Xabi Prieto. Realeko jokalaria

«Eredugarria iruditzen zait Realeko jokalariek zelaian duten portaera»

Azken bost denboraldietan inork ez du jokatu Realean donostiarrak adina. Aurreko sasoian, zazpi gol sartu eta hamahiru golen paseak eman zituen. Denboraldi honetan, zenbaki horietatik urrun dabil.

Donostia
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Autokritikaz badaki zerbait Xabi Prietok (Donostia, 1983), eta zintzo jokatzen du bere buruarekin. Gorputzaldirik onena berreskuratzeko ariketa erabakigarria da. Haren azken paseak eta golak behar ditu Realak, sasoia lasaitasunez amaitzeko. Jokalariak derbia ahaztuta eta hurrengo hiru partidei begira daudela dio, «jauzia egiteko funtsezkoak baitira».

Derbiari begiratzean zer sentipen azaleratzen zaizu oraindik ere?

Amorrazioa eta tristura. Bigarren zatian nagusi izan ginen, eta jokaldi horrek zeharo baldintzatu zuen neurketa. Ez dira samurrak izan azken egunak. Halere, nahikoa hitz egin da kontu horren inguruan, eta ez zaigu komeni bueltaka aritzea.

Athleticeko jokalariren batek aitortu al zizuen epaileak hanka sartu zuela?

Bai, bai, batek baino gehiagok. Jokaldia gertutik ikusi zuten horiek bazekiten ez zela zalantzagarria izan. Harreman ederra daukagu haietako gehienekin.

Zer egin beharko zenukete agintarien aldetik begirune handixeagoa izateko?

Eredugarria iruditzen zait Realeko jokalariek zelaian duten portaera. Ez daukat garbi zer dagoen gure esku. Egia da San Mamesen jokatutako ligako azken hiru partidetan gure kontrako erabaki nabarmenak hartu dituztela. Onartzea eta aurrera begiratzea da gure zeregina.

Lehen itzuliko derbia galtzeak puska baterako arrastoa utzi zizuen. Oraingoak ez ahal du eragin berbera izango.

Ez, beste era batera aritu baikinen. Punturik lortu ez arren, itxura ona eman izanak ere balio du gure ahalmenean sinesteko. Indartuta atera garelakoan nago.

Zer falta zaio Realari jauzia egin ahal izateko? Lasaiago egoteko?

Azken bolada honetan ez gabiltza batere fin Anoetatik urrun; nekez ateratzen ditugu puntuak. Etxean ez gara huts egiten ari, baina gorakada hori egin ahal izateko, ezinbestekoa da bi partida segidan irabaztea. Funtsezko hiru neurketa ditugu orain aurrez aurre, Zaragoza, Getafe eta Levante, eta ea horiek baliatzen ditugun aurrerakuntza egiteko.

Hirutik hiru irabaztea, hori da helburua, beraz.

Bai, bai, ez gara hiru talde horiek baino gutxiago, eta frogatzeko txanda da.

Horrez gain, ez duzu uste gogorragoak izan beharko zenuketela kontrako arean sartzean? Ez duzuela behar bezainbeste min egiten?

Baliteke. Arrisku eremuetan maiz sartu arren, ez daukagu golak sartzeko erraztasunik. Arlo hori menderatzea da erronka.

Zuk zeuk ere ez duzulako golik sartu…

Sobera handirik gabe ari naiz. Granadaren kontrako Kopako partidan bi sartu nituen, baina ez da nahikoa. Ezin ninteke pozik egon egindako lanarekin.

Zergatik ez da azaldu Prietorik desorekatzaileena?

Txapelketako lehen itzulian ez naiz eroso sentitu zelaian; konfiantza falta izan zait gauza on gehiago egiteko. Ez dut eman nire maila. Azkenaldian, ordea, hobeto ari naiz, eta ea indartsu amaitzen dudan denboraldia.

Joko sistema berrira egokitzeko zailtasunik izan al duzu?

Ez dut denborarik galdu nahi aitzakia bila. Gorakadak izaten diren moduan, beherakadak ere izaten ditu futbolariak, eta lehenbailehen itzuli nahi dut nire onera.

Zer eskatzen dizu Montanierrek?

Atzekoei defendatzen laguntzeko, goleko azken pasea emateko eta ni neu ere gola sartzen saiatzeko.

Hegaletik maizago aterata, barrura jotzeko ez al dizu agintzen?

Baita hori ere. Azken batean, mugikortasuna eskatzen digu aurrealdean aritzen garenoi. Beharbada, ohituegia nago zabal jokatzera, baina oso gustuko dut erditik aritzea ere.

Zu gabe taldea erasoan itzali egiten zen irudipena desagertzeak ez al du zure alde egiten? Erantzukizun osoa zure bizkar hartzera ohitu zara azken denboraldietan.

Ez dut inoiz sumatu nire jokoarekiko halako mendekotasunik. Aurreratuen jokatu izan zutenen ekarpena ere handia izan zen bere garaian. Orain gauza bera gertatzen da Griezmann, Vela, Agirretxe, Llorente eta Ifranekin. Guztiak dira garrantzitsuak, eta beren esku dagoena eman behar dute partidak irabazteko.

Aulkian egoteak gogortu egin al zaitu?

Egoera berria izan da niretzat, baina naturalki hartu dut. Ez zait iruditu harrigarria. Beste taldekide batzuek aulkian egon direnean garbi erakutsi dute zer-nolako jarrera izan behar den halakoetan. Eta, haien ereduari jarraituz, laguntzen saiatu naiz.

Gertatuak gertatu, erraza izaten ari al da Zaragozaren aurkakoa ganoraz prestatzea?

Uste dut lortu dugula. Lehen entrenamendua egin genuenetik bideratu genuen indar, gogo eta arreta osoa neurketa hori lantzera. Taxuz ari gara prestatzen, ez baikara fio. Ez dugu kale egin nahi.

Aurkaria jota uzteko aukera ezinhobea duzue.

Jota utziko genituzkeenez, ezin diegu utzi garaipenarekin ihes egiten. Beste aurkariek, gainera, partida latzak dituzte —Racingek eta Sportingek, esaterako, Bartzelona eta Sevilla hartuko dituzte, hurrenez hurren—. Guk gurea eginez gero, aurrerapauso itzela emango genuke.

Zaragozaren egoera berean izan zineten duela sei denboraldi.

Une latzak dira. Hankek ez dute nahi bezala erantzuten. Eta ez partida egunetan bakarrik: entremenduetan ere gauza bera gertatzen da. Buruak ez du laguntzen, eta horrek errendimenduan zerikusi zuzena dauka.

Zer litzateke denboraldi amaiera ederra?

Seinale ona litzateke kazetariek Europan sartu ahal izateko aukerez galdetzea [barrez]. Ez, ez, benetan ari naiz. Horrek esan nahiko luke goialdetik behealdetik baino askoz gertuago gaudela, lasai-lasai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.