer egin behar den, jokalari bat, bi edo hiru gutxiagorekin. Sarri samar gelditzen dira taldeak jokalari bat gehiagorekin edo bat gutxiagorekin. Gutxi lantzen dugula nabarmen gelditzen da talde bat hamaika jokalarirekin eta bestea hamarrekin ari denean. Zenbatetan aritzen da bat gehiago duena ezinean? Gehiegietan. Eta ez ezinean bakarrik, are larriagoa baita taldeak zer egin behar duen ez jakitearen itxura ematea. Entrenamenduetan ez lantzearen ondorioa da hori.

Dena landu al daiteke? Guzti-guztia landu nahi eta ez lantze horrez gain, badira ezin landu daitezkeen egoerak ere. Partida bat prestatzeko garaian, aurkariaren jokatzeko ereduari aurre egiteko lanak egin behar dira. Entrenatzaileon artean, batzuek arreta gehiago ematen diote arlo horri beste batzuek baino. Eta aurkaria Bartzelona denean, zer egin? Denok dakigu nola jokatzen duen, baina zer egin behar duten asmatzea zailagoa da, egoera bera modu askotan egiten dutelako. Esate baterako, igandeko neurketari begira, Athleticek landuko zituen hainbat egoera Bartzelona defendatzeko, eta ikusi ziren zelaian, baina kataluniarren trebezia amaigabeak oztopo horiek gainditu egin zituen. Horrelakoak dira entrenatu ezin daitezkeen gauzak. Beste adibide bat: Osasunaren igandeko aurkariaren entrenatzaile Mauricio Pochettinok nekez landuko zuen astean zehar bere jokalari batek baloiari eskuarekin joko ziola inozo-inozo, pentsatuz lantzenbazuen ez zuela halakorik egingo. Gauza batzuk esan ere ez dira egin behar, baina jokalarien jarrera ulergaitza izaten da batzuetan. Realaren partidan ere pare bat adibide, De la Bella eta Rivas tarteko: entrenatu egin behar al da bi jokalari horiekin bere areatik gertuegi tarteka egiten dituzten falta inozoak bezain arriskutsuak ez egiteko? Landuta ere alferrik. Bere garaian hartutako ohitura txarrak kentzea ezinezkoa izaten da.

Ondorioz. Futbolean egoera asko kontrola daitezke, eta horiek landu egin behar izaten dira. Baina ez dut uste dena lantzen dugunik. Gero, badira beste egoera batzuk, kontrolik gabeak, eta horiek ezin daitezke landu astean zehar. Horregatik, akaso, entrenatzaileok aldatu egin beharko genuke esaldia: «Dena ezin da landu entrenamenduetan. Gauzarik txikiena ezin da landu, kontrolagaitza den neurrian, behintzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.