Baskoniak NBAko taldeen egutegi eroa ezagutuko du hurrengo hiru asteetan, AEBetako ligako taldeen aurka lehiatuko den lehen aukeran, hain zuzen ere. Dusko Ivanovicek zuzendutako taldeak zazpi partida jokatuko ditu gaur hasi eta urriko azken eguna bitarte. Zazpi partida 23 egunetan, eta norgehiagoka horietako batzuk jokatzeko egin beharreko zenbait bidaia astun ere bai. Erotzeko moduko egutegi horrek Malagan (Espainia) dauka lehen geltokia, gaur. Handik Gasteizera itzuliko da aitaren batean taldea, eta asteartean Kanaria Handia hartu Buesa Arenan.
Dutxatu eta mokadu bat jateko astirik gabe, Baskoniako espedizioak Tennessee alderantz hartuko du hegazkina. Estatu hartako hiriburuko taldearen aurka jokatuko du NBAko talde baten aurka, lehen aldiz mende erdiko historian: Memphis Grizzlies. Eta Tennesseetik Texasera, San Antonio hirira, Tiago Splitter orain gutxi arte taldeko ikurra izan zenaren aurka jokatzeko. AEBetatik bueltan etorriko dira Euroligako lehena Maccabiren aurka, Granada ligan, Asseco Prokom berriro Euroligan, eta Fuenlabrada, etxeko epelean, hilabeteko azken egunean.
23 egun luze geratzen dira egun horretara iristeko, eta bidea geltokiz geltoki egitea komeni. Bakoitzak bere mamia duelako. Malaga Baskoniaren plaza maitatuenetakoa da. Arabarrek garaipen bolada bikaina jorratu dute han, jokatutako azken hamahiru partidetatik hamabi irabazi baitituzte. Malagan amesgaiztoak dituzte Baskoniarekin, eta haien aurkari gorrotatuenetakoa bilakatu da. Unicajak azken hamarkadan Bartzelona eta Real Madril ahaltsuen pare izateko bidean izan duen aurkari gaiztoena izan da Baskonia, Andaluziako taldeak, urtez urte Baskoniak baino diru kopuru handiagoa erabili arren.
McIntyre eta Tripkovic
Unicajak hamazazpi milioi euroko aurrekontua du, baina aurreko urteetan bezala, kirol arrakastarik lortuko duten ez da ziurra. Besteak beste, urtero osatzen dutelako talde ona, eta ia urtero geratzen direlako azken koska igo ezinik. Azken koska zail hori igotzeko, jokalari interesgarriak fitxatu dituzte: Terrell McIntyre eta German Barrera Panchi joko antolatzaileak, eta Uros Tripkovic eskolta. Hirukote horrekin, eta aurreko denboraldian taldea arrakastara eman behar zutenek behingoz aurrerapausoa emateko itxaropenaz, sasoi honetan asmatu dutelakoan daude.
Ligako lehen jardunaldian irabazi egin zuen Unicajak, Zaragozan. 76-79 hartu zuen mendean CAI, eta Saul Blanco, Carlos Jimenez eta McIntyre izan ziren onenak. Unicajak prest du talde osoa, baina Baskoniak ez. Arazo bakarra du, baina garrantzitsua. Marcus Haislipek gihar arazoak ditu zangosagarrean, eta hiru bat aste egingo ditu jokatu gabe.
UNICAJA-BASKONIA
Unicaja. Terrell McIntyre, Panchi Barrera, Freire, Rodriguez, Saul Blanco, Tripkovic, Printezis, Jimenez, Rubio, Freeland eta Archibald.
Caja Laboral Baskonia. Ribas, Huertas, Logan, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Pietrus, Musli eta Barac.
Sailkapena. Unicaja 9. postuan dago: 1-0 (+3). Baskonia liderra da: 1-0 (+47).
Lekua. Martin Carpena (11.000 ikusle).
Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Eromenaren hasiera
Malagan jokatuko du gaur Baskoniak, zazpi partida eta dozena erdi bidaia astunen lehen geltokia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu