Epaileak aske utzi ditu atxilotutako Indar Gorriko hemezortzi kideak

Seik hilean bitan joan beharko dute epaitegira, eta hamabik, hilean behin.Epailearen arabera, «futbola aitzakia zen lesio delituak egiteko»

Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren autoak, joan zen astelehenean, operazioa egin zuten egunean. IVAN AGINAGA / EFE.
Erredakzioa
Iruñea
2016ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Fermin Otamendi Iruñeko Bigarren Instrukzio Epaitegiko epaileak atzo aske utzi zituen joan den astelehenean atxilotutako Indar Gorri Osasunaren jarraitzaile taldeko hemezortzi kideak. Guztiek atzo deklaratu zuten epailearen aurrean, «talde kriminaleko partaide izatea eta lesio delituetan parte hartzea» leporatuta. Epailearen aurretik pasatu ondoren, libre geratu ziren guztiak. Halere, haietako seik hilabetean bitan pasatu beharko dute epaitegitik, eta hamabik, hilabetean behin.

Epaileak autoan dio ikertutako lagunentzat futbola «aitzakia» zela lesio delituak egiteko. Epaileak berriro nabarmendu du ikerketak ez duela Indar Gorri taldearen aurka egin nahi, baizik eta taldeko zenbait lagunen aurka, zeinak taldeaz aprobetxatu ziren euren indar ekintzak egiteko.

Epailearen arabera, ikertutako lagunei egindako entzuketak eta zaintzak eta atzemandako dokumentazioa aztertu ostean, «zantzu argiak» daude ondorioztatzeko ikertutako lagunek eta beste zenbaitzuek talde bat osatzen zutela, eta Indar Gorrik ematen zien «babesa eta aterpea» baliatzen zutela euren benetako helburua lortzeko. Eta helburu hori ez zen Osasuna babestea, baizik eta partiden aitzakian «lesio delituak egitea», izan euren taldearen partidetan, izan aldeko edo kontrako muturreko zaleen taldeen partidetan. Hori egiteko, gainera, Indar Gorriren dirua baliatzen zutela dio epaileak.

Aurkako taldeekin borrokan

Atxilotutakoen antolaketa ere hizpide du auziko epaileak. «Antolaketa sinple baina eraginkorra du. Hierarkia bat dago bertako kideen artean: batzuek erasoak antolatu eta agintzen zituzten, eta beste batzuek eraso horiek aurrera eramaten. Horretarako, taldearen egoitzan entrenatzen ziren». Epaileak ez du zalantzarik: «Erasoak erabat antolatuak ziren».

Autoak, halaber, nabarmendu du ez dela lehen aldia Indar Gorriko zenbait kide halako ekintzekin nahastuta azaltzen direna. Microbota edo minibota-k izeneko taldeak aipatzen ditu epaileak. Haren arabera, «talde horiek hainbat indarkeria ekintza egin zituzten Nafarroako hainbat herritan, inolako bereizketarik egin gabe, eta horrek ezinegona eta beldurra eragin zuen gazte askorengan».

Baina epaileak zerbait nabarmentzen badu, zera da: ikertutakoentzat kirol kontuak «bigarren mailan» zeudela, «erabat». Hori arrazoitzeko, epaileak azpimarratu du Poliziak egindako hainbat zaintzatan baieztatu zutela ikertutakoak ez zirela ezta futbol zelaira sartzen ere. «Horrek agerian uzten du talde honen helburua ez dela Osasuna babestea, baizik eta futbolaren inguruko muturreko jarraitzaile taldeen artean estatus bat lortzea, beste taldeek errespeta ditzaten. Eta hori lortzeko, aurkako muturreko jarraitzaile taldeekin zenbat eta erradikalago eta indartsuago azaldu, orduan eta estatus handiagoa lortzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.