Desorekatuta dator 2012ko Frantziako Tourra. Oker samar. Aurkariak oker-oker eginda uzteko ohi baino tarte txikiagoa izango dutelako igotzaileek. Hiru amaiera besterik ez mendatean, eta 101,4 kilometro erlojuaren aurka. Ikuskizunaren kaltetan. Alpe apalen ostean —hiru etapetatik bakarra da benetan gogorra—, Pirinioetan igotzaileak direnak eta bi egiteko gai ez badira, behintzat, bai. Bi erlojupeko luzeetan sor daitezkeen alde ikaragarriek lotu egingo dute lasterketa, eta mendateetako artistek lanak izango dituzte oreka apurtzeko. Hitz gutxitan, Bradley Wigginsentzat (Sky) eta Cadel Evansentzat (BMC) neurrira egindakoa dela 2012ko Tourraren ibilbidea.
Peter Saganek (Liquigas) emango ditu astindu batzuk; Mark Cavendishek (Sky) jarriko du bakoitza bere lekuan esprintetan; ez da faltako erasorik, ez erorketarik, ezta ezusterik ere. Baina erlojua da Tourreko epailea izateko faborito argi-argia. Gaurko 6,4 kilometroko aitzin-etaparen ondoren, 41,5 kilometro edukiko ditu 9. etapakoak, Arc et Senansen hasi eta Besançonen amaituko denak. Eta 53,5 Parisera iritsi bezperan egin beharrekoak. Bonnevalen hasiko da saioa, eta Chartresen amaituko da. Pedalei eragin beharrekoak dira bi saio luzeak, zailtasun handirik gabeak, eta igotzailerik petoenek minutu galera handia izango dute 100 kilometro eskas horietan.
Erreferentzia gisa balio dezan, ekainaren 7an jokatu zen Dauphineko erlojupeko luzea, 53,5 kilometrokoa, eta bertan galera handia pilatu zuten Wigginsen aurkari guztiek. Lehenik eta behin, Evansek berak: 1.43 minutu. Jurgen Van den Broeckek (Lotto) 2.12 galdu zuen; Janez Brajkovicek (Astana) 2.33; Denis Mentxovek (Katuxa) 3.12; Vincenzo Nibalik (Liquigas) 3.30; Aleksandr Vinokurovek (Astana) 4.48, Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi), erorketa tarteko gorputz guztia minduta zeukala, 7.26... Bikoiztu galera horiek guztiak, eta Tourreko bi erlojupeko luzeek egin dezaketen triskantza da emaitza.
2004an, Cancellara nagusi
Orain zortzi urte bezala, Liejatik abiatuko da Tourra, aitzin-etaparekin —Fabian Cancellarak irabazi zuen orduan, Lance Armstrongi bi segundo aterata, eta faboritoen artean dago gaur ere—. Ardenak esan nahi du Liejak, eta horixe aurkituko dute txirrindulariek lehen bi etapetan. Amaiera ederra dauka biharkoak, gorako joera daukatelako azken bi kilometro eta erdiek; %4,7koa da batez bestekoa. Sagan, Philippe Gilbert (BMC), Alejandro Valverde (Movistar)... horien izena ageri da biharko etaparen amaieran. Baita asteartekoan ere, lau mendate txiki igo beharko dituztelako azken 30 kilometroetan eta %10eko batez besteko aldapa dagoelako azken 700 metroetan, Boulogne sur Merrera bidean.
Gainerakoan, hurrengo larunbatera artekoak tentsioa, haizea, erorketak, biribilguneak, esprintak eta amaiera bihurriren bat edo beste dauzka gordeta. Hori bai, 7. etapan, La Planche des Belles Filles lehen mailakoan amaituko den egunean, lehen aldetxoak sortzen hasiko dira faboritoen artean. 5,9 kilometroko igoera motza da, baina altua da batez bestekoa, %8,5ekoa. Arriskutsuagoa hurrengo egunekoa da, ordea. 157,5 kilometro besterik ez dauka 8. etapak, eta zazpi mendate daude tartean. Col de la Croix lehen mailakoa da gogorrena: 3,7 kilometro besterik ez dauka, baina %9,2koa da batez bestekoa.
Lehen erlojupeko luzearen eta atseden egunaren ostean sartuko dira Alpe etzanetan. Ez dira batere erabakigarriak Alpeetako aurtengo hiru etapak. Colombier maila berezikoa dauka 10. etapak helmugara iristeko 43 kilometro faltako direnean (17,4 km, %7,1), eta Grand Cucheron (12,5 km, %6,5) eta Granier (9,7 km, %8,6) lehen mailakoak 12.ak, etapa hastearekin batera. Benetan gogorra tartekoa da, ordea, 11.a. Madeleine (25,3 km, %6,2), Croix de Fer (22,4 km, %6,9) eta Mollard (5,7 km, %6,8) igo ondoren, La Toussuire lehen mailakoan amaituko da etapa. 18 kilometro ditu azken igoera horrek, eta %6,1ekoa da batez besteko aldapa.
Pirinioek eman beharko dute ezusterik ezean Alpeek emango ez dutena. Hori bai, hiru etapa arriskutsu daude Pirinioetako bi etapa klasikoren aurretik. Haizeak sor dezake arriskua 13. etapan, azken kilometroetan; Port de Lers (11,4 km, %7) eta Mur de Peguere (9,3 km, %7,9) lehen mailakoak daude zain 14. etapan —40 kilometro eskas daude azken mendate horretatik Foixeko helmugara—; eta koska motz baina gogor asko Pauera bidean, 15. etapan.
Hamar mendate bi egunean
Mendaterik ez dagoela, igotzaileek ez dutela aukera askorik izango... Batean eta bestean horrelako iritziak zabaldu ziren Tourrak aurtengo ibilbidearen berri eman zuen egunean bertan. Baina nahi duenak erasoa jotzeko aukera ederra edukiko du Pirinioetako bi etapa gogorretan. Pauetik Bagneres de Luchonera bidean, Aubisque (16,4 km, %7,1), Tourmalet (19 km, %7,4), Aspin (12,4 km, %4,8) eta Peyresourde (9,5 km, %6,7) igo beharko dituzte 16. etapan —15,5 kilometro besterik ez dago Peyresourdetik helmugara—.
Biharamunean, berriz, Bagneres de Luchondik Peyragudesera bidean, Mente (9,3 km, %9,1), Ares (6 km, %5,3), Burs (1,2 km, %7,6), Bales (11,7 km, %7,7) eta Peyresourde-Peyragudes (15,4 km, %5,1) igo beharko dituzte. Erabaki beharrekoak erabakitzeko, 53,5 kilometroko erlojupekoa bakarrik geratuko zaio Tourrari. Aspaldiko Tourrik etzanenean, erlojuak emango du epaia.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Erlojua faborito
Gaur hasiko da Frantziako Tourra, Liejan, 6,4 kilometroko aitzin-etaparekinAurten 101,4 kilometro egin beharko dituzte erlojuaren aurka, eta hiru etapa besterik ez da amaituko mendatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu