Baiona 54. Stade Français 20

Entsegu festa Baionan

Baionarrek Heineken kopako lehian bizirik jarraitzen dute Parisi zazpi entsegu sartuz irabazi eta gero

Thibault Lacroix Baionakoa, entsegua lortzen, atzo, Jean Daugerren, Stade Françaisen aurkako partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Baiona. Iginiz (Lafond, 46. min.), Hegi (Roumieu, 49. min.), Avril (Desmaison, 58. min.); Linde, Flavell (Filipo, 65. min.); Marmouyet (Da Ros, 69. min.), Boutaty, Baget (kapitaina); Audy (Gartzia, 68. min.), Boyet; Peyras, Gerber (Fauque, 60. min.), Lacroix, Huget; Elhorga (Pietersen, 66. min.).

Stade Français. Slimani (Weber, 74. min.), Bonfils (Ledesma, 75. min.9, Gerber (Attoub, 26. min.); Flanquart, Marchois; Bergamasco, Rabadan (kapitaina) (Buruban, 59. min.), Leguizamon; Oelschig, Plisson (Beauxis, 65. min.); Philipps, Bousses, Tiesi (Bastareaud, 74. min.), Arias; Rodriguez.

Markagailua. 3-0; 6-0; 9-0; 9-7;16-7; 16-10; 16-13; 21-13 (atsedenaldian) 28-13; 33-13; 40-13; 47-13;54-13, 54-20.

Baionak erasoko puntua behar zuen, garaipenaz haratago, Heineken koparako sailkatzeko lehian bizirik jarraitzeko, eta horixe bera lortu zuen atzo etxean, Parisen aurka. Orotara, zazpi entsegu sartu zituzten Lapurdiko hiriburuko jokalariek Jean Daugerren sasoi honetan jokatu duten azken partidan, eta erraz hartu zuten mendean Stade Français Frantziako hiriburuko taldea.

Garaipen horri esker, Christian Gajanen taldeak aitzinera pauso bat eman du sailkapenean, eta Heineken kopan nor ariko diren hemendik bi astera erabakiko da, azken jardunaldian.

Atzoko partidak karga emozional berezia zuen. Baionak etxean jokatu behar zuen azkena zelako, lehenik. Arnaud Hegirentzat are bereziagoa zen, xuri-urdin gisa ez baitu gehiago jokatuko. Hamasei urtez Baionako elastikoa jantzi ondotik, Miarritzen jokatuko du hurrengo urtean. Horrez gain, Baionak anitz zuen jokoan, Heineken kopa jokatzeari ez baitio uko egin oraindik.

Horregatik agian, Baionak zailtasunak izan zituen partidan sartzeko. Merezimendu handirik egin gabe, 9-0 jarri zen, Boyeten zangoari esker. Baina Paris izan zen partidako lehen entsegua sartu zuen taldea. Ederki eramandako jokaldi baten ondotik, Plisson gazteak entsegua sartu zuen.

Etxekoen susperraldia, baina, fite iritsi zen. Bost minutu berantago, zangoz jo zuten baionarrek, eta bospasei erreboteren ondotik, Marmouyet Baiona Ttipiko hirugarren lerroak baloia hartu eta entsegua sartu zuen. Lehen zatia bukatzear zela, zigor kolpea izan zuen Baionak. Aitzinekoek eremu txikian jokatu zuten, eta azken minutuan bigarren entsegua sartu zuten. 21-13koarekin bururatu zen lehen zatia.

Baionak bigarren zatia erabili zuen zuloa egiteko. Jokoa berriz hasi eta berehala, Baionako gibelekoek jokaldi ederra egin zuten. Gerberrek bidea ireki eta gero, Peyrasek etxekoen aldeko entsegua sartu zuen. Stade Français ez zegoen oraindik hilik, ordea. 58. minutuan bi txartel hori atera zizkieten xuri-urdinei, eta Parisi bakarra, borroka baten ondorioz. Stade Baionako bost metroetan zen, eta uztartzean min egin zion Baionari. Lapurtarrek, orduan, baloia eskuratu zuten eta 85 metroko entsegua sartu. Gerber, Huget eta Peyrasen arteko jokaldi ederra bukatzeko ardura Audyk hartu zuen.

Hurrengo jokaldian, Parisek erasora jo zuen, baina aldi honetan ere Hugetek baloia harrapatu zuen eta, 80 metroko korrikaldia egin ondoren, entsegua sartu zuen. 40-13 jarri zen aitzinetik Baiona, eta erasoko puntua segurtatu eta partida erabakita utzi.

Ordutik aitzina, partida Baionaren monologo bat bihurtu zen. Azken hogei minutuetan etxekoek eroso jokatu zuten, eta Stade burua ezin altxatuz ibili zen. Lacroixek eta Roumieuk beste bi entsegu sartu zituzten baionarrentzat. Partidaren azken minutuan, Parisek erasora jo zuen, eta ohorearen entsegua sartu zuen, bukaerako 54-20koa.

Miarritze, galtzaile

Bestalde, Miarritzek herenegun jokatu zuen, Castresen. Miarriztarrek ez zuten irabazterik izan, eta 16-13 galdu zuten. Oso partida fisikoa eta serioa jokatu zuen Castresen aurka. Porrot horren ondorioz, sailkapenean behera egin du Agilerako hamabostekoak, baina ostiralean lortu zuten defentsako puntu gehigarriak berebiziko garrantzia izanen du lehen sei postuetan bukatzeko. Hemendik bi astetara, Miarritzek Bourgoini irabazi beharko dio bere zelaian, lehen sei postuetan sailkatu eta datorren denboraldian Heineken kopan jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.