Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Eraso egin ala ez, hori da auzia

Alpeetan oldarkor jokatuko duela esan du Alberto Contadorrek; beste hautagaiak, berriz, zain egongo dira

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Alpe erraldoien itzala ikus dezakete dagoeneko Tourreko parte hartzaileek. Etzi eta larunbatean bi eguneko kalbarioa igaroko dute. Galibier eta Alpe d'Huez izango dira ziurrenik irabazlea zein izango den erabakiko duten epaileak. Atzoko atseden egunean faborito handi guztiek aztertu zituzten euren aukerak, eta Alberto Contador (Saxo Bank) izan zen erasokor ibiliko dela aurreratu zuen bakarra.

«Alpeetara iristeko irrikan nago, dena has dadin», onartu zuen azken hiru urteetako txapeldunak. Zale guztiak begira dituela jakitun, eta belauneko kolpeak hobera egin dioenez, «beste modu batera» jokatzera behartuta dagoela azaldu zuen. «Pirinioetan baino hobeto nago, baina ahal izan banu, han joko nuen erasoa. Ez dut Giroko freskotasunik, hankak ez daude hain ondo, baina Tour hau erronka bilakatu da». Aldarria garbia da: eraso egitea, hala aitortu zuen Bjarne Riis Saxo Bankeko zuzendariak. «Aldea murrizteko eraso egin behar dugula badakigu. Alberto hobeto dago, eta baikor nago».

Parean izango du Andy Schleck, edo schlektarrak hobeto esanda, gazteenak etxera begiratu baitzuen Tourreko irabazleari buruz aritzean, eta argi utzi zuen bata bestearen alde sakrifikatzeko prest daudela. «Anaia edo ni egongo gara Parisko podiumean, biak ez. Hori bai, igotzen dena horiz igoko da. Ez dugu bigarren eta hirugarren izan nahi, hobe da batek irabaztea eta bestea hogeigarren izatea». Alpeetan, halere, ez dute burua galduko. «Sentipenen arabera ikusiko dugu, ez zait gustatzen etapa baten aurretik ideia oso finko batekin ibiltzea».

Cadel Evansek ere zuhur jokatuko du (BMC), badakielako larunbateko erlojupekoa ondo egokitzen dela bere ezaugarrietara. «Eraso guztiak kontrolatuko ditut, baina oso garbi ikusi ezean ez dut iniziatibarik hartuko. Ez ditut schlecktarrak gainean eramango, azken metroetan errematea jo diezadaten». Azken egunetan Samuel Sanchezek gora egin du (Euskaltel-Euskadi), eta askok sartu dute itzulia irabazteko hautagaien multzoan, berak aurkakoa pentsatu arren. «Nik ezin dut Tourra irabazi, aldea handiegia da. Nahiago dut beste etapa bat irabazi, podiuma baino».

Denek, baina, badakite, lehenbizi, Thomas Voecklerri (Europcar) erantzi beharko diotela elastiko horia, eta ez dela erraza izango. Halere, badirudi liderra bera dela bere aukeretan gutxien sinesten duena. «Badakit Tourra frantziar batek irabaziko duela sinetsi nahi dutela Frantziako zaleek. Baina ez naiz ni izango. Nire aukerak zeintzuk diren? %0. Hautagai nagusia Evans da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.