Mont Ventoux, Alpe d'Huez, Ax 3 Domaines, Le Semnoz, 65 kilometro bakarrik erlojuaren aurka bakarka, gorabeherak... Asko falta da oraindik 2013ko Frantziako Tourra hasteko, baina igotzaileak erasoka hasi dira dagoeneko. Tropeleko txirrindularirik finenei gustatu zitzaien atzoko aurkezpena, Lance Armstrongen auziari izkin egin zion aurkezpena. Korsikatik abiatuko da datorren urteko Tourra, 100.a; mendiko sei etapa izango ditu, lau amaituko dira mendate pankartapean, eta aurten baino askoz kilometro gutxiago egin beharko dituzte bakarkako lanean. Alpeen magalean, gogorra da, gainera, azken erlojupekoa, 32 kilometrokoa. Igotzaileak pozteko datu bat: lehen, bigarren eta maila bereziko 28 mendate dauzkate zain. Asko da hori.
2013ko ekainaren 29tik uztailaren 21era jokatuko da datorren urteko hiru asteko itzulirik garrantzitsuena. Historian lehen aldiz, Korsikan hasiko da. Bertan jokatuko dira lehen hiru etapak. 1966tik lehen aldiz, ez da aitzin-etaparik izango; 212 kilometro lau dauzka lehenengoak, esprinterako aproposa izango denak, eta gaizto samarrak dira hurrengo biak. Hegazkinean sartu-irtena eginda, 25 kilometroko taldekako erlojupekoa izango dute Nizan, itsasertzean. Pirinioetara gerturatuz joango dira hurrengo hiru etapetan, Marseilla, Montpellier eta Albin amaituko diren etapekin. Haizeak sor ditzake etapa horietan buruhausterik handienak.
Tourraren ohiko jardunari segika, lehen astea bete berritan iritsiko da mendiko lehen etapa serioa, uztailaren 6an, larunbatarekin. Castresetik abiatuko da 8. etapa hori, eta Ax 3 Domaines gogorrean amaituko da. Pailheres igo beharko dute aurretik. Hurrengo etapa, berriz, motza izango da, 165 kilometrokoa, eta Tourmalet handia ibilbidetik kanpo utzi duten arren, min egiteko moduko etapa da; Bagneres de Bigorrera iritsi bitartean, Portet d'Aspet, Mente, Peyresourde, Val Louron-Azet eta La Hourquette d'Ancizan igo beharko dituzte lehen atseden egunaren bezperako etapan, Pirinioetako azkenekoan.
Atseden egunean lehen bederatzi etapetako egurra barneratuta, esprinta eta bakarkako lehen erlojupekoa eskainiko dituzte ondorengo bi etapek, Saint Malon eta Mont Saint Michelen. 33 kilometrokoa da erlojupeko hori, eta, Normandiako paraje zoragarrian, ederra izango da amaiera. Txirrindulariei batere gustatzen ez zaizkien trantsizio etapak izango dira Toursen, Saint Amand Monronden eta Lyonen amaituko direnak, eta 15. etapan iritsiko da Tourreko ikurretako bat: Mont Ventoux. Zer ez dauka etapa horrek! Uztailaren 14a, frantziarren egun handia, ilargiaren itxura daukan mendatea zain, eta 242 kilometroko etapa luze-luzea. Aurreko 220 kilometroetan egur pixka bat izanez gero, min handia egingo du Mont Ventouxek. 20,8 kilometroko igoera dauka mendateak, eta %7,5ekoa da batez bestekoa. Aurrez aurre jotzen duen haizeak eta inguru berderik ezak egingo du min handiena, ordea.
Merezitako bigarren atseden eguna izango dute uztailaren 15ean txirrindulariek, eta Gapen amaituko den etapak ez lituzke askorik nekatu beharko faborito nagusiak; esprinta ziurtatu nahiko dute esprinterren taldeek. Hortik aurrera antolatzaileek zaila zeukaten askoz ibilbide gogorragoa prestatzea. 32 kilometroko erlojupeko gogorrarekin hasiko da lau eguneko sufrikarioa, Alpeen magalean, Embrunen. Kilometro bakar bat ere ez dauka ordekan, eta alde politak sortzeko modukoa da. «Inoiz prestatu dudan erlojupekorik gogorrena da». Christian Prudhomme Tourreko zuzendariaren hitzak dira.
Gogortasun handia Alpeetan
Erlojupekoan indarrak neurtzea komeniko da, ordea, Alpe d'Huez zain izango dutelako biharamunean. 168 kilometro dauzka etapak, eta Manse eta Ornon igo beharko dituzte Alpe d'Huezeko lehen maldetara iritsi aurretik. Azken 64 kilometroetan, berriz, ia 30 egin beharko dituzte aldapa gora, eta jaitsierako kilometroak ere gaiztoak dira. Alpe d'Huez igoko dute lehenengo (12,3 km, %8,4); prestatu duten jaitsiera berrira bidean, Sarenne motz baina gogorra igo beharko dute gero (3 km, %7,8); eta 26 kilometro pasatxoko jaitsiera arriskutsua atzean utzita, Alpe d'Huezeko igoerari ekingo diote berriz ere (13,8 km, %8,1).
Talde lanean leherketaren bat sortzeko aproposa da Alpe d'Huezeko etapa, eta baita biharamunekoa ere. Le Bourg d'Oisans eta Le Gran Bornand artean, 204 kilometro dauzka Alpeetako bigarrenak, eta Glandon (21,6 km, %5,1), Madeleine (19,2 km, %7,9), Tamie (8,6 km, %6,2), Epine (6,1 km, %7,6), eta Croix Fry (11,3 km, %7) igo beharko dituzte. 12,5 kilometro besterik ez dago Croix Frytik helmugara.
Ordurako egur handia jasota, Annecytik Le Semnozera bidean izango dute ordura artekoa konpontzeko azken aukera. Mont Revard igo beharko dute lehenengo, eta Annecy Semnoz gogorra amaieran. 10,7 kilometroko igoera da azken hori, eta %8,5eko batez bestekoa dauka. Ohi bezala, baina ohiko ordutik kanpo, gauez, irabazleei omenaldia egingo diete Versaillesetik Parisko Eliseoetara bidean.
Erasoka hasi dira igotzaileak
Korsikatik abiatuko da 2013ko Tourra, mendiko bost etapa gogor izango ditu, eta 18. etapan bi aldiz igoko dute Alpe d'Huez65 kilometro soilik izango dituzte erlojuaren aurka, bakarka, eta 25 kilometro taldeka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu