Erdibidean berriro

Rion bezala, Ander Elosegik zortzigarren amaitu du C1 proban. Finalerdi oso ona egin eta gero, trabatuta eta kontrakarrean aritu da finalean, eta diploma olinpikoarekin konformatu behar izan du berriz.

Ander Elosegi, Tokioko Olinpiar Jokoetan. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
ainara arratibel gascon
2021eko uztailaren 26a
19:22
Entzun

Diploma olinpiko bat lortzea ez da nolanahiko lorpena kirolari batentzat. Gutxik dute horretarako gaitasuna. Meritu handiagoa du laugarrenez lortzea. Eta zer esanik ez parte hartutako Olinpiar Joko guztietatik diplomarekin besapean etxera bueltatzea. Hori da Ander Elosegiren kasua. Baina Irungo (Gipuzkoa) piraguistari ez diote balio horiek gaur, Kasaiko kanalean. Beste behin gertu bezain urruti izan du dominen loria. Gertu, finalerdi aparta egin duelako. 103,15ekin, hirugarren denbora onena izan da harena. Urruti, finalean ez delako fin aritu: 106,59. Azkenean, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan du, 2016. urtean Rion bezala. Diploma olinpikoa, eta berriro ere zapore mikatz hori. Amorrua, une erabakigarrian ohiko mailan ez aritzeagatik.

Gaurkoak izan du antzekotasunik 2016an gertatutakoarekin. Bai kanalean gertatu denagatik, baita amaieran Elosegik berak izan dituen sentipenengatik ere. Eguerdia (goizeko lehen ordua Euskal Herrian) ezin hobeto hasi da Elosegirentzat. Finalerdietako saio bikaina egin du. Garbi jaitsi da, korronteak ondo baliatuz. Zuhurtziaz gainditu ditu ibilbideko 25 ateak, plastikotasun handiarekin gorputzaren mugimenduetan. Bakarra trabatu zaio ibilbide osoan: 11.a. Jo egin du, eta, horren ondorioz, bi segundoko zigorra ezarri diote.

Hala izan ez balitz, bigarren denbora onena egingo zuen. Baina balitz eta balegok bide txikia dute kirolean. Aurretik bi piraguista izan ditu bakarrik: Thomas Martin frantziarra (100,65) eta Daniel Watkins australiarra (101,28). Itxaropentsu egoteko moduan zen, igandeko bi jaitsieratan eta finalerdietakoan ikusitakoaren ostean. Bezperan laugarren, eta gaur hirugarren. Bietan, gainera, nabigazio sentipen onekin. Igandeko sailkatze probaren ondoren, argi adierazi zuen hori: «Helburua sendo jaistea zen; ni eroso sentitzen nintzen estrategiarekin. Beraz, pozik nago, helburua lortu dudalako».

Lehen hiru jaitsieretan erakutsitako sendotasunari eutsi nahi izan dio finalean, eta nabigatzeko modu garbiari eta freskoari segida eman. Hor zegoen domina irabazteko gakoa. Gainera, azken-hirugarren aterako zen finalean, eta piraguismoan hori erabakigarria ez bada ere, aurkarien inguruko erreferentziak izateko modua emango zion.

Hamar finalistak azken jaitsiera osatzen hasi dira. Ibilbidea finalerdietako berbera izanda, eta jada ezagututa, gertatutakoa harrigarria izan da. Finalistetako askok finalerdietan baino denbora kaskarragoa egin dute. Final olinpiko baten presioa eta handitasuna nabaritu da. Gehienei nekezago ari zirela nabari zaie; lotuta ziruditen.

Kontuan hartzeko lehen denbora Sideris Tasiadis alemaniarrarena izan da (103,70). Erreferentzia ona zen domina eskuratzeko langa non egon zitekeen ikusteko. Elosegik lehen jaitsieran egindako denbora baino okerragoa zen, eta, beraz, baikor izateko beste arrazoi bat zen.

Baina Benjamin Savseken txanda iritsi da ondoren. Finalerdietan bosgarren geratu ostean, esloveniarrak jaitsiera perfektua egin du finalean; akatsik egin gabe, eta oso bizi. Ordu arteko marka guztiak txikitu ditu: 98,25. Sinetsi ezinda zegoen helmugara iritsi denean. Urrea ia eskuetan zuen. Denbora ona egin du Lukas Rohan txekiarrak ere: 99,96.

Elosegiren txanda iritsi da orduan. Une erabakigarria zen. Baina hasieratik antzeman zaio ez zihoala ondo. Trabaturik aritu da, kontrakarrean, bai nabigatzean, baita ateei heltzeko orduan ere. Eta, seigarren atean, lehen kolpea hartu du: atea jo, eta bi segundoko zigorra. Gauzak asko zailtzen ari zitzaizkion domina lortzeko. Azken txanpan ahalegindu da horri buelta ematen. Baina ez du lortu. Azken ateetan ere zailtasunak izan ditu. Bi egunetako jaitsiera kaskarrena egin du. Akabo domina olinpikoen ametsa. Rion bezala, zortzigarren izan da. Loria, berriz, Savsek, Rohan eta Tasiadisentzat izan da. Frantziak galdu egin du 2012an Londresen eta 2016an Rion irabazi ostean lortutako nagusitasuna. Eslovenia da orain nagusi.

Penatuta

Amaieran «penatuta» mintzatu da Elosegi: «Aho zapore mikatzarekin amaitu dut, finalean ez baitut ohikoa dudan mailan arraun egin. Gauzak ez zaizkit ondo atera, eta akats txikiak egin ditut». Autokritika egin du: «Une batzuetan, zehatzago izatea falta izan zait, eta, halako ibilbide zail batean, hori ordaindu egiten da».

Onartu du «gaizki» hasi dela: «Lerroa berehala galdu dut, eta jada nabaritu dut gauzak ez zihoazela ondo». Halaber, ez du uste seigarren atea jotzea erabakigarria izan denik: «Jo izan ez banu ere, denbora ez zen ona. Oraindik, gainera, banuen tartea denbora berreskuratzeko, eta saiatu naiz. Baina azken txanpara indarrik gabe iritsi naiz, eta denbora gehiago galdu dut. Ezinezkoa izan da». Orain, merezitako atsedena hartuko du: «Gero hasiko naiz etorkizunean pentsatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.