Iñigo Bidondo

Erori gabe, irrist egin

Orain bi urte eskas pasatu zen gurpil gaineko patinajetik izotz gainekora, eta, urtebete eskaseko prestaketa egin ostean, Munduko Koparako sailkatzear dago. Euskal patinatzaile batek inoiz lortu gabekoa du amets: Olinpiar Jokoetan lehiatzea.

Julen Etxeberria.
2014ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Euskal kirolariak makina bat kiroletan aritu izan dira Olinpiar Jokoetan. Gutxi dira euskal kirolariren bat aritu gabeko kirolak. Neguko Olinpiar Jokoetan, ordea, oso bestelakoa da kontua. Eski alpinoan, iraupen eskian edo snowboardean bakarrik lehiatu izan dira. Bakarrik hitzak derrigorrean joan beharra du esaldi horretan. Zergatik? Neguko olinpiar egitaraua hamabost kirolek osatutakoa baita. Erraz egiten dira kontuak: egitarauaren %80ak ez du inoiz ezagutu euskal kirolaririk. Hau da zerrenda beltza: biatloia, bobsleigha, skeletona, lugea, curlinga, konbinatu nordikoa, eski akrobatikoa, eski jauziak, izotz hockeya, patinaje artistikoa, pista txikiko abiadura patinajea eta abiadura patinajea.

Iñigo Bidondo gasteiztarra jo eta ke ari da zerrenda luze horretatik abiadura patinajea desager dadin. Epea du erronka zail hori betetzeko, hiru urte pasatxokoa, 2018ko otsailean jokatuko baitira hurrengo Neguko Olinpiar Jokoak, Hego Korean, Pyeongchangen. «Ametsa litzateke han egotea», aitortu du hunkituta.

Bide luzea du egiteko, baina bide zuzena darama. Etengabe ari zaizkio kentzen segundoak erlojuari. Kronometroak dar-dar egiten du hura izotz pistan dagoenean. Ez da gutxiagorako, azken hilabete eta erdian zazpi aldiz ondu du Espainiako marka, 500, 1.000, 1.500 eta 3.000 metrokoetan. Beste euskal patinatzaile bat zen marka horien guztien jabe: Asier Peña barañaindarra —5.000 eta 10.000 metrokoetan ere berak du Espainiako marka—. Peña, ordea, erretiroa hartuta dago.

Baina Bidondok ezer baldin badu, hobetzeko tartea da, hasiberria baita abiadura patinajean, bi urte eskas daramatza, urtebete eskas entrenatzen. Patinajean, ordea, sobera du eskarmentua, hamabost urte egin baititu gurpil gaineko patinajean. Kirol horretan ere nabarmendutakoa ere bada: hamabost aldiz izan da Espainiako txapeldun, eta bitan jantzi du brontzezko domina Europako Txapelketan.

Zergatik aldatu gurpilak xafla batekin? «Marcello Bresinek, gurpil gaineko entrenatzaile italiar batek, konbentzitu ninduen proba nezan. Ideia ona iruditu zitzaidan, gurpil gaineko patinajeak ez baitu aurrera egiten olinpiar kirola izateko bidean. Uste nuen aukera ona izan zitekeela. Gurpil gaineko zenbait patinatzailek bide hori egin zuten, eta ondo ari ziren. Probatu nuen, gustatu egin zitzaidan, eta han gelditu nintzen, Italian, Baselga di Pinen».

Pistarik ez; Herbehereetan 50

Bidondok umorez gogoratu du xafladun oinetakoak jantzi zituen lehen aldi hura. «Iñigo, hau ez da zuretzat». Horixe esan zion bere buruari lehen une hartan. «Arraro» ikusi zuen bere burua. «Oso sentsazio arraroa zen. Gurpilen gainean jabetzen zara azkar zoazela, gurpilak entzuten dituzulako jira eta bira. Baina izotzean ez. Izotzean apenas entzuten den soinurik, ez zara jabetzen azkar zoazela. Baina benetan zoaz azkar, 45 kilometro orduko askotan».

Atzean geratu da orduko sentsazio arraro hura. Jada hartu dio «gutxi gorabehera» neurria kirol berriari. Neurria hartu dio ere aldaketari. «Izotz gainekoan ia dena da teknika, %95a. Indarrak ez du horrenbesteko garrantzirik. Gurpil gaineko patinajean, berriz, indarrak garrantzi handia du, eta hutsen bat egin dezakezu. Izotzean ez. Funtsezkoa da teknika ondo menperatzea. Nik, adibidez, zuzengunean dut asko hobetzeko. Bihurguneetan moldatzen naiz, indar asko baitut. Baina zuzengunean... hor falta zait. Eta hori orduak sartuz lortzen da».

Horretan ari da Bidondo, Inzellen, Alemanian, han baitago goi errendimendu gunea. «Euren herrialdeetan taxuzko azpiegiturak ez dituzten patinatzaileak datoz hona. Hori da nire kasua, ez Euskal Herrian, ez Espainian ez baitago pista bakar bat ere. Hona etortzeko diru-laguntza izan dut, baina nik ere nire patrikatik jarri behar izan dut dirua».

Zeelandaberritarrak, ingelesak... horiek ditu ondoan Inzellen. Herbeheretarrik ez. Bidondo inbidiaz mintzo da herrialde hartaz. «Gutxienez, 50 pista egongo dira Herbehereetan. Gero, noski, ez da harritzekoa emaitza bikainak lortzea». Aitorpen hori hobeto ulertzen da estatistika bat gehituta: 36 domina banatu zituzten aurten Sotxin (Errusia), Neguko Olinpiar Jokoetan, eta horietatik 23k amaitu zuten Herbehereetako patinatzaile baten kolkoan.

Olinpiar domina bat lortzea baino askoz helburu apalagoa du berak orain. Pozik legoke sasoi honetan Asier Peñak egindakoa berdinduta: Munduko Kopan eta Europako Txapelketan aritzea. Horretarako, segundo bat hobetu behar du 1.500 metrokoan, bere proba gustukoenean. Baikor da. «Gero eta hobeto ari naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.