Sara Erranik aspaldi utzi zion Roland Garroseko ustekabekoa izateari. WTAko 24. sailkatua izan arren, txandaz txanda lur harrotuan bikain konpontzen dela erakutsi du, eta gaur egun inor gutxik egin diezaioke aurre. Atzoko finalerdian, Samantha Stosur 2010eko txapeldunordea kanporatu zuen (7-5, 1-6, eta 6-3) eta Maria Xarapovaren aurka jokatuko du biharko finalean. Errusiarrak Petra Kvitova txekiarra kanporatu zuen (6-3 eta 6-3), eta aurreneko aldiz jokatuko du Parisko finala.
Erranik ibilbide bikaina egin du ekitaldi honetan. Sasoi bikainean iritsi zen, Acapulco, Budapest eta Bartzelonako torneoak irabazita eta atzoko garaipenarekin, aurten lur harrotuan partida gehien irabazi duen zirkuituko tenislaria da.
Maila horri Grand Slamean eutsiko zion ikustea falta zen, baina, aurretik inoiz ez baitzen final-laurdenetatik aurrera igaro torneo handi batean. Bada, Parisen, Ana Ivanovic 2008ko txapelduna eta Svetlana Kuznetsova 2009koa kanporatu ditu lehenbizi, eta gero, Stosur. Finalerdietako partida ez zen erraza izan, eta euriaren ondorioz ordubete eta hogei minutu beranduago hasi zen; Erranik 7-5 irabazi zuen lehen seta.
Stosur ondo ari zen, eta bigarren setean gehiago izan zen (6-1). Ahal fisiko handiagokoa, kolpeari esker menperatu zuen aurkaria. Seta galduta zeukala ikusita, Erranik indarrak gorde zituen azken jokoetan, eta hirugarrenaren hasieran suspertu egin zen: 3-0. Stosurrek berdintzea lortu zuen (3-3), baina aurretik jarri behar zenean hiru opari egin zituen: saketik falta eta behartu gabeko bi huts. Sakea lagun, Erranik ez zuen barkatu.
Beste finalerdian ez zen orekarik egon, eta Xarapova Kvitova baino gehiago izan zen. Garaipenari esker, WTAko lehen postura igo da. Grand Slam bateko zazpigarren finala du, eta bera da faborito etzi, finalean.
Gizonezkoen finalerdiak gaur jokatuko dira, betiere eguraldiak uzten badu. Euria iragarrita dago, eta ez litzateke harritzekoa bi partidak bihar arte atzeratu behar izatea. Aurrenekoan, bi kataluniar ariko dira: Rafael Nadal eta David Ferrer (13:00, Teledeporte). Bigarrenean, Roger Federerrek eta Novak Djokovicek neurtuko dituzte indarrak. Iaz ere finalerdietako bat jokatu zuten, eta Federerrek irabazi zuen.
Erranik geldiezina dirudi
Italiarrak Stosurri irabazi dio Roland Garroseko finalerdietan, eta Xarapova izango du aurkari finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu