Errazegi eta ondo kostata

Aurrera Saiazek aise irabazi zion Uharteri eta Zugarraldek estu antzean Aldabideri BERRIA txapelketan, eta finalerdietan dira

Erredakzioa
Donostia
2009ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Kirolak mila aurpegi dauzka. Emaitzetan islatzen da, besteak beste, ezaugarri hori. Neurketa batzuetan sekulako aldea egoten da, eta besteetan ez. Horixe gertatu zen asteburuan BERRIA txapelketan. Final-laurdenetako lehen bi kanporaketak jokatu ziren, eta batean sekulako astindua eman zion Aurrera Saiazek Uharteri, eta bestean, orain arteko kanporaketa berdinduena jokatu zuten Zugarraldek eta Aldabidek; azkenean Zugarraldek irabazi zuen. Bi elkarteak finalerdietan dira, eta gainerako biak zein diren datorren asteburuan jakingo da. Larunbatean, Galdakaon, Adiskidek eta Zazpi Iturrik jokatuko dute, eta Hernanin, Irurtzun eta Hernani lehiatuko dira; bi elkarte horiek jokatu zuten, hain zuzen, duela bi urteko finala.

Uharte 18

Aurrera Saiaz 66

KADETEAK

Ioldi II.a-De la Fuente 04

Labaka-Arratibel 22

GAZTEAK

Iraola-Rodriguez 06

Sukia-Zinkunegi 22

NAGUSIAK

Errea-Tabar 08

Epelde-Telletxea 22

Hasi eta buka, kolore bakarra egon zen Tolosako Beotibar pilotalekuan: Aurrera Saiazena. Hiru partidetan aise gailendu zitzaion Uharteri. Nafarrak hiru titularrik gabe azaldu ziren, eta majo ordaindu zuten hori. Denera, hamazortzi tanto soilik egin izanak ederki azaltzen du zer-nola jardun ziren. Kadeteetan, ordezkoak kantxaratu zituen, eta Aurrera Saiazekoek ez zieten batere aukerarik eman. Gazteetan eta nagusietan ere aise irabazi zuten. Gipuzkoarrak txapela irabazteko hautagai sendoenetakoak dira.

Aldabide 51

Zugarralde 66

KADETEAK

Zelaia-Gabirondo 21

Iribarren-Mayans 22

GAZTEAK

Ezkurdia II.a-Lukin 18

Jaunarena-Tainta 22

NAGUSIAK

Ezkurdia I.a-Bergera 12

Santesteban-Landiribar 22

Hiru partidetatik bi oso berdinduak izan ziren Urnietan, baina bietan Zugarraldek irabazi zuen. Estu, ordea. Kadeteetan, esaterako, tanto bakarreko aldea egon zen Burlatakoen alde. Bi aurrelarien lana ikusgarria izan zen, hogei tanto egin baitzituzten. Gazteetan, mailako lau pilotari onenak lehiatu ziren, baina Ezkurdia II.ak, aurrean, ez zuen egun onena izan, eta hortxe galdu zuten partida. Nagusietan, Zugarraldek nahikoa zuen hamazazpi tanto eginda, baina irabazi egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.