Valladolid 1-4 Athletic

Eraginkortasunari esker, sekulako garaipena

Athleticek astindua eman dio Valladolidi haren etxean, atearen aurrean asmatu egin duelako. Etxekoak erraz iritsi dira zuri-gorrien areara, baina ez dira fin ibili errematean. Athleticen goletako bi Unai Lopezek eta Raul Garciak sartu dituzte, lehen zatian, eta, partida amaieratik gertu zela, Williamsek eta Cordobak emaitza biribildu dute. 

jarraia178570.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 8a
16:20
Entzun

Athleticek atearen aurrean asmatu egin du Valladoliden, eta astindua eman dio etxeko taldeari (1-4). Horixe izan da bi taldeen arteko ezberdintasuna gaur, Valladolidek zuri-gorriek baino jaurtiketa gehiago egin baititu. Gaizka Garitanoren taldea ondo hasi da, Unai Lopezek falta batean gol ederra sartu baitu laugarren minutuan. 

Erdiko bi atzelari atera ditu gaur Garitanok; Lekue eta Yuri zituzten hegaletan Yerayk eta Iñigo Martinezek. Unai Lopez eta Oihan Sancet ere hamaikakoan izan dira, eta Muniaini, berriz, atseden eman dio entrenatzaileak bigarren zatiko 75. minutura arte. Aldeko golarekin, Athleticek ez du asmatu Valladoliden erasoko hasiera geratzen. Atzelariak nahieran ibili dira sormen horretan, eta oso erraz gainditu dute zuri-gorrien defentsako jarduna. Hegaletatik eta erditik, erraz iristen hasi da Valladolid Athleticen areara, baina batere eraginkortasunik gabe. 

Raul Garciak 24. minutuan izan duena falta izan zaio etxeko taldeari. Nafarrak bigarren gola sartu du, buruz, ezker hegaletik Cordobak egindako erdiraketa ona baliatuz. Bi golen aldearekin ere ez da aldatu egoera, eta Valladolidek errazegi heltzen jarraitu du Unai Simonen areara. Asmatzearena beste kontu bat izan da, ordea.

Bigarren zatian antzeko argazkia atera ahal izan zaio partidari: etxekoak erasoan eta Athletic atzean jarrita, asko behartu gabe Valladoliden erasoko jokoaren hasiera. Distirarik gabe segi eta segi aritu dira etxekoak, Sandroren area kanpoko jaurtiketa zitalak saria eman dien arte, 76. minutuan. Etxekoen sua eta grina espero zitezkeen partida berdintzeko, baina asko ez dute estutu Garitanoren taldea. Gainera, bi opari egin ditu Salisu erdiko atzelariak partidaren azkenera, eta Williamsek (87. minutuan) eta Cordobak (93. ean) ez dute barkatu: Athleticen gaurko eraginkortasuna biribildu dute. Bigarren garaipena dute segidan zuri-gorriek. 

FITXA

Valladolid 1: Masip; JoaquIn, Kiko Olivas, Salisu; Pedro
Porro, Alcaraz (Toni Villa, 60. min.), Michel (Hervias, 46. min.), Nacho;
Oscar Plano (Ben Arfa, 77. min.), Sandro; eta Unal.

Athletic 4: Unai Simon; Lekue, Yeray, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez (Vesga, 53. min.); Williams (Aduriz,
88. min.), Oihan Sancet (Muniain, 75. min.), Cordoba; eta Raul García.

Golak: 0-1: Unai Lopezel (4. min.). 0-2: Raul Garciak (24. min.). 1-2: 
Sandrok (76. min.). 1-3: Williamsek (87. min.). 1-4: Cordobak (93. min.).

Epailea:  Munuera Montero. Txartel horiak: Valladolideko Ben Arfari; eta Athleticeko Unai
Lopez eta Raúl Garciari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.