Zabaletak pilota astindu eta Jakak aurrean bikain bukatu. Behin, bitan, hirutan... 22ra iritsi arte. Aise eraman dute Binakako Txapelketako zazpigarren jardunaldiko partida sailkapeneko buruan direnek, Artolak eta Imazek ezin izan baitute ezer egin tamaina horretako erauntsiaren aurrean (22-10). Tolosan bildu diren zaleek garaileen erakustaldiarekin gozatu ahal izan dute gaur.
Partidaren hasieran baino ez dira egon berdinduta: bina eta launa. Hortik aurrera 2-14ko partziala sartu diete Jaka-Zabaletak Artola-Imazi, 6-18kora arte. Tarte horretako nagusitasuna Zabaletaren joak eta Jakaren erremateek marraztu dute. Maisutasunez jokatu dute biek. Atzelari nafarrak pilota jo ez ezik, Artolari kendu ere egin dio, eta Imaz ere behin baino gehiagotan jarri du ezker paretaren kontra, pilota baztertuak eramateko zailtasunekin. Lege zaharrean jokatu dute garaileek: atzelariak dominatu eta aurrelariak bukatu. Hamabi tanto egin ditu aurrelari gipuzkoarrak, eta batzuk ondo ederrak, gainera. Airez behe-behetik jo duena lehen bi koadroen barrutik hamahirugarren tantoa egiteko bikaina izan da, adibidez.
Azkenera txukundu dute pixka bat emaitza galtzaileek, lau tanto erreskadan egin dituztelako: 6-18tik 10-18ra igaro dira. Zabaletak pare bat pilota huts egin ditu hor, Jakak bestea, eta bakarra bukatu du Artolak airez lauko segida hori osatzeko. Gorrien 19. tantoak ere merezi du aipamena, Zabaletak zabaletik ziztu bizian moztutakoa izan baita. Azken hiru tantoak Jakaren maisutasunak erabaki ditu.
Zazpigarren jardunaldi hau bihar amaituko da: Eibarren jokatuko dute Olaizola-Urrutikoetxeak eta Ezkurdia-Martijak. Lehen itzuliko azkeneko partida izango da. Orain artekoaren sailkapena hauxe da:
SAILKAPENA
1. Jaka-Zabaleta 6 puntu
2. Altuna-Galarza 5 pt.
3. Artola-Imaz 4 pt.
4. Ezkurdia-Martija 3 pt.*
5. Laso-Albisu 3 pt.
6. Irribarria-Rezusta 3 pt.
7. Olaizola-Urrutikoetxea 2 pt.*
8. Bengoetxea-Mariezkurrena 1 pt.
*Partida bat gutxiago