Espresio bideak. Hitz egitea, keinuak egitea, besoak mugitzea, jauziak egitea, gauzak harrika botatzea... Modu asko daude adierazi nahi dena adierazteko, eta denetarik ikusi dugu asteburu honetan. Indar Baskonia zale taldearen pankartak eta Iradier Arenan bildutako zaleen erreakzioa. Baron eta Vidalen arteko ika-mika, kamerek grabatutakoa, estatubatuarraren huts baten ostean. Katsikarisen atsekabea eta amorrua partidako azken hutsartean ahotsa galtzeko zorian egon eta baloia aurkariari eman ostean. Ligak bi hilabete egin ditu, eta hutsegiteak garesti bilakatzen ari dira pixkanaka. Bizkaia Kopatik kanpo geratzea kolpe handia litzatekeelako. Lagun Arok maila galtzea handiagoa, baina errealitatea gordina da: jaisteko postuetan daude gipuzkoarrak. Entzun, ikusi eta hausnartu.
'Zievo Dusko'. Dusko Ivanovicen jardunak adostasunak eta kritikak eragiten ditu, eta bizia izan da hori aste honetan Caja Laboralek Cantun egindako lanaren ondoren. Batzuk alde, eta besteak aurka. Indar Baskoniakoek Ivanovicen alde egin zuten garbi, Aupa Dusko pankarta erakutsiz, eta «Dusko, Dusko» oihuak ozen eginez. Onean eta txarrean taldea babestu behar dela ere erakutsi zuten, beste pankarta ezagun batekin: Baskonia ez da kritikatzen, maitatu egiten da!. Oihuen artean txistu franko entzun ziren Iradier Arenan, baina meritua du Indar Baskoniak, une zailean erakutsi zutelako euren jarrera, errazena Ivanovic kargutik kentzea dela diotenak gehiengo direnean. Batzuen oihu eta besteen txistuen artean, pena Kerejetaren aurpegia zein izan zen ez jakitea. Lazkaokoak ez ditu oso begiko Indar Baskoniako kideak, baina Ivanovic babestu zuen bi aste atzera. Hori bai, ñabardurekin. Oraingoz garrantzirik ez duten ñabardurak. Oraingoz.
Keinu zatarrak. Eskertzekoa da bizitasun handiarekin jokatzea, baina kideen arteko eztabaidak ez dira onak. Are gutxiago telebistan ikusten direnean. Vidal eta Baron eztabaidan hasi ziren Gasteizen, eta, dirudienez, emaitza txarrak giro ona gaiztotzen ari dira. Andy Betts da giro horrekin kutsatzen ez dena, non dagoen ere ez dakielako. Fisikoki mugatuta dagoela egia da, baina Gasteizen kale egin zituenak kale egin ditzakeela sinestea ere... Kontrakarrean aritu zen Lagun Aro Gasteizen, Baskoniaren baitan, eta arabarrek estutu zutenean azukre koskor bat kafesnean bezala, hala urtu zen Sito Alonsoren taldea. Hamar partidetatik bi bakarrik irabazi dituzte, tartean maila galtzeko aurkari zuzen izan litezkeen asko, eta arriskua serioa da. German Ceak dio jokalariak fitxatzeko arrazoirik (eta dirurik) ez dagoela, baina Koroleven zain geratzen badira, errusiarra bueltatzen denerako, egoerari buelta ematea ezinezkoa izan daiteke.
Zurrunbilo gaiztoa. Haserre zegoen Katsikaris larunbat iluntzean Fuenlabradan, eta pentsakor atzo, Miribillan, jokalariak goizeko lan saioa bukatzear zirela. Daukan egutegi gaiztoan pentsatzen ariko zen agian, Kopa jokatzea oso zaila daukala jabetzeko. Zazpi partida geratzen dira lehen itzulia bukatzeko, eta bost edo sei garaipen behar ditu Bizkaiak. Valentzia, Unicaja eta Baskonia dira abenduko aurkariak, norberak bere ondorioak atera ditzala. Top16n sartzeko eskaerak ere ez dio onurarik eragingo, eta kolpe gogorrak saihesteko bidea bakarra da: urtea bukatu bitarteko partida gehienak, edo guztiak, irabaztea. Utopia, ezta? Zenbakiak bizkaitarren joko pobrea baino baikorragoak dira, sailkapenak Kopa garaipen bakarrera dagoela esaten duelako. Zer falta zaio, ordea, Bizkaiari? Zer egiten du gaizki? Hartzen duen puntuak eta emandako baloien kopuru handia, denek dakite hori, baina eurek eta inork ez dakien edo oraindik bilatu ez duten zerbait badago. Nortasunik, izaerarik gabe ari baita Katsikarisen taldea, galduta.
Zonakako defentsa
Entzun, ikusi eta hausnartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu