Frantziako Tourra

Erakustaldia eman du Majkak

Eguneko ihesaldia helmugaraino eramanda, poloniarrak irabazi du Risoul gainean.

Majka, helmugara iritsi berritan. KIM LUDBROOK / EFE
jon eskudero
2014ko uztailaren 19a
17:53
Entzun

Amaitu dira Alpeak, eta nola amaitu ere. Rafal Majkarentzat (Tinkoff), batez ere. Eguneko ihesaldia helmugaraino emanda, Risoul gainean etapa garaipena lortu baitzuen atzo 24 urteko poloniarrak. Ez zuen asko pentsatu Tour hasieran hori egingo zuenik. Italiako Giroan parte hartu ondoren, ez baitzuen Frantziara joateko asmorik, eta taldeak hala agindu zionean, sekulakoak esan zituen zuzendaritzakoengatik. Bada, barkamena eskatu beharrean izango da orain. Herenegun hanka onak erakutsi zituen, eta atzo handia egin zuen. Ihesaldiko txirrindularirik indartsuena izan zen, eta, une batean, atzekoek jango zutela bazirudien ere, ez zenhalakorik gertatu. Jaun eta jabe izan, eta profesionaletako lehen garaipena eskuratu zuen Majkak.

Faboritoei dagokionez, usteak baieztatu egin ziren. Vincenzo Nibalik (Astana) sendotu egin zuen lidergoa, Jean Christophe Peraudekin (Ag2r) helmugaratu baitzen, irabazlearengadik minutu erdira. Nahi erara aritu zen, berriz ere, italiarra, eta aurkariak baino gehiago erakutsi zuen. Bikote horren atzetik heldu ziren gainerako faborito guztiak, eta amaierako kilometroan atzera geratu zen Alejandro Valverde (Movistar). Halere, sailkapen nagusiko bigarren postuari eutsi zion. 29 segundoren barruan daude Valverde bera, Romain Bardet (Ag2r) eta Thibaut Pinot (FDJ). Frantziarrek indartsu segitzen dute. Atzoko galtzaile nagusiak, berriz, Jurgen Van den Broeck (BMC), Rui Costa (Lampre) eta Michael Kwiatkowski (Omega) izan ziren, atzera geratu baitziren nabarmen.

Euskaldunen lana ere goraipatzekoa izan zen. Mikel Nieve (Sky) eguneko ihesaldian sartu zen, baina ez zuen nahi bezalako pedal kolperik izan. Azken mendatean Majkari jarraitu ezinda geratu zen. Haimar Zubeldiak (Trek), bere aldetik, lan aparta egin zuen, eta Valverderen taldetxoan helmugaratu zen, bi minutu pasatxora. Aurrera egin zuen usurbildarrak. Hamabigarren dago orain sailkapen nagusian. Ion Izagirrek (Movistar) ere mendian aspaldi egin duen etaparik onena osatu zuen.

Alpeak amaituta, Pirinioei begira geratuko dira faborito nagusiak. gaur etapa lasaia izango du tropelak. Talard eta Nimes arteko bidea egin beharko du, 222 kilometrokoa, eta, ondo bidean, esprintean amaituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.