Erabakiak hartzeko ordua

Denboraldi honetan egindakoaren inguruko hausnarketa egin, eta erabakiak hartu behar dituzte Osasunako arduradunek. Zigandak eta jokalari batzuek ez dakite jarraituko duten.

2008ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Amaitu da denboraldia, eta gogoeta egiteko garaia da. Osasunak ez du denboraldi txukunik egin, eta azken unera arte sufritu dute gorritxoek mailari eusteko. Jose Angel Zigandaren etorkizuna ere ez dago batere argi, ondorioz. Entrenatzaile nafarrak bere hutsak aitortu zituen atzo, baina jarraitzeko gogoz azaldu zen. Erabakia Patxi Izko presidentearen esku dago orain. Denboraldian gertatutakoa ondo aztertu, eta zirt edo zart egiteko ordua da.

Fitxaketen ekarpena

2007-2008ko denboraldia aztertzeko orduan, Osasunak taldea ia guztiz eraberritu zuela ahazterik ez dago. «Futbolean taldea egitea da zailena; jokalariekin bloke bat osatzea da gakoa. Eta guk zelai erditik aurrerako jokalari guztiak aldatu behar izan genituen. Jokalari iritsi berriek denbora behar izaten dute taldera egokitzeko, eta ulertzekoak dira golak sartzeko izan ditugun arazoak. Ez dut uste fitxaketak egiteko orduan tronpatu ginenik, baina aldaketa gehiegi izan ziren. Aldaketa gutxiagoko denboraldi batean hobeto moldatuko ziren taldera, baina sasoi honetan denak ziren berriak», gogorarazi zuen atzo Zigandak. Milosevic, Raul Garcia, Valdo, David Lopez, Soldado eta Webo ia ezinbestekoak ziren Zigandaren lehen urtean, eta udan denek alde egin zuten. Pandiani, Portillo, Javi Garcia, Margairaz, Vela, Hugo Viana, Dady, Plasil eta enparauentzat lan zaila zen haiek ordezkatzea. Eta Dady, Vela eta Plasil izan ezik, beste guztiek kale egin dute -Vela Arsenalera itzuliko da; Plasilek Italiako kluben interesa bereganatu du; eta Dady gertutik zaindu dute Premier Leagueko talde batzuk-. Hargatik, gazteenek hobera egiteko tarte handia dute: Margairazek eta Portillok, esaterako. Hugo Viana utzita aritu da, eta ez dirudi taldean jarraituko duenik. Javi Garcia Real Madrilera itzuliko da, Osasunari 1,5 milioi euro utzita. Pandianik eman du denboraldiko ustekabeko txarrena. UEFA Kopako golegile nagusia izan zen Espanyolekin, eta 20 gol agindu zituen udan. Bi besterik ez du sartu, ordea, eta sasoi eskasa erakutsi du, gainera. Beste bi urterako kontratua du, baina haren etorkizuna Osasunatik at egon daiteke. Eta, azkenik, neguan iritsitako Martin Astudillo dago: Alaveseko kapitain ohia fitxatzeko, Gasteizko taldeari 600.000 euro ordaindu beharko dizkio Osasunak, eta azken txanpan jokalari garrantzitsua izan den arren, haren adinak eta fitxak ez dute akordioa errazten. Erabakia ez dago hartuta.

Harrobiko jokalariak

Fitxatu berriek aparteko ekarpenik egin ez duten arren, Zigandak gauza on dezente ikusi dizkio taldeari sasoi honetan: «Bigarren itzulian, taldeak argi erakutsi du bere aldeko apustua egin daitekela. Talde sendoa izan gara bigarren itzulian; serio eta gogor lehiatu gara, eta aurkariek asko sufritu dute gurekin. Golak sartzea falta izan zaigu, erasoan min handiagoa egitea, baina uste dut talde honekin etorkizunerako talde honekin baikor izateko arrazoiak badaudela. 20 edo 22 urteko jokalari dezente ditugu, eta alde egiten ez badute, hemendik bizpahiru denboralditara egongo dira onenean. Datorren denboraldian ez gara ezerezetik hasiko; sasoi honetako lanak balio digu. Hobetu beharreko gauzak badira, batik bat erasoan, baina gauza on asko erakutsi du taldeak, eta besteak beste Azpilikueta, Monreal, Plasil, Nekunam eta Sola jokalariei taldean eustea da gakoa orain». Zalantzarik gabe denboraldiko ustekaberik gozoenak harrobiko jokalariek eman dituzte, bai. Azpilikueta eta Monreal Ligako hegaletako defentsarik gazteenetakoak dira, eta sasoi bikaina egin dute. Kike Sola aurrelariak ere izan du berea sasoi honetan, eta Miguel Flañok ere aurrerapausoa eman du defentsaren erdian. Dena dela, Izquierdo, Javier Flaño, Igotz Garde -sasoi osoan minutu bakar bat jokatu ez duen jokalari bakarra- eta Erize -Malagan utzita ari da, eta gutxi jokatu du han ere- ez dira lehen taldean finkatu. Puñal, Josetxo eta Krutxaga kapitainak, azkenik, ohi bezala aritu dira: ondo. Une zailenetan ez dira ezkutatu, eta Puñalek eta Josetxok gorabehera gehiago izan duten arren, Krutxagak aspaldiko urterik onena egin du. Datorren denboraldian ere taldean izango dira hiru beteranoak.

Joan-etorriak

Izquierdori eta Eliari kontratua amaituko zaie eta ez diete segitzeko eskaintzarik egingo. Krutxagari ere kontratua amaituko zaio, baina kapitainak jarraitu egingo duela dirudi. Hargatik, jokalari gehiegok utz dezakete kluba. Monrealek, Azpilikuetak eta Solak ikusmina sortu dute, eta baliteke klubez aldatzeko eskaintzaren bat jasotzea. Vela, Javi Garcia eta Hugo Viana ez dira Osasunan izango datorren denboraldian, eta Astudillorekin ere beste hainbeste gerta daiteke. Corralesek oso gutxi jokatu du, eta klubak ezker hegalekoak alde egiterik nahi ez duen arren, jokalariak alderantzizkoa pentsa dezake. Hurrengo sasoiari begira ere aldaketa dezente izan daiteke, beraz. Joango direenak ordezkatzeko jokalarien bila hasia da Osasuna, eta oraingoz Elia ordezkatuko duten atezaina da aurreratuena dagoen fitxaketa: Sporting taldeko atezain Roberto da aukeratutakoa. 29 urte ditu atezain galiziarrak, eta Ricardo beteranoa Eliak baino estuago hartuko du. Varsoviako Legian utzita aritu den erdiko atzelaria ere, Iñaki Astiz, Osasunara itzuliko dela dirudi. Baina oraingoz beste mugimendurik ez dute jakinarazi Osasunako arduradunek.

Gauza onak eta txarrak

Taldearen gauza onak eta txarrak azaltzeko eskatu ziotenean, Zigandak argi hitz egin zuen: defentsako sendotasuna, eta gazteen ekarpena aipatu zituen gauza onen artean, eta geldikako jokaldietan eta estrategian min egiteko gaitasuna galtzeaz gain, fisikoki indarra galdu izana eta golak sartzeko zailtasuna ere aipatu zituen gauza txarren artean. Ligan gol gutxien jasotako seigarren taldea izan da Osasuna. 44 gol sartu dizkiote, Real Madrili 36, Vila-reali 40, Racingi 41, eta Athletici eta Bartzelonari 43. Horretan ez dago kexarik. Golak sartzeko orduan, ordea, oso talde gutxi izan dira Osasuna baino eskasagoak: 37 gol sartu ditu, Murtziak 36, eta Levantek 33.

Entrenatzailearen autokritika

Sasoi osoan bi partida jarraian irabazi ez dituen taldea izanik, eta azken sei partidetatik bost galduta, mailari eustea ez da gutxi, baina Zigandak gauza onak bezala gauza txarrak ere onartu zituen. Eta autokritika apur bat ere egin zuen: «Seguru nago gauzak hobeto egin daitezkeela, eta autokritika apur bat egin beharrean gaude denok. Adibidez, uste dut nire errua dela taldeak bi aurrelarirekin ondo jokatzea lortu ez izana. Etxeko partidetan gutxienez bi aurrelarirekin jokatzea zen normalena, baina ez nuen lortzen bi aurrelarirekin taldeak funtzionatzea, eta hori ez da aurrelarien errua bakarrik».

Zigandak jarraitu egin nahi du

Bere hutsak onartu arren, datorren denboraldian ere Osasuna zuzentzen jarraitu nahi du Zigandak, dena dela: «Presidenteak lehen taldea zuzentzeko aukera eman zidanean, pozik onartu nuen, eta orain nik taldea uztea erabakitzen badute ere ulertuko dut eta bostekoa emango diet. Iragan sasoian presidenteak bi urtez luzatu nahi zidan kontratua, eta urtetik urtera bilduko ginela esan nion. Ekainaren 30a arte daukat kontratua, baina onartu beharra daukat jarraitu nahiko nukeela. Uste dut klubari komeni zaiola lehenbailehen jakitea entrenatzailea nor izango den, baina gauzak argi ez badituzte, bada, ez dituzte. Osasunako zuzendariek gauzak ondo pentsatzen dituzte, eta hartzen duten erabakia zuzena izango da, seguru».

Trantsizio denboraldi honen ostean datorren denboraldian gauza politak egin daitezkeela uste du Zigandak, baina badaki zale batzuek bera ez dutela nahi, Ligako azken txanpa gorabeheratsuaren ondoren: «Zaleek agian beste zerbait nahiko dute, ez dakit, prentsaurrekoak eman aurretik esaldi borobilak eta pertsonaia ezagunen aipuak prestatzen dituzten horietakoren bat agian, baina ni ez naiz horrelakoa. Tarteka madarikazio batzuk botatzen dituen entrenatzaile alaiagoa nahiko dute, baina nafarrak ez gara horrelakoak». Datorren denboraldian Juanfran edo Plasil sasoi honetan baino jokalari hobeak izango diren bezala, Ziganda ere entrenatzaile hobea izango da. Eskarmentua da gakoa, eta bi urte hauetan asko ikasi du Larraintzarkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.