Saskibaloia. ACB ligako euskal taldeak

Entrenatzaile berria, beste nortasun eta erronka batzuk

Azken orduan osatu du taldea Lagun Arok, baina itxura ona eman du lagunartekoetan, defentsa lan onarekin

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Dena aldatu da Donostia aldean. Gauza normala, entrenatzaile berria etorri delako eta hark bere ukitua eman nahi izan diolako taldeari. Ezberdina da taldearen osaketa, eta ezberdina jokatzeko modua. Eta helburuak? Lehiaketako lehen hilabeteak argituko du hori, baina ez harritu erronka berri horiek aurreko sasoietakoak baino politagoak izatea. Lagun Arok nahiko itxura txukuna eman duelako denboraldi-aurreko lagunartekoetan. Ilusioa piztu du zaleengan.

Arrakasta defentsan oinarritu nahi du Sito Alonso entrenatzaileak, eta hori abiapuntu berria da. Ez Pablo Lasorekin taldeak ez zuela defenditzen esaterainokoa. Baina Lasorekin taldeak defentsan orain baino lan ahulagoa egiten zuen. Kontzeptua aldatu da Alonsorekin. Zaragozakoak aurkaria nekarazteko taktika landu du hasiera-hasieratik. Kantxa osoko presioarekin, pase lerroak zorrotz zaintzeko aginduarekin, eta laguntza sistema eraginkorrarekin. Lagun Aro garaitu nahi duen taldeak kontzentrazio handiarekin jokatu beharko du 40 minutuetan, Donostiako taldeak aurkariaren akatsak zigortzeko abilidade handia erakutsi baitu liga atarian.

Aintzat hartzeko moduko beste aldaketa bat. Jokalariek asmatuko dute edo ez, baina erasoan egiten duten jokaldi oro sistema bati jarraituz egingo dute. Alegia, ez dela buruz buruko jokaldientzako aukera handirik egongo. Sistema bera ateratzen ez bada, bai, baina bestela, jokaldia arbelan idatzitakoa eta lan saioetan entseatutako bera izango da. Diziplina hitzarekin saltzen du Alonsok jokamolde hori.

Berandu itxi du taldea

Alonsok hilabete pasatxo izan du jokalariei bere saskibaloi hiztegia erakusteko, baina erdizka lortu du. Arrazoia bat edo bestea izan, Lagun Arok berandu itxi du taldea, eta ikusteko dago horrek eragingo duen kaltea zenbaterainokoa izango den. Taldeko saskipean funtsezkoak diren bi jokalari, Kenny Adeleke eta Andy Betts, iritsi berriak dira, eta kosta egingo zaie taldekideen pausoari jarraitzea. Bai fisikoki, baita sistemak ikasteko lanean ere. Alonso haserre samar mintzatu zen BERRIAk duela bi aste egin zion elkarrizketan, eta badaki urrian Doblasek, Pankok eta Lorantek hartu beharko dutela saskipea zaintzeko ardura.

Lagun Arok 11 jokalariko taldea du gaur-gaurkoz, baina, gauzak ondo, 12koa izango du urtarriletik aurrera. Jaroslav Korolev hegalekoa izan zen fitxatu zuten lehen jokalaria. Aurkezpen ekitaldi ofiziala egin, egin zuten, baina belauna ondo ez zeukala jabetu ziren, eta lau bat hilabete beharko ditu osatzeko. Bitartean neurri ona ematea da asmoa, zortzi onenengandik gertu egotea, neguko fitxaketa interesgarria izan daitekeelako Korolev.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.