Uzta batzeko sasoia da. Athleticek ezin du gehiago itxaron. Puntuak behar ditu. Lehenbailehen, gainera. Baina puntuak batu aurretik, erein egin behar da. Gauzak ondo egin behar dira, alegia. Athleticek, beraz, hobetu egin behar du. Manek ez dauka hazi larregi. Ez kopuruari dagokionez, ez eta kalitateari dagokionez ere. Jakin badakigu zein den Athleticeko jokalarien maila. Halere, hazi horrekin etxean lortutakoa baino dezente gehiago irabaz daitekeela ere ezin da ukatu. Beraz, hazia kudeatzeko arduradunek ere izango zuten ardurarik orain arte Athleticek eskuratu dituen emaitza txarretan.
Gaurtik aurrera ez dute huts egiteko tarte handirik. «Getaferen aurkako partida ez da finala, baina oso garrantzitsua da», adierazi zuen Aranzubiak. Dagoeneko ez dakigu non dagoen partida «oso garrantzitsuen» eta «finalen» arteko aldea. Gaur ez da txapelketa amaituko. Ez. Beraz, Athleticek izango ditu aukera gehiago sailkapeneko azken hirurak atzean lagatzeko -aurkari zuzenek ere gauza bera pentsatuko dute-. Halere, ez litzateke era aproposena izango Bernd Schusterrek zuzentzen duen taldeari aurre egiteko. Azken norgehiagoka izango balitz bezala zelairatu behar dute zuri-gorriek. Alemaniarrak gogora ditzala 1980ko hamarkadan Bartzelonaren elastikoarekin jokatzen zituen neurketa ahaztezinak. Koreako gudarekin alderatu zuen orduan San Mames. Gaur ere horrela izan behar du. Ezin dira puntu gehiago oparitu.
Talde zuri-gorriko zuzendaritzako kideak ere konturatu dira madrildarren aurkako partidak duen garrantziaz. Hurrengo jardunaldian Camp Noun jokatuko du Athleticek. Bartzelonaren zelaira hiru partida errenkan galduta joatea larria izango litzateke oso. Izan ere, gauzak nola dauden aintzat hartuta, batek baino gehiagok pentsatzen du ezinezkoa izango dela kataluniarren zelaian irabaztea. Beraz, ikustekoa izango da datorren igandean partida amaitu bezain laster sailkapenari gainbegiratu bat egitea. Orain beldurra ematen badu...
Horregatik dauka horrenbesteko garrantzia Getaferen aurkako partidak. Horregatik, eta San Mamesen ezin daitekeelako orain arteko moduan jarraitu. Bigarren itzuliko laugarren partidan etxean sei puntu irabazi dituen talde batek ez du asko merezi. Beraz, zaleak berotze aldera -ez dakigu gehiago eskatu ahal zaien hamabostean behin taldea animatzen eta taldearekin sufritzen ari diren jarraitzaileei-, 30.000 zapi zuri-gorri oparitu eta Athletic Bihotzez laneko 20 ale zozketatuko dituzte elastiko zuri-gorria daramaten zaleen artean.
LESIOEK BALDINTZATUTA BERRIZ. Horrelako ekimenak sekula ez daude sobran, baina zelaian daudenen ardura da irabaztea. Harmailetan daudenek ezin dute gehiago egin.
Mane entrenatzaileak ere ez dauka gauzak hobetzeko aukera handirik. Ez baitu non aukeratu. Athleticek arazo larria du lesioekin. «Urduritasunak eta antsietateak eragina izan dezakete lesio kopuruan», adierazi zuen Aranzubia atezainak. Bera ez zela sendagilea ere esan zuen errioxarrak hurrena, baina horrenbeste ezbeharren aurrean edozer gauza pentsa- tzen hasiak dira talde nagusiko kideak.
Kontuak kontu, Athleticek aurrera egin behar du. Aukera du aurrera egiteko, gainera. Urzaiz hasieratik arituko da. Beraz, joko zuzena egiteko erasoko erreferentzia nagusia berreskuratuko du Manek. Atzean, berriz, Fernando Amorebietak jokatuko du, txartel pilaketa tarteko partida bateko zigorra bete ostean -Exposito eskuin hegalekora bueltatuko da-. Min hartuta dagoen Garmendiaren postua nork beteko duen zen Maneren kezka nagusia atzo arte, baina Javi Martinezek ez zuen arratsaldeko lan saioa amaitzerik izan eta litekeena da gaur jokatzeko arazoak izatea. Gabilondo osatu denez, Yeste erdilari aurreratu gisa ariko litzateke, eta Martinezen tokian Aduriz.
Erein eta batu
Athleticek puntuak lortu behar ditu San Mamesen, Lehen Mailan jarraitu gura nahi badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu