PILOTA

Erik Jakak ez du jokatuko Banakako Txapelketa

Egungo buruz buruko txapeldunak perikarditisa du, eta lau eta zortzi aste bitartean beharko du osatzeko. Baikorekin jokatu duen lehen partidan hartu du min.

Erik Jaka, binakakoaren partida batean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 11
15:54
Entzun

Erik Jakak ezingo du buruz buruko txapela defendatu. Lizartzako (Gipuzkoa) aurrelariak perikarditisa du, eta, medikuen arabera, lau eta zortzi aste bitartean beharko du osatzeko. Jaka igandetik dago ospitalean, Bilbon, IMQ Zorrotzaurreko klinikan, Miribillako jaialdiko lehenbiziko partida jokatzen ari zela ondoezik sentitu zenetik. Mina sentitu zuen bularraldean, eta horrek arnasa hartzea zaildu zion. Zorabiatu eta guzti egin zen. Halere, saiatu zen jokatzen, baina, hobera egin beharrean, okerrera egin zuen. Hori ikusita, partida bertan behera uztea erabaki zuen.

Handik gutxira, anbulantzia batean zegoen, klinikarako bidean, probak egin ziezazkioten, eta han dago ordutik. Ondo bidean, gaur emango diote sendagiria. Baina Banakako Txapelketa asteburu honetan bertan hastekoa da —bihar aurkeztuko dute, Donostian, Kursaal jauregian—, eta, txapelduna izanda, Jakak datorren astera arte jokatu behar ez zuen arren, lesioak txapelari eusteko aukerarik gabe utzi du.

Kolpe latza da: batetik, iaz egindako lan bikaina errepikatzeko aukerarik gabe utzi du; bestetik, kolpe batez apalduko zaio Baikorekin sinatzeak eragindako ilusioa. Lehen txapelketa jokatuko zuen Aspe utzi eta Baikora joan denetik. Hain zuzen ere, Baikoren elastikoa jantzi duen lehen egunean hartu du min. Nekez izan zezakeen estreinako okerragorik.

Enpresak jada jakinarazi du nor ariko den haren ordez: Axier Arteaga. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) aurrelariak galdu egin zuen atarikoa Iñaki Artolaren aurka (22-2), baina Jakaren lesioak buruz burukoaren atea ireki dio berriz ere. Jaka zerrendaburua izango zen. Ziurrenik, Mikel Urrutikoetxeak beteko du haren tokia final-laurdenetan. Jon Ander Peña, Oinatz Bengoetxea, Asier Agirre, Artola eta Arteaga izango dira Baikoren pilotariak buruz burukoan. Aspekoak, berriz, hauek izango dira: Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia, Danel Elezkano, Dario Gomez, Beñat Rezusta eta Jose Javier Zabaleta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.