Futbola. Ordutegien eragina futbolariengan

Erlojuaren esklabo

Partidak pilatzearekin nahikoa ez, eta ordutegien etengabeko aldaketari ere aurre egin behar diote futbolariek sasoi honetan. Kirol medikuek argi dute: ez da ona partida asko eta ordu ezberdinetan jokatzea, eta kalte egiten dio errendimenduari.

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute igandean, goizeko hamabietan, Anoetan. Helduenek ere ez dute gogoratzen txuri-urdinak eta zuri-gorriak goizez elkarren aurka aritu ziren azkeneko aldia. Ezohiko ordutegia da erabat, baina zaleek horretara ohitzen joan beharko dute. Bai, behintzat, futbolari errentagarritasun handiagoa atera nahian —hobeto esanda, dirua ahal den tokitik lortu nahian—Espainiako Liga Profesionalak (LFP) eta klubetako telebista eskubideen jabeek sasoi honetan Lehen Mailako partiden ordutegietan egin duten iraultzak indarrean jarraituz gero.

Telebista eskubideak dira diru iturri nagusia futbolean, eta eskubide horien jabeen nahia da aldi berean bi neurketa ez jokatzea. Sinplea da haien argudioa: zergatik behartu aukeratzera aldi berean jokatzen diren bederatzi partiden artean bakarra erostera, aukera baldin badago bederatzi partida horiek bata bestearen atzetik jarri eta guztiak erosteko aukera emateko? Pentsatu, eta egin. Orain, bederatzi ordutegitan jokatzen dira norgehiagokak, hiru egunetan banatuta: larunbatean, arratsaldeko seietan eta zortzietan, eta gaueko hamarretan; igandean, goizeko hamabietan, arratsaldeko lauretan, seietan, zortzietan eta gaueko hamarretan; eta astelehenean, gaueko bederatzietan. Hitz batean: eromena; are gehiago horiei Europakoak gehituz gero. Erreparatu bestela azkenaldian Athletici egokitu dizkioten ordutegiei: Slovanen aurka, 19:00etan; Betisen aurka, 22:00etan; Malagaren aurka, 20:00etan; Vila-realen aurka, 18:00etan; Paris Saint-Germainen aurka, 21:05ean. Eta errematea, Realaren aurka, 12:00etan. Sei partida, eta sei ordutegi. Nahita eginda ere, ezin aldrebesagoa izan.

Asko dira ordutegien sakabanaketak eta etengabeko aldaketek kaltetutakoak. Esaterako, futbolzalea, hainbeste aldaketarekin erotzeko arriskua baitu. Hori bai, zale porrokatuenak izango du aukera bere futbol gosea asetzeko, jardunaldiko partida guztiak ikusi ahal izango baititu telebistaz: ia 22 ordu astebururo. Astakeria.

Irratiei ere ez die inolako mesederik egiten, kirol irratsaio askoren funtsa aldi berean partida asko kontatzean baitatza. Nola eutsi irrati formula horri partida bakarra dagoenean jokoan? Irtenbide zaila du. Horri, gainera, gehitu behar zaio sasoi honetan estadioetara sartzeagatik irratiek ordaindu egin behar dutela.

Baina, partiden pilaketak eta ordutegien sakabanaketak inori kalte egiten badio, futbolariari da. Nola eragiten die, adibidez, Athleticeko jokalariei hemezortzi egunetan (irailaren 15etik urriaren 2ra) sei partida jokatu behar izateak eta bat bera ere ez hastea ordutegi berean? «Ez da arazo larria, baina, hiru egunetan behin jokatzen dutela kontuan hartuta, ez da mesedegarria», azaldu du Joxean Lekue Athleticeko zerbitzu medikuetako buruak. Harekin bat dator ere Iñaki Arratibel kirol medikua. «Futbolean bat-bateko mugimendu asko egiten dira, eta giharrek dezente sufritzen dute. Horregatik, denbora behar da partida batetik bestera. Baina, hiru egunean behin jokatuta, ezinezkoa da behar bezala atseden hartzea eta indarrak berreskuratzea. Ordutegien etengabeko aldaketek, gainera, ez du batere laguntzen. Horren ondorioa? Lesioak».

22:00etako lehia 'madarikatua'

Frogatuta dago ordutegien aldaketak eragina duela gizakiarengan. Azalpen zientifikoa du. «Gure organismoak erloju biologiko baten antzeko zerbait du, ziklo zirkadianoa deritzona. Ziklo jakin horrek ordutegiaren arabera kudeatzen ditu gure organismoaren egoera ezberdinak. Nola? Gure organismoak hormona batzuk jariatzen ditu, eta hormona horiek esnaldi edo atseden egoeran jartzen gaituzte. Horregatik gaude ohituta atseden hartzera argia ez dagoenean, eta argia dagoenean, berriz, jardunean egotera. Ziklo horri eusten saiatu behar dugu, jardunaren egunerokoa ez hausten. Baina kirolean, eta futbolean, sarri eteten eta aldatzen da. Esaterako, goizetan entrenatzera ohituta egonda, gauean lehiatuta. Hori eginda, norberaren oreka fisikoa aldatzen da, oreka fisikoa eta emozionala». Eduardo Escobar Realeko zerbitzu medikuetako buru izandakoarena da azalpena.

Escobarrek argi du: «Arazoa ez da ordutegi batera egokitu behar izatea. Benetako arazoa da egun batean goizeko hamabietan jokatzen duzunean, hiru egun geroago gaueko hamarretan, beste hiru egun geroago arratsaldeko lauretan… Oso tentuz jokatu behar da, batez ere elikagaiekin: zer jan, noiz… ». Lekuek ere ez du uste goizean jokatzea arazoa denik. «Ohituta gaude goizetan entrenatzera. Arazo larriagoa da hiru egunetan behin jokatzea, eta, gainera, hamaika ordutegi ezberdinetan».

Hiru kirol medikuak bat datoz: futbolarientzat onena ordutegi finko bat izatea litzateke, baina «interes asko» daude, eta «oso zaila» da guztiak asetzea. Baina, behin eskatzen hasita, zein izango litzateke ordutegi onena? «Goizean, hamarretatik ordu batera, eta arratsaldean, lauretatik zortzietara. Horiexek dira ordutegi onenak kirol jardunerako. Gero, errendimendua jaisten hasten da», azpimarratu du Arratibelek. «Ordutegi horretan esnatuago gaude, eta ahalegin fisikoak eta mentalak egiteko prestuago. Hortik aurrera, gure gorputzak egokitzapen berezi bat behar du», gaineratu du Escobarrek.

Lekuek badaki futbolariek zein ordutegi duten gustuko. «Arratsaldeko bostetatik zortzietara jokatzea gustatzen zaie. Oso ordutegi aproposa da: ziklo zirkadianoa errespetatzen duzu, ez dira aldatu behar eguneroko ohiturak… erosoena da». Beraz, igande honetan goizean jokatzea traba da? «Ez nuke hori esango. Futbolarientzat ez da arrotza goizean jokatzea: goizean entrenatzen gara, beheko mailatan goizetan jokatzen dira partidak… Aukeran, nahiago dute goizean jokatzea gaueko hamarretan baino».

Lekuek esan du, jokalariek ere bai, eta kirol mediku guztiak bat datoz: gaueko hamarretakoa da, zalantzarik gabe, ordutegi txarrena. Arrazoi asko daude futbolarien artean estimu gutxien duen ordutegia izateko. «Asko baldintzatzen du futbolariaren indarberritzea. Lo egitea oso garrantzitsua da, eta, hain berandu jokatuta, oso zaila da ganoraz lo egitea. Ondorioz, ez da behar bezala atseden hartzen», dio Lekuek. Horri, gainera, futbolari askok partidaren ondorengo gauean lo hartzeko dituzten zailtasunak gehitu behar zaizkie. «Horrenbeste adrenalina jariatzen dute, ezen ziklo zirkadianoa aldarazten duten, hots, atseden egoeran egon behar zuen gizakia esnarazten dute. Eta, gero, oso zaila da atseden hartzea eta partidak eragindako tentsioa murriztea. Futbolari askok nahikoa dute bainu bat hartzearekin, baina badira ere lasaigarriak hartu behar dituzten asko. Argi dago: zenbat eta beranduago jokatu, orduan eta arazo gehiago atseden hartzeko», azaldu du Escobarrek.

Giroko baldintzen garrantzia

Ordutegien etengabeko aldaketek faktore baten garrantzia handitu du: giroko baldintzena, hain zuzen. Ez da gauza bera Sevillan (Espainia) goizeko hamabietan edo gaueko hamarretan jokatzea. Ez da gauza bera ere gauean jokatzea udan edo neguan. Bada aldea, eta futbolari askok nabaritzen dute. «Taldean badira futbolari batzuk arazo handiak dituztenak beroarekin jokatzeko. Oso gaizki egokitzen dira. Kasu horietan, ordua baino gehiago, orduak dakarren tenperatura da kaltegarria», aitortu du Lekuek.

Escobarrek, berriz, Realak joan zen igandean goizeko hamabietan Mallorcan (Herrialde Katalanak) jokatutako partida jarri du adibide gisa. «Ziur naiz Realeko jokalarientzat deserosoagoa izan zela ordu horretan jokatzea. Mallorcakoak ohituta daude, baina hemen ez gaude ohituta horrenbesteko beroarekin jokatzera». Egoera horiek, hala ere, aurretik prestatu daitezke. «Denboraldi-aurreak ere horretarako daude, bero handiko baldintzetan entrenatzeko eta lehiatzeko».

Arratibel, ordea, haratago joan da: talde bakoitzaren inguruko giroko baldintzak aintzat hartu eta, horren arabera, ordutegi finko bat ezartzearen aldekoa da. «Ezin daitekeena egin da ordutegiak etengabe aldatzea giroko baldintzak kontuan hartu gabe. Ez du ez hanka ez buru. Ordutegiak erabakitzen dituenari jakinarazi behar zaio bero askorekin deskoordinazio arazoak sor daitezkeela, deshidratazioak, eta, horren guztiaren ondorioz, lesioak. Baina, dirudienez, horren ardura duenari bost axola dio futbolarien osasunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.