Donostiako Merkataritza Epaitegiak onartu du Realak diru zorrak direla-eta Konkurtso Legea baliatzeko lehengo astean egindako eskaria, futbol klubak gaur jakinarazi duenez. Hala, Reala ez da Espainiako Bigarren B maila jaitsiko, eta zorrak kitatzeko epeari ekingo dio. Zorren artean dago jokalariei zor zaiena, kasu.
"Erabaki honekin amaiera eman zaie Realaren egoera ekonomikoaren inguruan izandako zurumurru eta esamesei", esan du klubak prentsa ohar baten bidez. "Realak gaur egun ezin die aurre egin dituen betebeharrei, aurreko urteetan egindako kudeaketaren ondorioz. Itxaropen handiko aroa irekitzen da orain eta Administrazio Batzordeak gogor jarraituko du lanean, Realak klub handia izaten jarrai dezan".
Epaitegiak administradoreak izendatuko ditu orain, eta klubak edozein mugimendu egiteko haien oniritzia beharko du. Administradoreen artean izango da, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia. "Diputazioak Realarekin adostuta duen diru laguntza lehenbailehen ordaintzea espero dugu", esan du klubak.
Futbola
Epaitegiak onartu du Realak Konkurtso Legea baliatzeko egindako eskaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu