Eraginkorragoa izan delako irabazi dio Levantek Realari (3-0)

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Realak gauza asko egin zituen ondo, atzo, Levante hirugarren sailkatuaren etxean. Lotsagabe presionatu zuen, ausart atera zen erasora, eta dozena erdi pasa aukera sortu zituen. Baina Gonzalo Arkonadak zuzendutako taldeak ez zuen Paralutaren atearen aurrean asmatu. Levante, ordea, eraginkorragoa izan zen, eta hirutan zulatu zuen Quiñonesen atea. Lehen Mailako sailkapeneko hirugarren postuan sendotu da, eta zortzi puntu ateratzen dizkio Realari, bosgarrenari, Valentziara azkeneko lau partidak irabazita bidaiatu zuenari.

Eta konfiantza handiarekin ekin zion lehiari Realak. Levantek kalitate handia du —Banini, Esther...—, baina Eizagirre eta Baños gola sartzekotan izan ziren lehen ordu laurdenean. Sartu zuena Levante izan zen, Zornoza Realeko jokalari ohiak area kanpotik jaurtiketa bikaina egin zuenean. 430 minuturen ondoren gol bat jaso zuen Quiñonesek.

Realak, halere, berdin jarraitu zuen. Latorre arrisku handia ari zen sortzen ezker hegaletik, eta gainontzeko erasoko jokalariak ere erraz ari ziren areara iristen. Horietako barnealdi batean Kiana Palaciosek aukera on bat eduki zuen. Baita Marya Pryk zuzendutako taldeak ere, atsedenaldira iritsi aurretik, Baniniren eta Navarroren bidez. Quiñonesek ondo erantzun zien bi jaurtiketei.

Txuri-urdinek aurrera begira jarraitu zuten aldagelatik bueltan. Cardonak Eizagirre ordezkatu zuen, eta, horrenbestez, Arkonadak aldaketa taktiko bat egin zuen, Levantekbezala hiru erdiko atzelarirekin jokatzeko. Latorrek Paraluta beldurtu zuen, baina 50. eta 60. minutuen artean Levante izan zen golak egin zituena, Onaren eta Jucinararen bidez. Reala apur bat abaildu zen orduan, eta Arkonadak Nahikari golegilea bera ordezkatu zuen 75. minutuan.

Athletic, gaur, Madrilen

Athleticek Madrilen etxean jokatuko du gaur (12:00), eta Angel Villacampa entrenatzaileak lanak eduki ditu deialdia osatzeko. Izan jokalari batzuk min hartuta daudelako —Correa, Unzue, Ibañez—, izan aste honetan beste batzuk gaixotu direlako —De la Nava, Zarate, Alvarez, Gimbert—, prestatzaileak bigarren taldeko Sarriegi eta Ogiza deitu behar izan ditu. Seigarren da Athletic, eta puntu bakarrera dauka Reala.

Madril, bestalde, sailkapenaren behealdean dago, eta jaitsiera postuak puntu bakarrera dauzka. Villacampak atzo adierazi zuenez, ordea, Madrilen plantillak «zerikusirik» ez du denboraldi hasierakoarekin. «Nazioarteko jokalariekin indartu da». Athleticen entrenatzailearen iritziz, partida «detaile txikietan» erabakiko da. Horregatik, ahalik eta «hutsegite gutxien» egitea izango da Athleticeko jokalarien helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.