Joan zen larunbatean Malagaren kontra eskuratutako puntuak aho zapore gozoa utzi du Athleticen inguruan. Etxetik kanpo irabazten den guztia behar den moduan baloratu behar da eta. Gainera, azken minutuan lortutako saria bada, bestela baino gehiago eskertzen da. Hala ere, Rosaledako norgehiagokak puntua baloratzeko baino askoz gehiagorako eman zuen. Besteak beste, jokalari gazte baten debuta ikusteko aukera izan zuten jarraitzaile zuri-gorriek. Iruñeko Txantrea auzoko harrobi amaigabeko beste harribitxi bat, hain zuzen ere. Borja Ekizak egia bihurtu zuen aspalditik zuen ametsa. 23 urte betetzetik gertu, Athleticeko lehen taldera salto egiteko azken trena hartu duela dirudi. Eta Rosaledan ikusitakoaren arabera, ez dauka trena lagatzeko asmorik. Ondo aritu baitzen. Seguru. Arriskurik hartu barik.
Lehen urratsa sendo egin du Ekizak. Baina aurrenekoa baino ez da. Orain, Malagan erakutsitakoa berretsi egin beharko du. Eta hori ez da erraza izango. Xabi Etxeitak eta Xabi Etxebarriak ere, harrobiko beste jokalari bik, izan zuten debuta egiteko aukera, baina ez dute Caparrosen babesa lortu. Etxeitak 2008-2009ko denboraldian egin zuen debuta lehen taldearekin, baina sasoi horretan eta hurrengoaren erdian hemezortzi partida eskas jokatu ostean, Cartagenara joan zen, Athleticek utzita. Han ondo jokatu eta gero, Elxen ari da orain. Etxebarriak ere sasoi berean egin zuen debuta, baina hark ere ez zuen jarraikortasunik izan —bi partida eskas jokatu ditu guztira lehen taldearekin—, eta gaur egun bigarren taldean ari da.
Ekizak ez du zerrenda horretan beste izen bat izan nahi. Bere esku dagoen guztia egingo du Athleticen lekua duela erakusteko. Eta gaur egun lehen taldeko fitxa duten erdiko atzelarien asmoa da nafarrari atea ixtea. Lehia horrek mesede egingo dio Athletici. Hala bada, Caparrosek bere helburu nagusietako bat lortuko du: jokalari batzuen jarrera aldatzea. Izan ere, Athleticeko entrenatzaileak talde zuri-gorriaren filosofiari aurkitu dion gabezia nagusia zenbait postutan dagoen lehiakortasun falta da. Caparros oso pozik dago taldeak eguneroko lanean erakusten duen konpromisoarekin. Baina, era berean, erlaxazioa ere nabaritu du postua bermatuta daukaten jokalari batzuen artean. Erdiko atzelariak behin baino gehiagotan izan dira haren kritiken jomuga. Izan ere, arrazoi batzuk edo beste tarteko, orain arte ez dute eurengandik espero dena eman, ez Fernando Amorebietak, ez Mikel San Josek, ez Ustaritz Aldekoaotalorak eta ez Aitor Ociok.
Fernando Amorebieta Denboraldi beltza
Iurretakoa da Caparrosen begietako erdiko atzelaria. Gustuko duen bakarra. Defentsa lanean zuri-gorririk osoena da: azkarra, indartsua eta gogorra. Sasoian dagoenean Espainiako Ligako ezker erdiko atzelaririk onenen artean dago. Baina sasoi honetan ez dabil fin. Denboraldi-aurrean Rubin Kazan Errusiako taldearen eskaintza erakargarria jaso zuen. Athleticeko zuzendaritzak ez zion taldez aldatzen utzi. Venezuelako selekzioarekin jokatzeko agertu zuen gogoak ere eman zuen zeresana. Uda pasatu eta lehia hastearekin bat ondo prestatu eta jokoari erreparatuko ziola zirudien, baina lesioek ez diote utzi. Egun min hartuta dago, baina orain arte jokatu dituen partidetan ez da ondo aritu. Beste kontu batzuetan pentsatzen dagoela dirudi.
Mikel San Jose Kontzentrazio huts larregi
Gehien jokatu duen erdiko atzelaria da Atarrabiakoa. Joan den sasoian aurrea hartu zien Ociori eta Ustaritzi, eta bide beretik jarraitzen du denboraldi honetan. Bere jokoak ez dauka zerikusirik Amorebietarenarekin. Iurretakoak daukana falta zaio San Joseri, eta, era berean, Amorebietak ez daukana dauka atzelari nafarrak. Egun ezinbestekoa da talde guztietan baloia behar den moduan jokatuta ateratzen dakien atzelari bat. Lan horretan maisua da San Jose. Teknika ona du, eta badaki baloia nola jokatu. Baina aurkariak zaintzeko orduan arazoak ditu. Partida askotan kontzentrazio hutsak izan ditu, eta horrek arazo handiak eragin dizkio Athletici. Dohain onak ditu, baina badauka zer hobetu.
Ustaritz Aldekoaotalora Gorabeheratsu
Amorebieta edota San Jose falta direnerako Caparrosek duen lehen aukera da Abadiñokoa. Onena eta txarrena egiteko gai dela berretsi du denboraldion. Bartzelonaren kontrako norgehiagoka bietan bikain aritu zen. Partida horien artean Deportivoren kontra jokatutakoan, berriz, txarto aritu zen. Defentsa azkarra da, baina zenbait unetan gogorragoa izateko eskatu behar zaio. Sendotasun gehiago eman behar dio atzealdeari. Ez dauka Caparrosen konfiantza. Baina, zorionez, azken urte bietan ez du lesiorik izan, eta horrek berarengandik espero den guztia emateko lagundu behar dio.
Aitor Ocio Egoera gaitzean
Atzelari gasteiztarra zerutik infernura joan zen hiru egunen buruan. Bartzelonaren kontra elastiko zuri-gorriarekin egin duen partidarik onenetakoa jokatu ostean, aulkian utzi zuen Caparrosek Rosaledan. Ezusteko itzela izan zen. Kolpe handia luzaroan zelaian entrenatzailearen jarraipena zen futbolariarentzat. 34 urte ditu, eta bere kirol ibilbideko azken txanpan dago. Azken urte eta erdian buruko min asko eman dio sorbaldako lesioak, eta zuloaren amaiera ikusten ari zela zirudienean, hasiberri baten aldeko apustua egin zuen teknikariak. Ociori denboraldi honen amaieran bukatzen zaio kontratua, eta Ibaiganetik ez du deirik jaso kontratua berritzeko. Larunbatekoa lehen abisua izan daiteke. Gauzak asko aldatu ezean, etorkizun beltza dauka talde zuri-gorrian.
Erdiko atzelariei abisua
Borja Ekizak lan ona egin zuen bere debuteko partidan, baina zalantzan dago aurrerantzean aukera gehiago izango dituenLehen taldekoak ondo aritu ezean harrobira jotzeko prest dagoela erakutsi du Caparrosek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu