Osasuna auziko epaileak «kirol ustelkeri ageriko zantzuak» ikusi ditu bere ikerketan, eta, bere ustez , Miguel Artxanko taldeko presidente ohiak, Osasunaren ondasunen «legez kanpoko eta bidegabezko erabilera agindu eta onartu» zuen. Fermin Otamendi Iruñeko bigarren Instrukzio epaitegiko epaileak, halaber, presidenteari taldearen kontuak faltsutu izana egozten dio, diru mugimenduak estaltzeko, eta bere ondasunak bere familiako kideei oparitu izana gero kaudimen eza argudiatu ahal izateko.
Osasunako epaileak atzo publiko egin zuen autoan bertan behera utzi zuen Artxankoren ondasunen bahitzearen aurrean haren familiak jarritako errekurtsoa. Dena den, oraindik ere helegitea jar dakioke ebazpenari Nafarroako Audientzian. Artxanko Osasuna auzian inputatua dago, eta, besteak beste, taldearen dirua partida salerosketarako erabili izana, eta pilaturiko zorra ezkutatu izana egozten zaio. Auzi berean, besteak beste, Patxi Izko presidente ohia eta Angel Vizcay urtetan taldearen kudeatzailea izandakoa ere daude inputatuta.
Epailearen atzoko autoaren arabera, Artxanko presidente izan zen urtetan taldetik irtendako «hainbat milioi euro» zertarako erabili ziren oraindik argitzeke dago —3,2 milioi euro dira, 2012 eta 2014 urteen artean—. Epailearen ustez, legez kanpoko erabileraren zantzuak «oso garbiak dira eta ia erabat ukaezinak» dira, eta era berean, ez du baztertzen Artxanko berak edo bere zuzendaritzako kideren batek diru horren zati bat ekin gelditu izana.
Otamendirek autoan dioenez, ikerketaren gari honetan, hasi berritan, ez da ohikoa «ageriko» frogei buruz hitz egitea, baina kasu honetan zantzuak hain dira argigarriak adjektibo horiek erabil daitezkeela. Besteak beste, taldeko kontuetatik eskudirutan kopuru handiak atera izana eakusten duten agiriak ditu, Artxankok sinatuak; bankuko oharrak,:inputatuen deklarazioak; eta presidente ohiak sinaturiko kontabilitateko hainbat ohar, non «ariketa ekonomiko eta negozio jurisiko faltsuak» agertzen diren «legez kanpoko diru irteerak estaltzeko». Hori gutxi ez, eta epaileak dionez, hainbat pertsonari maileguak eskatu zitzaizkien, mailegu horien benetako helburua zein zen zehaztu gabe. Zantzu gehiago ere baditu epaileak, baina momentzu sekretupean uztea komeni da haren iritziz.
Legez kanpoko diru mugimenduez estaltzeko Artxankok taldearen diru kontuak faltsutu zituela dio epaileak, eta hori jarduera «oso larria dela», eta Ogasunaren aurkako delitua eta diru zuriketa izan daitekeela ohartarazi du. Horren aurrean, eta beti ere epailearen arabera, Artxankok, presidente kargua utzi eta gutxira bere ondasun gehienak sendikoen artean banatu zituen. Horrela, inputatua izatekotan, balizko ondasunen bahitze baten aurrean kaudimen falta arguditu ahal izango luke. Dena den, epailearen hitzik gogorrenak Artxankok bere burua defendatzeko erabilitako argudioak deskribatzean agertzen dira: «Hain ziren zentzurik gabekoak azalpenak, hari sinesteko asmo handiena izan dezakeen pertsonak ere gezurtzat joko lituzkeela».