Aldaketa sasoia da Athleticen. Futbola aldatzen ari da, baita talde zuri-gorria ere. Egun ez da nahikoa emaitza onekin. Egun ezinbestekoa da egiten dena behar den moduan saltzea. Edo bestela, ikuskizuna eman behar da. Zaleak ez dira konformatzen bere herriko taldea lan ona egiten ikustearekin. Gehiago eskatzen dute. Gehiago behar dute. Futbola beste edozein ikuskizun bezala hartzen da eta. Zaleak dibertitzera joaten dira zelaira. Eta ikuskizuna ona ez bada, ordaintzen duena kexatu egiten da. Ikuskizuna eta garaipenak uztartu behar dira, beraz. Bestela ez du balio. Horrela ez balitz, ezinezkoa litzateke nekez hobetu daitekeen sailkapena lortu eta txistuak entzutea. Hori gertatu zitzaion Joaquin Caparrosi joan den sasoiaren amaieran. Beharbada Bartzelonaren eta Espainiako selekzioaren joko bikainak eta emaitza apartek ekarri duten ondorio negatiboa izan da.
Iragan denboraldiaren amaieran hauteskundeak egin izan ez balira, azken lau urteetako formularekin jarraituko luke talde zuri-gorriak. Fernando Garcia Macua izango litzateke presidentea, eta Caparros entrenatzailea. Bakoitzak bere arloan antzeko ezaugarriak zituzten lagun bi ziren: kudeaketa grisa baina eraginkorra. Abokatu bilbotarrak presidente kargua hartu zuenean klubari falta zitzaion egonkortasuna eman zion. Hori bai, sekula ez zen bazkideen gustukoa izan. Ez zuen asmatu bere burua saltzerako orduan. Caparrosek hobeto saltzen zuen bere burua, baina ez zen nahikoa izan. Emaitza oso onak lortu arren, arrakastara ailegatzeko egindako bidearekin ez ziren konforme Katedraleko eserlekuen jabeak. Neurketa askotan aspertzeaz gain, partida askotan eskuratutako garaipenak zorte apur batekin lortutakoak izan ziren irudipenarekin utzi zituzten harmailak.
Caparrosen proposamena eraginkorra izan zen, baina ez zen erakargarria. Hortaz jabetuta, Josu Urrutiak eta haren lantaldeak ez zuten denbora asko behar izan San Mameseko besaulkira ailegatzeko giltzetako bat aurkitzeko. Joko landua eta erakargarria eskaintzeko gai izango zen goi mailako entrenatzaile bat fitxatzeko premia ikusi zuten. Ernesto Valverde izan zen lehen aukera. Baina gasteiztarrak Grezian jarraitzea erabaki zuen. Lehen aukerak kale egin ondoren, Marcelo Bielsa konbentzitzen ahalegintzea pentsatu zuten. Baita lortu ere. Loco-a are gehiago erotu zen Urrutiak kontatu zionarekin. Baiezkoa emateaz gain, egun futbolean gutxitan ikusten den konpromisoa erakutsi zuen entrenatzaileak. Milango Interrek bere atea jo arren, talde ertain baten presidente izateko hautagai baino ez zen lagun bati emandako hitza betetzea erabaki zuen. Bielsaren hitzak asko balio duela ikusi zen. Bada, bera da 2011-12ko denboraldiko Athleticen izarra. Zuri-gorrien galaktikoa. Futbol munduak miresten duen entrenatzailea da.
Bielsak goitik behera aldatu du Athleticen jokatzeko era. Joko sistema eta hamaikakoa alda ditzake, baina bere taldeek ezaugarri bi dituzte beti: joko landuaren aldeko apustu garbia batetik, eta presio aurreratua bestetik. Athleticeko jokalariek beste aukerarik ez dutenean daukate baimena baloia gainetik kentzeko. Eta jokatzeko modu horretan pisu handia izango du zuri-gorrien fitxaketa bakarrak. Ander Herrera izango baita zuri-gorrien zutabe nagusietako bat. Zaragozako euskarri ohiak erakutsi du dagoeneko baloiaren jabe denean gauza on asko egiteko gai dela. Nortasuna ere badauka, gainera. Herrerarekin batera, Caparrosen taldean pisu gutxi zuen Iturraspek ere protagonismoa hartu du. Toquerok eta Susaetak, berriz, galdu. Eta, neurri batean, Fernando Llorentek ere bai. Orain ez baita erasoko joko guztia errioxarraren inguruan sortuko. Estilo aldaketaren ondorioak dira. Baina Athletici asko falta zaio oraindik eraginkorra izateko. Erasoan zerbait falta zaio aurkariaren area ingurura gerturatzen denean—ez du minik egiten— eta baloia galtzen duenean zulo handiak lagatzen ditu atzealdean.
Denbora falta zaio
Denbora beharko du Bielsak azken lau urteetan berak gustuko duen jokoaren kontrakoa egin duen taldea itxuraldatzeko. Eta denbora da falta zaiona, hain zuzen ere. Dagoeneko ate joka baitago Europako Ligako atarikoa. Etzi jokatuko du joaneko partida. Trabzonsporren aurka asko dauka jokoan talde bizkaitarrak: kirol arloan, ligaxka jokatzeko aukera emango lioke etzi hasiko den kanporaketa gainditzeak; arlo ekonomikoan, diru sarrera garrantzitsuak bermatuko lituzke aurrera egiteak; eta, gainera, giroa lasai mantentzen lagunduko luke, jakinekoa baita emaitzak txarrak direnean urduritu egiten dela ingurua. Baina ez da erraza izango aurrera egitea.
Bielsak gauza on asko dituela erakutsi du, ez da asmatzen erabaki guztietan. Taldea kudeatzerako orduan hartzen ari den erabaki batzuek eztabaida sortu dute. Gustuko ez dituen futbolariekin izaten ari den jarrera da kritika gehien jaso duen kontua. Athleticen dohain nagusietako bat aldagelako batasuna izan da, eta ez dirudi erabaki egokiena denik zenbait jokalari aparte entrenatzen jartzea. Bilbon lurreratu bezain pronto zortzi jokalari alboratu zituen, eta azken astean beste hiru: Ocio, Ustaritz eta baita Orbaiz ere —ez ditu begi aurrean ikusi ere egin gura—. Ez dirudi erabaki aproposena. Jokalari gustukoak ez izatea gauza bat da, eta alboratzea da beste bat. Gauzak beste era batera egin daitezkeela, alegia. Baina Bielsa berezia da, onerako zein txarrerako.
Azkenik, Aritz Adurizen bigarren itzulerarekin amets egiten zuen athleticzaleak kendu dezala ideia hori burutik. Valentziak ez dio irteten utzi gura. Hori jakinda, normala izan da entrenatzaileak adierazi izana ez duela jokalaririk gura.
Espainiako Liga. Euskal taldeak: Athletic
Eraginkorra eta ikusgarria
Emaitza onak lortuta ez direla ase erakutsi dute Athleticeko zaleek, eta azken sasoietan baino joko hobea ikusi gura dutelaMarcelo Bielsa eta Ander Herrera fitxatu berriek ikusmin handia sortu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu