Erantzunez adiskidetu

Mamu guztiak uxatu nahi ditu Realak Rayori irabaziz, eta pauso sendoa eman lasaitasunerantz

Donostia
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Txapelketaren hasierako zurrunbilo arriskutsua berriz azaldu da txuri-urdinen ikusmiran. Ez hainbeste hiru partida segidan galdu dituelako edo Santiago Bernabeun bost gol sartu zizkiotelako aurreko jardunaldian, galtzeko moduagatik baizik. Horrek utzi du arrastoa. Batik bat, Philippe Montanierren lanaren sinesgarritasunari eragin dio. Horregatik izan dira azken egunak hain zalapartatsuak Zubieta inguruan. Itxura kaskarrak areagotu du emaitza txarrek berez izan duten ondorioa, larria ez behintzat, azpitik datozen taldeek puntu bakarra jan baitiote. Anoetako berotasunera itzuliko da Reala, partida irabazteko helburu bakarrarekin, gauzak bere onera itzul daitezen, zarata isiltzeko.

Entrenatzaileak apirilean lortu nahi du helburua. Azken asteetako urduritasunetatik kanpo egotea baliotsua litzateke oso, eta apustu ederra bota die jokalariei: hamabi puntu batzea ondorengo sei jardunaldietan. Horietatik lau etxean jokatuko dituzte gipuzkoarrek, aurkari zuzenen kontra gainera. Lehena Rayo Vallecano, polit antzean ari den talde arriskutsua. Madrildarrak ez dira garai batean bezain lotsati eta ahulak Vallecasko plazatik urrun, eta benetan min egiten dakitenak direla erakutsi dute. Zenbakiak urratuz gero, Real Madril, Bartzelona eta Valentziaren ondotik beste inork baino gehiago batu dutenak dira, bost garaipen eta hiru berdinketari esker. Getafe, Betis, Granada, Zaragoza eta Levanteren zelaietatik atera dira gailen. Iruñean, Santanderren eta Bilbon, berriz, puntu bat lortu zuten.

Realaren tankerako taldeak izanik ia horiek guztiak, Philippe Montanierrek argi utzi zuen lana galanki egin beharko zutela irabazle ateratzeko. «Oreka berreskuratu behar dugu eta eraginkorrago, gogorrago eta zorrotzagoak izan zelaiaren alde bakoitzean. Bizitasun handiagoarekin eta arreta galdu gabe. Rayo Vallecano erasoan oso trebea izanik, defentsa lan ona beharko dugu egin derrigorrean». Michu eta Diego Costa golegileen izena entzuten da besteen gainetik. 19 gol sartu dituzte bien artean. Bada zerbait.

Futbolarien erantzunaren zain Anoetan bilduko diren hogeitaka mila ikusleen portaerak ere zerikusia izango du emaitzan. Aldagelako hainbat ordezkarik haien berotasun eta gertutasuna eskatu dute, jakinik betiere eurei dagokiela halakorik ahalbidetzea. «Ziur naiz zaleak gure alboan izango ditugula neurketa osoan» adierazi du aste honetan Xabi Prietok. «Benetan behar ditugu. Ezinbestekoa izango da haien laguntza. Multzoko gehienak etxekoak izanik, gogo onez hartuko dituzte. Ez daukat zalantzarik», erantsi du Montanierrek.

Bolada ona etxean

Levanteren kontra muturrekoa hartu arren, norabide zuzena zeramaten txuri-urdinek etxean, aurkariak baino gauza gehiago ongi eginez. Sporting, Sevilla, Mallorca eta Zaragoza menderatu zituen segidan. Zerbaitegatik izango zen, eta ez ahaztea komeni, ziurtasunak zalantzak uxatzeko.

Santiago Bernabeuko planteamendu otzana albo batera utziz, bere liburuxkari helduko dio Montanierrek taldearen marrazkia egitean. 4-3-3 joko sistemaren barruan, Estrada itzuliko da eskuin hegalera. Demidovek eta Iñigo Martinezek osatuko dute erdiko bikoa. Launa txartel hori dituztenez, argi ibili beharko dute, eta ezkerraldean Cadamuro eta De la Bella ariko dira lehian.

Jokoa olioztatzeko ardura Illarramendik, Aranburuk eta Zurutuzak izango dute. Aurreratuenak, azkenik, Vela, Griezmann eta Agirretxe izango dira. Mikel Gonzalez eta Markel izan ezik, gainontzeko guztiak bere aginduetara izan ditu entrenatzaileak Rayoren aurkakoa ganoraz prestatzeko. Elustondo, Estrada eta Zubikarai itzuli ziren zerrendara, Gonzalez, Toño Ramirez eta Diego Ifranen ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.