Epaitegian edo isilpean konponduko da

Gero eta zailagoa dirudi NBAko sasoia abian jartzea, jokalariek ugazaben eskaintzari ezezkoa eman baitiote

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Negu nuklearra» zetorrela esan zuen orain dela astebete Kobe Bryant izar distiratsuak, eta hitz horiek beretzat hartu ditu David Stern NBAko mandatariak. Ironiaz, jakina. Oraingoz hitzarmen kolektibo berririk ez dela egongo jakinarazi zuten bi aldeek: NBPA jokalarien sindikatuak aurrena eta Sternek berak ondoren. Batzuk eta besteak lehengoan daude: «Ez gara gure ordezkari, NBAn etorkizunean jokatuko duten guztien ordezkari baizik, eta ugazaben eskaintza ez onartzea erabaki dugu, aho batez», sindikatuak. Sternen erantzunak ere adiskidantzatik gutxi zeukan: «Axolagabekeriaz jokatu dute». Sindikatuak beste erabaki bat ere hartu du: desegitea eta aurrerantzean merkataritza elkarte soil bilakatzea. Horren ondorioa, honatx: taldeetako ugazabek ezingo dute elkarrizketarik eduki jokalarien sindikatuarekin, sindikaturik ez dagoelako.

Desegitearen inguruan ere garbi hitz egin du Sternek, bazekielako zer etor zitekeen. Aurrez prestatutako taktika bat dela salatu du: «Egoera tragikoa da, eta ia-ia bueltarik ez daukana. Sasoi osoa dago arriskuan», esan du mandatariak, oraingoz partida gehiago bertan behera utzi ez baditu ere.

Eta orain zer? Horixe galdera. Bi aukera daude: epaitegiak edo isilpeko negoziazioak. Jokalariek antitrust edo monopolioaren aurkako lege bat baliatuko dute ugazabak salatzeko eta haiek euren kabuz jokalarien lan baldintzak finkatzen dituen hitzarmenik erabaki ez dezaten edo jokalarien kontratuak bertan behera utz ez ditzaten. Epaitegiek lock-out-a legez kanpokotzat hartzea eta ugazabei presioa egitea lortu nahi dute salaketaren bidez. Nola? Haien aurkako balizko epai batekin beldurra eraginez, ondorioz ugazabek jokalarientzat hitzarmen hobe bat proposa dezaten.

Hori guztia teoria da. Epaitegiek epaia ematerako 2012a iritsiko da, 45 eta 60 egun inguru beharko baitituzte monopolioaren aurkako salaketen gaineko epaia emateko. Ezin jakin, gainera, nori emango dioten arrazoia: jokalariei edo ugazabei. Oso litekeena da epaitegiek deliberatzen duten bitartean isilpeko negoziazioak egotea. NFL futbol amerikarreko ligan ere antzekoa gertatu zen, eta sindikatua desegin ostean ados jarri ziren bi aldeak. Hamar urterako hitzarmen bat sinatu zuten martxoan.

Urtarrilaren 15a da muga

Atzokoa batzuk besteei errua leporatzeko eguna izan zen. NBPA sindikatuko webguneak mezu bitxia erakutsi zuen desegin egingo zela jakinarazi ostean. «Ez da saskibaloirik aurkitu: Mesedez, pazientzia eduki arazo hau konpontzen saiatzen garen bitartean. Barkatu eragozpenak». Jokalariek ere epelak bota dizkiote Sterni sare sozialen bitartez, eta zenbaitzuek salatu dute sindikatua desegiteko erabakia askoz lehenago hartu behar zela. New Jersey Netseko Deron Williams izan da horietako bat.

Saskibaloi zaleak ezkor diren honetan, aditu zenbaitek itxaropenari eusteko deia egin dute. Bakoitzak bereari eutsi nahi dio, baina biek nahi dute akordioa, jokalariak eta ugazabak dirutza galtzen ari direlako. Nor belaunikatu aurrena, hori da kontua. Bestela esanda, erru handiena nork duen onartzea. Ugazabak, zikoizkeriagatik? Edo jokalariek, merezi ez dutena eskatzen dutelako? Urtarrilaren 15a da muga eguna. Egun hori baino lehen hitzarmenik ez badago, ez da NBArik egongo. Ez behintzat 2012ko azaroa arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.