Entzuteko ordua. Entrenatzaileek ez dute euren sentimenduak publikoki adierazteko joerarik izaten. Topikoetara, esaldi eginetara jotzen dute ia beti, baina emaitzak on-onak ez direnean gizatiarrago agertzen dira kameren argi eta mikrofonoen uhinen aurrean, eta esaldi mamitsuak ematen dizkiete berri fresko-freskoen esperoan diren komunikabideei. Entrenatzaileen psikologia da, eta haien mezuek beti dute bigarren interpretazioa. Zergatik bilakatzen dira protagonista? Jokalari batzuk protagonista? Haiei presioa sartzeko? Euren burua zuritze aldera? Zenbatetan ikusi dugu entrenatzaile bat bere erruak onartzen? Bi adibide. Ivanovicen esana, larunbat iluntzean: «Gaur-gaurkoz, saskiratzeko aukerak sortzeko gai den jokalaririk ez dugu». Ez zuen izenik eman, baina Logan eta Huertas zituen ahotan. Ivanovicek berak ez al zuen kale egin, partida hondarrean bi horiek kantxan mantenduta? Bigarrena, Fuenlabradan. Mainoldiren hiruko erabakigarria hirugarren laurden bukaeran, Bilbo Basketek hiru falta egiteko aukera zuenean: «Esan, esan diet zer egin behar zuten, baina erabakiak jokalariek hartzen dituzte kantxan, ez nik». Harrapa ezak!
Ernegatuta. Fotis Katsikaris eta Bizkaia Bilbo Basketeko zale denak. Ernegatzeko modukoa izan zelako Fuenlabradak eraso ia denetan saskiratzeko izan zuen erraztasuna. Jokaldi asko Esteban Batistak gauzatu zituen, blokeo eta jarraipenarekin, eta bizkaitarrek uruguaitarraren kemena geratzeko ezer gutxi egiten zutela. Jardunaldiko jokalari onena izendatu dute Batista, baina Jon Kortaberriak, Salva Guardiak, Leo Mainoldik, Valtersek eta Rabasedak ere min handia egin zuten unean unean, bakoitzak bi hiruko saskiratuta. Ia denak bakar-bakarrik jaurti zituzten! Gaizki egindakoari buelta eman zioten ondoren bizkaitarrek, baina buelta eman gabe. Zortzi onenen artean segitzen dute beltzekoek, baina puntu balantzeari esker. Gaur ondo eta bihar gaizki jarraitzen badute, otsaileko bigarren astea etxean pasako dute, ez Madrilen.
Zenbaki beltzak. Ez gaude ohituak, baina Baskoniaren zenbakiak beltzak dira lehiaketako lehen herenean. Begiratu azkar batek erakusten digu egoera txarra. 21 partida jokatu ditu Gasteizko taldeak, eta dagoeneko, bederatzi galdu. Hiru urte ziren ligan hiru partida jarraian galtzen ez zituela, eta Euroligako datua ere hor dago: bost porrot errenkadan, bata bestearen atzetik. Zerbait ez dabil ondo Gasteizen, eta zerbait esaten denean errua jende askorena dela esan nahi da, ez jokalariena bakarrik. Luis Scola handiak bere garaian esan zuen moduan, otsaila baino lehen egiten diren akatsak ez dira garrantzitsuak. Eskerrak.
Atseden fisikoa... Lagun Aroko jokalariek ondo hartuko dutena. Larunbat gauean bukatu zuten euren lana, Granadan. Astelehen eguerdian iritsi ziren etxera. Igande goizean Granadan hartu behar zuten hegazkina, baina han egon behar zen hegazkina ez zen azaldu, eta Malagan hartu behar izan zuten beste bat arratsaldeko 6etan. Madrilen Donostiako lotura galdu zuten, eta gaua egin behar izan zuten Madrilen, atzo goizean etxera etortzeko. Eguraldi txarraren aitzakia jarri omen zuen hegazkin konpainiak, baina jokalariek ez zuten eguraldi txarrik ikusi. Eskerrak, garaipena lortu zutela, bestela, asteburu txukuna...
... eta burukoa. Granadako garaipenak betiko galdera nekeza jarri duelako berriro mahai gainean. «Eta Kopa zer?», kazetariak galdezka atzo. Doblas isilik, Urizek «asko geratzen da», Salgadok «bederatzi garaipenekin barruan», Jimmy Baronek «I hope» (hala espero dut). Kazetaria uxatzeko, topikoa: «Gero eta garaipen gehiago lortu, orduan eta gertuago mailari eusteko erronka». Hori ere egia.
Zonakako defentsa
Entrenatzaileen psikologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu