Erabateko ezjakintasuna

Japoniako Sari Nagusia jokatuko da bihar goizean; pilotuek ez dute entrenamendurik egin aurten Motegin

unai zubeldia
Donostia
2009ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Begiak itxita oinez nola, horrela hasi ziren pilotuak atzo lanean Motegiko zirkuituan, Japonian. Munduko Txapelketako bigarren proba jokatuko dute bihar han, baina pilotuentzat bigarren hau ere ez da izango eroso-erosoa. Lehen proba, Qatarrekoa, gauez jokatu zuten, eta gurpilak ohi baino askoz tenperatura baxuagoan egoten dira horrelakoetan; baita zirkuitua bera ere. Horregatik pilotuek ez diote garrantzirik eman nahi izaten lehen proba horri.

Baina Japoniako Sari Nagusia ere arriskutsua da. Pilotuek ez dute entrenamendu bakar bat ere egin denboraldi-aurrean Motegin, eta ikusi egin beharko da nola egokitzen diren Bridgestone gurpiletara. Valentino Rossik (Yamaha) Motegin oso oroitzapen onak dauzkala onartu du aste honetan, joan den denboraldian Japoniako Sari Nagusian gailenduta irabazi baitzuen txapelketa -aurten, berriz ere, txapelketaren hasierara pasatu dute proba-. «Entrenamenduetan arazo batzuk eduki genituen arren, lasterketa hartan den-dena ondo egin genuen».

Stoner, konfiantzaz beteta

Italiarra ez, Casey Stoner australiarra (Ducati) da, ordea, txapelketako liderra. Nagusitasunez irabazi zuen Qatarren, eta gurpil berrien erantzunarekin arduratuta dagoen arren, erabateko konfiantza dauka buru-buruan jarraitzeko. «Bridgestonek lasterketa ondo prestatuko zuela espero dut. Gu, behintzat, gustura gaude motoaren erantzunarekin». Horregatik da hain arriskutsua australiarra. Horregatik, eta Motegin maila guztietan igo delako podiumera. 2003an bigarren izan zen 125 cc-ko proban, 2005ean hirugarren 250ekoan, eta iaz bigarren MotoGPn. Oso pista zabala da Japoniakoa, «autoentzat egokiagoa», eta asko galgatu beharrekoa. Egoera horretan, Rossi eta Stoner baino koska bat beherago daude Jorge Lorenzo (Yamaha) eta Dani Pedrosa (Honda). Azken hori, gainera, ez da erabat osatu lesionatuta daukan hankatik.

Efren Vazquezek, berriz, Qatarreko 17. postua hobetu nahiko du. Euriak eraginda, bertan behera geratu zen proba laugarren itzulian, eta «sentipen onak» izan zituela esan zuen; sentipen on horiek errealitate bihurtzen saiatuko da Japonian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.