Olympiakos. Lucas (6), Spanoulis (29), Keselj (2), Antic (13), Papadopoulos (4) —hasierako bostekoa—; Printezis (8), Papanikolau (8), Hines (18), Mantzaris, Gecevicius eta Pelekanos.
Gescrap Bizkaia. Jackson (13), Grimau (2), Mumbru (17), D'Or Fischer (9), Banic (15) —hasierako bostekoa—; Vasileiadis (7), Blums (14), Mavroeidis (4), Raul Lopez eta Krupalija.
Markagailua. 27-24, 45-42 (atsedenaldian); 60-61 eta 88-81.
Epaileak. Lamonica, Viator eta Vojinovic. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 3.000 ikusle Bakearen eta Adiskidantzaren pabiloian.
Hauxe da dagoena, eta ez dago zereginik. Are gutxiago hasiberri batentzat, non eta Atenasen, eskarmentu, indar eta botere handia duen taldearen etxean, gaur-gaurkoz apal samar badabil ere. Euroligako arduradunena izan beharko luke hausnarketak, baina ez atzo gertatutakoagatik, astero-astero errepikatzen den kontua baita: epaileek etxeko taldea laguntzeko duten joera. Gescrap Bizkaiak larrutik ordaindu zuen hirukotearen lan partziala, baina bere errua ere bada, esku-eskura zeukan partidari errematea ematen asmatu ez zuelako, eta garesti ordaindu zuen. Onuraren bat bilatzekotan, hilabete atzera Bilbon lortutako hamabost punturen aldeari eutsi ziola.
Damutzeko modukoa izango da biharamuna, garaipenak asko gerturatuko zuelako Bizkaia Top16ra. Baikorrenak oraindik lau partida geratzen direla pentsatuko dute, hiru etxean, eta atzerapausoa txikia dela. Katsikarisek puntu gutxiko lehia eskatu zuen atarikoan, baina bere asmoa haizeak eraman zuen norgehiagoka hasi eta berehala. Defentsa arrastorik ez zegoelako Bilbokoen artean. Pero Anticek ezin hobe baliatu zuen jarrera epel hori, eta hiru hiruko sartu zituen bata bestearen atzetik, Banic bizpahiru metrora begira zegoela. Ziur aski aurrez hartutako erabakia izan zen, Mazedoniakoa portzentaje eskasa lortzen ari delako hirukoetan. Bi jarraian sartu ondoren, ordea, normalena estutzea da.
Papadopoulosen hiruko jokaldiak 19-11koa jarri zuen Olympiakosen alde. Hutsartea, eta lanera. Janis Blumsek hirukoa sartu zuen, eta Banic lagun, 22-18 hurbildu zen Bizkaia. Batek eman eta besteak erantzun, dinamika horretan murgildu ziren biak, baina etxekoak aurretik ibilita beti: 29-26 lehen laurdena bukatuta.
Bigarrenean hortzak erakutsi zituen Bizkaiak. Blumsek bi hiruko sartu zituen, eta Vasileisadisek beste bat. Bitan hartu zuen aurrea Gescrapek, 31-32 eta 36-38, eta bigarren aukera horretan hiru aukera izan zituen alde handiagoa lortzeko, baina kale egin zuen. Spanoulisek ez zuen kale egin, eta bost puntu lortuta, bigarren zatian etorriko zenaren abisua eman zien euskaldunei (45-42 greziarrak aurretik).
Aurretik, ordea, bizkaitarren kolpea etorri zen. Banicek zazpi puntu saskiratu zituen jarraian, eta Aaron Jacksonek ere korrika egiteko aukera izan zuen. Korrika egin eta taldekideak elikatu. Korrika egin eta kontraerasoak berak bukatu. 55-61 aurreratu zen Bizkaia. Hamalau minutu falta ziren lehia bukatzeko, eta greziarrak urduritzeko unea zen. Defentsa on pare bat egin, eta aldeari eusteko edo aldea handitzeko unea.
Ez bata eta ez bestea. Katsikarisen erabakiek ere zerikusia izan zuten, Josh Fisher eta Krupalija kantxaratu zituelako minutu zakua pilatzen ari ziren jokalariei atsedena emateko. Emaitza, txarra baino okerragoa. Emandako hiru baloi, eta 5-0ko partziala Ivkovicen taldearen alde. 60-61 eta den-dena erabakitzeko.
Lamonicak aginte makila
Ederki hasi zen laurdena, Vasileiadisen hirukoarekin. Bigarrena zuen, eta 60-64 aurreratu ziren bizkaitarrak. 62-66 ere bai, D'Or Fischerrek alley hoop ikusgarria egin ondoren. Orduan Spanoulisek hartu zuen aginte makila, eta balantza desorekatzen hasi zen: bikoak, hirukoak, barneraketak... Maisua da zona erdiko jaurtiketa garbietan Spanoulis, eta bederatzi puntu sartu zituen jarraian. Bizkaiaren faltak ere behartu zituen. Batzuk izan ziren, gehienak ez, eta bonusean sartu zen Katsikarisen taldea laurdena bukatzeko sei minutu falta zirela.
Bat eta beste, 77-70 aurreratu zen Olympiakos, eta agerikoa zen ez ziola garaipenari ihes egiten utziko. Funtsezkoa zelako beraientzat, Top16ari begira aukera oro ez galtzeko, eta estutasunen bat izanez gero epaileen laguntzatxoa izango zutela jakitun. Biak gertatu ziren. Baloiak Spanoulisi, eta saskiratzea lortzen ez zuenean, asistentzia edo falta. 29 punturaino joan zen Spanoulis, eta sei asistentzia on eman, 34 puntuko balorazioa pilatzeko. Jacksonen eta Mumbruren azken orduko hirukoak berandu iritsi ziren, zoritxarrez.
Olympiakos 88. Gescrap Bizkaia 81
Epaileak borrero
Gescrap Bizkaiak Euroligan etxetik urrun jokatzeak dakarren zailtasuna ezagutu du gertutik, eta justu bada ere, galdu egin duBizkaitarrek partida hausteko aukera bota dute harrika, 55-61 aurretik zirela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu