Bayern Munich eta Chelsea. Futboleko bi klub handi. Jokalariak, ezagunak ia denak. Entrenatzaileak ere bai. Baina oihartzun mediatikoagatik gehiago, kanpora begira eta jendearen aurreko presentziagatik baino. Jupp Heynckes eta Roberto Di Matteo egongo ez balira bezala aritzen direlako aulkian. Isilean, eta jokalariei askatasun osoa emanez, beren agindupekoen mugimendu denak kontrolatu gabe.
Irudi lasaia ematen dute partidetan. Dena izaten dute begiradapean, begiratu batera eta begiratu bestera. Askotan, jarrera berean: eskuak patrikan sartuta. Biek dute azeri itxura. Isilik egonda ere oso presente egon daiteke, zarata atera liteke. Ondo gordetzen dute zelaian zuzenean jasotako informazioa, eta, ziurrenik, ederki helaraziko diete jokalariei aldagelan. Leku horretan ere ez du ematen oihuka ariko direnik.
Zaharra eta gaztea. Horretan badira ezberdinak. Bizitzaren legea. Di Matteo jaio zenerako, Heynckesek 25 urte zituen. Bere futbolari ibilbideko onenean zegoen. Aurrelari petoa eta golegile aparta. Di Matteok 18 urte zeuzkanean eta Schaffhausen Suitzako taldean hasi zenean, Bayern Municheko entrenatzaileak lehen denboraldia betea zuen oraingo talde berean, entrenatzaile. Bien arteko alderaketa gurera ekarriz, 2002an, Heynckes Athleticeko entrenatzaile zenean bere bigarren aldian, Chelseako entrenatzaileak futbola utzi zuen.
Jokalari aurrena, eta entrenatzaile gero. Horretan, pare-parekoak dira biak. Bata aurrelaria, eta bestea erdilaria. Aztertzekoa izango da aldaketa horretan —bat jokalari izatea eta bestea entrenatzaile—, eragina ote duen jokalari garaian egindako lanak bi entrenatzaileen kasuan; hau da, zelaiko zer lekutan aritu izan ziren. Bi horien kasuan, nabarmena da sekulako eragina izan duela. Heynckesi erasoko futbola gustatzen zaio, baloia belarraren gainean ibiltzea. Bide horri eutsi izan dio beti. Egon den leku guztietan, horixe izan du filosofia. Di Matteo hasiberria denez, ikusi egin beharko da zer bilakaera duen ereduan, baina, oraingoz, jokalari garaiko izaerari eusten dio: defentsako lana egin, baloia lapurtu, eta azkar atera kontraerasoan. Ikusi besterik ez dago zer egiten ari den Chelsean.
Arazoen aurrean, patxada. Bai batek, eta bai besteak. Jokalariei entzun zaleak dira biak. Ez dute beste aldera begiratzen norbaiten arazo baten aurrean. Entzun egingo diote, eta lagundu, ahal den neurrian. Betiere, taldearen oreka hautsi gabe. Eta, arazo horrekin taldearen indarra handitzeko aukera badago, ondo baliatzen dute. Di Matteoren adibidea hor dago, oraingoxea izanik, hona ekartzea merezi duena.
Aurtengo martxoaren 4a. Chelsean, entrenatzaile aldaketa. Andre Villas-Boas kendu, eta Di Matteo jarri zuen Roman Abramovitx nagusiak. Bidali berriarekin ez zeuden eroso taldeko beteranoak eta zutabeak: Lampard, Terry eta Drogba, nagusiki. Diotenez, istiluak ere izan zituzten Portugalgo entrenatzailearekin. Di Matteok azkar antzeman zion egoera hark bere onera itzuli behar zuela. Zerbait bazekien, Villas-Boasen laguntzaile lanetan aritu zelako joan zen udatik martxora arte. Berriro ere indarra eman zien jokalari beteranoei, eta ez hori bakarrik: erabaki zuen jokatzeko ereduan ere lehengora itzultzea.
Ereduan dira ezberdin bi entrenatzaileak. Chelseak urte batzuk atzera egin du, eta bi zutabe hauetan oinarritu estiloa edo eredua: defentsako lan zurruna lehenik, eta kontraerasoa ondoren. Ikusgarriagoa izan edo ez, gustatu edo ez gustatu, eraginkorra da, eta taldearen emaitzak hor daude. Txapeldunen Ligako finalean da, eta Ingalaterrako FA kopa irabazi berri du.
Heynckesek, berriz, ez du alerik lortu sasoi honetan. Partidak irabazi bai; asko, gainera. Baina, gero, ez du gauzatu hori tituluetan. Alemaniako bi lehiaketetan, Ligan eta Kopan, aurkari bakar bat gainditu ezinda ibili da: Borussia Dortmund. Hor ere aldea dago bi entrenatzaileen artean. Gaur gauean, aldea handitu egingo da Di Matteoren mesedetan, edo Heynckesek orekatu egingo du.
Ospearen gorabeherak
Bigarren entrenatzaile eta entrenatzaile nagusi. Biek egin dituzte bi lanak. Heynckesen bidea logikari atxikia dago, bigarren hasi zelako aspaldiko 1979 hartan: Bere betiko taldean, Borussia Moenchengladbachen. Udo Lattek historikoaren laguntzaile izan zen denboraldi batez, eta gero hartu zuen taldearen ardura. Harrezkero, entrenatzaile nagusia izan da.
Di Matteok ez zuen pausorik eman bigarren arduradun izateko. Zuzenean ekin zion aurrenekoaren zereginari. Duela lau urte izan zen, Ingalaterrako League One txapelketan —hemen, Hirugarren Mailaren baliokidea—. Igotzea jokatzeko lehian izan zen Milton Keynes Dons taldea, baina ez zen igo azkenean. 2009an, arduradun nagusi izan zen berriz ere, baina beste talde batean: West Bronwich Albionen. Bigarren Mailan zegoen, eta, denboraldi hartan, Premier League-ra igo zen. 2010eko udaberria zen. Ondo ekin zion hurrengo denboraldiari, baina, pixkanaka, itzaliz joan zen, eta, halakoetan gertatu ohi den bezala, entrenatzailea errudun. Kalera bota zuten; 2011ko otsailaren 6a zen.
Joan zen urteko udan, ibilbideari logika kendu zion, entrenatzaile nagusi izateari utzi eta bigarren entrenatzaile bihurtu baitzen. Chelseak deitu zion, eta ezin ezetz esan jokalari garaiko talde kutunari—sei denboraldi egin zituen han, baina azken bietan ez zuen jokatu, lesio batengatik—, entrenatzaile nagusiaren ardurak edukiko ez bazituen ere. Orduan, atzerapauso zena kontrakoa bilakatu zen duela bi hilabete.
Alde horretatik, Heynckesek beti izan du agintarien miresmena; batez ere, Alemanian. Estimatzen dute, eta haren lanari egundoko balioa ematen diote; nekez bururatuko zaio presidenteren bati bigarren entrenatzaile izateko eskaintza egitea. Estatusa dauka, ez da edonor. Horren adibide da Bayern Munichekin duen harremana. 1987tik 1991ra egon zen han, eta gero ekin zion nazioarteko 11 urteko ibiliari —Eintrachten 1994tik 1995era egin zuen denboraldia izan ezik—. 2003an itzuli zen, Schalke 04-ra. Handik hiru urtera, futbola alde batera utziko zuela ematen zuen, baina, duela hiru urte, apirilean, Bayernek deitu zion, mesedea eskatzeko, haren lagun Uli Hoennesen bitartez: «Etorri egin behar duzu; Txapeldunen Ligan sartu behar dugu kosta ahala kosta, eta oraintxe kanpoan gaude».Bost partida falta ziren Bundesliga amaitzeko, eta baiezkoa izan zen erantzuna. Bete zuen helburua. Iazko martxoaren 24an, berriz deitu zion Bayernek, Louis Van Gaal ordezkatzeko. Eta hor jarraitzen du.
Ospearen jabe da Heynckes. Irabazi egin behar du Di Matteok. Tituluek bakarrik ematen dute hori, zoritxarrez, eta, horretan, aurretik da alemaniarra. Bitan irabazi du Bundesliga, bietan Bayernekin, eta behin Txapeldunen Liga, Real Madrilekin, 1998an. Di Matteoren uzta txikia da oraindik; berriki irabazi du titulu bakarra, FA kopa. Ospea eta osperik eza zer den, gaur irabazita ere gerta liteke Abramovitxek haizea hartzera bidaltzea. Horretaz badaki zerbait Heynckesek: 1998an, Real Madrilek kargutik kendu zuen, zazpigarren Txapeldunen Liga preziatu hura irabazi arren.
Futbola. Txapeldunen Ligako finala: Bayern Munich-Chelsea
Ereduak egiten ditu ezberdin
Jupp Heynckes ez da heldu berria entrenatzaileen mundura; eskarmentu handia dauka. Roberto Di Matteo oraintxe iritsi da. Belaunaldi ezberdinekoak izan arren, badituzte berdintasunak, baita ezberdintasunak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu