Epelera, kontuak egitera
Etxean lortu ezin duena kanpoan eskuratzen ahaleginduko da gaur Athletic, Mallorcan
Etxean lortu ezin duena kanpoan eskuratzen ahaleginduko da gaurAthletic, Mallorcan
HARITZ GALLASTEGI
Bilbo
Joan den sasoian lehiaketaren erdian zituen adina puntu eskuratu gura ditu Athleticek lehen itzulia amaitzeko hiru jardunaldi falta direnerako. 20 puntu lortzeko hiru falta zaizkio Caparrosen taldeari. Ez litzateke puntu kopuru txarra izango, mailari eusteko 42 puntu irabazi behar direla uste baitute taldeko kideek. Gehienetan nahikoa izaten da puntu bat edo bi gutxiagorekin, baina 42 behar omen dira lasai egoteko.
Lau jardunaldi falta direla, Athleticek azken bi denboraldietako markak hobetuko dituela dirudi. Duela bi sasoi 15 punturekin amaitu zuen lehen itzulia. Bigarren itzulia UEFArako txartela ematen duten mailakoa egin behar izan zuen Izarren Ligan jarraitzeko. Clementeri jardunaldi bat sobratu zitzaion, gainera. Aurreko sasoian lehen itzuli «normalagoa» egin zuen talde zuri-gorriak. Egiari zor, sasoi osoa izan zen antzekoa. Lehen itzulian zein bigarrenean 20na puntu batu zituen.
Denboraldion gorako joera mantendu egingo dela dirudi. Oraingo Athleticek konfiantza handiagoa ematen du. Are eta gehiago Amorebietaren adierazpenak entzun ostean. «Lehen itzulia amaitzeko geratzen diren lau partidak irabaz ditzakegu. Aurkariak ez dira gu baino gehiago», esan zuen. Tartean Mallorca eta Sevilla daudela kontuan hartuz gero... Gehiegikeria dirudi, bai. Hala ere, zenbaitetan eskertzekoa da jokalari batek garaipen gosea erakustea. Aspalditxoan adierazpen ezkorrak besterik ez baita entzuten eta futbolari burumakurrak besterik ez baita agertzen Lezamako prentsa aretoan.
Amorebietak esandakoa egia bihurtzeko, lehenik eta behin, Mallorca hartu beharko du mendean Caparrosen taldeak. Baikor egoteko arrazoiak ez dira falta. Oraingoan, gehienetan ez bezala, estatistikak zuri-gorrien aldekoak dira. Athleticek irabazi egin ditu Ono Estadin jokatu dituen azken bi norgehiagokak. Ez da estatistika makala. Izan ere, zenbat aldiz irabazi du Athleticek aurkariaren zelaian bi aldiz jarraian? Gutxitan.
Birritan jarraian gutxitan irabazten du Athleticek, baina aspaldian San Mamesetik urrun eskuratutakoari esker bizi da. Denboraldion ere, lehen itzulian etxetik kanpo etxean baino emaitza hobeak eskuratzen ari da. Beraz, puntu gehiago irabazi ditu. Laugarren garaipenaren bila zelairatuko da.
ESPERIMENTURIK GABEKO HAMAIKAKOA.
Bestalde, Gregorio Manzanok zuzentzen duen taldeak jokatu dituen azken partidek ere ez dute beldur handirik ematen. Ligako azken biak eta Osasunaren aurka Nafarroako Erresuman jokatutako Kopako joanekoa galdu berri ditu Mallorcak. Txarto jokatuta, gainera.
Gauza asko ditu alde Athleticek. Baina ez estatistikek, ez eta aurkarien sasoi txarrak ez dute garaipena bermatzen. Zorionez, bestela Athletic Bigarren Mailako taldea izango litzateke. Zelaian erakutsi behar da zein den onena. Eta Mallorcak baliabide asko ditu. Erasoan batez ere: Guiza, Ibagaza, Jonas eta Arango, besteak beste, jokalari onak dira. Horrelako jokalariekin errazagoa da bolada txarra amaitzea.
Mallorca mendean hartzeko duela bi aste Mestallan garaipena eman zion joko sistemaren alde egingo du entrenatzaile zuri-gorriak. Oraingoan ez du esperimenturik egingo. Andoni Iraola eskuin hegalera bueltatuko da. Haren aurretik David Lopezek jokatuko du, eta Igor Gabilondok, azken jardunaldietan bikain jokatzen ari baita, merezi duen postua berreskuratuko du ezker hegalean. Deialdiari dagokionez, Exposito, Velez eta Susaeta dira nobedadeak. Era bateko eta besteko arrazoiak tarteko, Orbaiz, Murillo eta Aduriz etxean gelditu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu