360 akzio. Jorge Casteloren Tratado general de fútbol liburuan hauxe irakurri dut: jokalari batek partidako 360 ekintza egiten ditu. Horiek denak ondo egitea ezinezkoa da. Ezinezkoa ematen duen bezala ekintza erraz-errazak gaizki egitea. Baina ikusle garenontzat erraza dena zaila izan daiteke jokalarientzat. Iruñeko derbian hiru adibide ikusi nituen, hiru ekintza itxuraz errazak direnak, baina jokalarientzat zail bihurtu zirenak edo beraiek zail bihurtu zituztenak. Entrenatzaileak partidako zenbat ekintza egin behar dituen ez dago neurtuta, baina horiek ere errazak eta zailak izango dira. Donostian, Martin Lasartek, denen jomugan zenak, errazetik jo zuen. Eta bai asmatu ere.
Osasunaren gola. Geldikako jokaldian sartu zion Osasunak gola Athletici. Halakoetan, zuri-gorriek zonakako zaintza egiten dute. Jartzen dira jokalari gehienak area ertza baino kanporaxeago, buruz buruko zaintza egin gabe. Horrela kokatzearen alde ona da aurkariari ez zaiola uzten aurrera nahi duen lekura joaten, jokoz kanpo gelditzeko arriskua duelako. Mugatu egiten zaio mugimendu kopurua. Atzelari lanetan daudenek ez lukete atzeratu behar, aurkariek defentsako lerroa gainditzen dutenean falta atera gabe dagoenean. Horra jokoz kanpo argia. Baina igandean, Athleticekoak atzeratu egin ziren, eta asko gainera, Osasunak falta atera orduko. Harritu egin nintzen, atzeratu gabe gelditu izan balira etxeko hiruzpalau jokalari jokoz kanpo zeudekeelako. Horra erraza ematen duen jokaldi mota bat Oso zaila da, ordea, atzeratu gabe eustea, ikusi egiten direlako nola datozen aurkariak. Jokaldi berean, Gaizka Toquerok urrundu zuen baloia, alboan taldekidea zuela. Itxuraz erraza zen inoiz urrundu behar ez den lekura ez urruntzea, erdira alegia, baina gaizki jo zuen baloia, eta hantxe hasi zen mamitzen Kike Solaren gola. Erraza zirudien ekintza zail bihurtu zuen Athleticeko aurrelariak.
Athleticen golak. Bi huts nabarmen eta handi egin zituzten Osasunako jokalariek bi jokaldi horietan. Aurrenekoan, Sergiorena ikusteko modukoa da, eta zer ez den egin behar erakustekoa. Llorenteri nahi zuen bezala utzi zion baloia jotzen, zaintzako lana egiteko gaizki kokatu zelako. Zaindu behar duen jokalariaren eta bere atearen artean jarri behar da. Baina Sergio Llorenteren alboan jarri zen. Sekulako hutsa. Erraza dena zail bihurtu zuen atzelariak, eta oso erraz sartu zuen gola aurrelariak. Bigarren golean Ricardo atezainak egin zuen hutsa. Atera behar ez zuen lekura atera zen, atea zabalik utzita. Atezainen legeak dio aurkaria eta atzelaria parean badoaz luze jotako baloiaren bila ez duela atetik atera behar. Baina han joan zen. Erraza ematen du ekintzak, baina ez da hain erraz neurtzen noiz atera eta noiz ez. Jokaldiaren hasieran, Muniain Nelsonen aurretik zen, eta horrekin nahasiko zen atezaina, pentsatuz atzelariak ez zuela harrapatuko aurrelaria.
Realaren lehen zatia. Errazetik jo zuen Lasartek. Joko zuzenaren aldeko apustua egin zuen lehen zatian, eta Reala ondo moldatu zen. Zelai erdian zeharkako jokoa egiteko zailtasun handiak izaten dituztenez, arazoa errotik moztu zuen: jo baloia gora, eta egin presioa. Apenas sortu zuen golak sartzeko aukerarik, baina aurreko partidetan izan ez duen erritmo bizia eman zion jokoari. Beste itxura bat eman zuen taldeak. Eta aurkaria baino gehiago izan zen tarte horretan, nahiz eta Sportingen kontraerasoak oso arriskutsuak izan. Baina Realak berak eman zion arriskua sortzeko aukera, joko zuzena egin ez zuen ekintzetan baloia errazegi galtzearen ondorioz. Dena den, joko zuzenarena eztabaida eragile ere badenez, batzuentzat gaizki jokatzearen baliokide zuzena izanik, gaizki jokatu zuen Realak lehen zatian. Niretzat, bigarrenean aritu zen eskas. Atzean sartu zen, eta aurreko jokalariak ez zeudenez lehen zatian bezain goian, joko zuzenaren baliabideak ez zion balio. Zeharkako jokoa egin behar izan zuenez, askotan galdu zuen baloia taldeak bere zelaian. Erraz egin zuena zaildu egin zitzaion gero, edo hobeto esateko, berak zaildu zuen, oso atzean sartu zelako.
Aulkitik begira
Erraza eta zaila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu