Erlojupekoan sailkapena iraulita, Nibalik irabazi du Tirreno Adriatikoa

Cancellarak oso eroso menderatu ditu aurkari guztiak azken etapan, eta Horner liderrak 40 segundo galdu ditu

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Amaiera harrigarri samarra izan zuen atzo Tirreno Adriatikoak. Christopher Horner (RadioShack), Roman Kreuziger (Astana) eta Vincenzo Nibali (Liquigas) sei segundoren jiran iritsi ziren 9,3 kilometroko erlojupekora. Eta sailkapenean hiruretatik urrutien zegoenak eman zuen kolpea, Nibalik. Erlojupeko ona egin zuen italiarrak, eta Fabian Cancellararekiko (RadioShack) hogei segundo besterik ez zituen galdu helmugan. Askoz apalago ibili ziren liderra eta Kreuziger. 40 segundo galdu zituen estatubatuarrak, eta 47 Kreuzigerrek. Lau-laua zen erlojupekoa, baina espero baino alde handiagoak izan ziren faboritoen artean.

Larunbatean Peter Sagan taldekidearekin izandako liskarraren ondoren —etapa garaipena eskura zeukanean, azken metroan aurreratu zuen—, merezitako garaipena eskuratu zuen atzo Nibalik. Italiarrarengandik hamalau segundora geratu zen azkenean Horner, eta 26ra Kreuziger. Atzoko erlojupekoan Jon Izagirre (Euskaltel-Euskadi) izan zen euskaldunik onena, 51. postuan, Cancellararengandik 45 segundora, eta sailkapen nagusian ere ormaiztegiarra izan da onena, 16. postuan, Nibalirengandik 3.01 minutura.

Denboraldi honetan hirugarren garaipena du jada Nibalik: Omango Tourreko bosgarren etapa eskuratu zuen lehenengo, eta Tirreno Adriatikoko bosgarren etapa eta sailkapen nagusia iritsi dira atzetik. Milan-San Remo dauka begiz jota orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.