Ferran Corominasek jantzi du jada Osasunaren elastikoa. 27 urteko aurrelari kataluniarra Iruñeko taldean ariko da sasoia amaitu arte, Espanyolek utzita. Osasunak atzo aurkeztu zuen hasiera batean Juan Francisco Torres Juanfran-ek utzitako hutsunea betetzera datorren jokalaria. Mauricio Pochettino Espanyoleko entrenatzaile denetik jokatzeko aukerarik ez duenez izan, onartu egin du Corominasek Iruñeko taldeak eginiko eskaintza. Sasoi honetan apenas jokatu duen arren, Iruñean jokalari garrantzitsua izatea espero du aurrelariak.
Ligan hiru minututan soilik aritu da Corominas, eta 45 minututan Espainiako Kopan. Hargatik, sasoiko dagoela eta Camachok nahi izanez gero igandean Almerian hasieratik jokatzeko prest dagoela esan zuen atzo aurkezpenean: «Eguberrietan Kataluniako selekzioarekin jokatutako lagunartekoa da jokatu dudan azken partida. Hala ere, ondo entrenatu naiz hilabete hauetan, eta sasoiko nago. Berehala jokatzeko prest nagoela uste dut».
Patxi Izko presidentea eta Angel Martin Gonzalez kirol zuzendaria agertu ziren jokalari kataluniarraren ondoan. Martin Gonzalezen arabera, Corok «alaitasuna» eman diezaioke Osasunaren erasoko jokoari. Horixe espero du Iruñeko klubak harengandik. «Erasoko edozein postutan joka dezake: bi hegaletan, erdi punta lanetan edo aurrelari postuan. Nire ustez, aurrelari peto baten atzetik egin dezake ekarpenik onena, baina hegaletan jokatzen ohituta dago, eta Alvaro Cejudo osatzen den bitartean Juanfranen hutsunea ondo baino hobeto bete dezake», adierazi zuen kirol zuzendariak. Hain zuzen, orain arte Juanfranena zen dortsala izango du Corok elastikoan: 12a. Eta Masud Shojaei Asiako kopatik itzultzen den bitartean Juanfranen tokian joka dezake, eskuin hegaleko erdilariaren tokian. «Ilusio handiarekin nator, gogotsu eta taldeari laguntzeko itxaropenarekin. Asko gustatzen zait Osasuna, Espainiako Liga munduko Ligarik onena da, eta Iruñera etortzeko oso erraz jarri dizkidate gauzak», adierazi zuen jokalariak, Greziako Ligara joateko zituen eskaintzei muzin egin izana arrazoitzeko.
Osasunak eta Espanyolek hitzartutako akordioaren arabera, sasoi amaieran gorritxoek ez dute izangojokalaria erosteko aukerarik. Nolanahi ere, Corok ez du baztertu denboraldia amaituta Iruñean jarraitzea: «Hiriari buruz eta klubari buruz gauza onak soilik esan dizkidate, eta, gauzak ondo eginez gero, aurrerantzean ere hemen geratzeko aukeraz hitz egiteko astia izango dugu, nahiz eta 2012a arteko kontratua dudan Espanyolekin. Gol asko sartu nahi ditut, eta taldeari lagundu».
Osasunara egokitu egin beharko du Corok. Taldekide izandako zenbait jokalarik lagunduko diote zeregin horretan, Walter Pandianik eta Damia Abellak, hain zuzen ere. Damia Gironakoa da, hura bezalaxe, eta Kataluniako selekzioarekin behin baino gehiagotan jokatu dute elkarrekin, azken aldiz Hondurasen aurka 2010eko abenduaren 28an, Nou Campen. Pandiani, berriz, taldekide izan zuen 2005-2006ko eta 2006-2007ko denboraldietan Espanyolen. Azken sasoi horretan UEFA kopako finala jokatu zuten Bartzelonako taldearekin.
Juanfranen ordezkoa berriro
Atzo adierazi ez bazuen ere, Osasunako beste jokalari batekin ere jokatutakoa da Coro, 2003ko 20 urtez azpiko Munduko Kopako Espainiako selekzioan Asier Riesgo atezain gipuzkoarra ere taldekide izan baitzuen. Txapeldunordea izan zen Espainia urte hartan, Brasilen aurkako finala galduta. Selekzio hartan Juanfranen ohiko ordezkoa zen Coro. Osasunan ere Juanfranek utzitako hutsunea bete beharko du.
2003-2004ko denboraldian Javier Clementeren eskutik Espanyolen lehen taldean debuta egin zuenetik Bartzelonako taldearekin jokatutako zazpi denboraldietan hamahiru gol besterik ez ditu egin Ligan Corok. Gol horietako asko, baina, garrantzitsuak izan dira. 2005-2006ko sasoian —Miguel Angel Lotinaren aginduetara— azken partidako luzapeneko minutuetan Realari sartu zion gola, esaterako. Gol hari esker eutsi zion mailari Espanyolek.
Erasoa berpizteko
Espanyolekin beste urtebeterako kontratua badu ere, Ferran Corominasek ez du baztertu sasoia amaituta Osasunan segitzeaAngel Martin Gonzalezen arabera, erasoko postu guztietan joka dezake fitxaketa berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu