Errebantxa edo errepikapena

Batita Ducassouk eta Peio Larraldek jokatuko dute buruz buruko trinketeko finala gaur Baionan

Peio Larralde —bizkarrez— eta Batita Ducassou hizketan, finalerako pilota aukeraketan, iragan asteazkenean. BOB EDME.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Elkarren aurkako buruz buruko bigarren finala dute gaurkoa, eta litekeena da euren kirol ibilbideko azkena ez izatea. Batita Ducassouk (Itsasu, Lapurdi, 1991) eta Peio Larraldek (Hazparne, Lapurdi, 1993) trinketeko txapel preziatuena izango dute jokoan Moderne Baionako pilotalekuan (10:00). Iazko finalean ere elkarrekin giltzapetu ziren kristalezko pareten artean —bientzat aurrenekoa zen berezkoekin—, eta ordukoan Ducassouk irabazi zuen, nagusitasun handiz (40-21).

Moderne bete egingo da. Bi egun baino gehiago dira sarrera guztiak saldu zirela. Pilotari gazteek zale berriak eraman dituzte trinketetara, eta ikusmin handia dago. Bi finalistak eta Bixintxo Bilbao ziburutarra dira odol berri hori oraingoz, eta iazkoa loraldia urte bakarreko kontua baino gehiago dela erakutsi dute.

Larralde eta Ducassou pilotari ezberdinak dira. Ducassou atzelari indartsua da, eta, ziurrenik,egungo buruz buruko trinketlaririk onena. Iazko udan, Mexikon, munduko txapeldun izan zen, eta txapelketa honetan sendotasun irudi harrigarria eman du. Final-laurdenetan Antton Amulet 40-24 kanporatu zuen, eta finalerdietan ez zion aukerarik eman Bilbaori (40-18). Partida horretan hamabost tanto egin zituen saketik. Bi partidak eroso irabazi ditu, eta sasoi betean iritsi da finalera.

Iazko finaleko emaitza eta aurten txapelketan emandako mailaren ondoren, Ducassouk faborito garbi beharko luke. Larralde, baina, ez da iazkoa. Aurrelari trebea Manu Martiarena txapeldun handiaren ikaslerik onenetakoa da —sei aldiz irabazi zuen Martiarenak buruz burukoa—. Iazko finalean ezer gutxi egin izan zuen, baina bere sasoia bestelakoa da aurten. Indartu egin da, eta Larraldek berak aitortu du hobeto eusten diela partidei. Astean bost saio fisiko egitearen fruitua da.

Larralderen aldeko akzioak, baina, ez dira gimnasioan igo, kantxan baizik. Iragan abenduan Superprestige torneoko finala jokatu zuen Ducassouren aurka, eta 40-26 irabazi zion. Superprestige Donibane Garazin jokatzen da, harrizko paretadun trinketan, eta bada aldea Moderneko beirazkoekin, baina garaipen hark konfiantza eman zion. Txapelketa honetan, bi txapeldun ohi kanporatu ditu finalerako bidean. Final-laurdenetan 40-32 irabazi zion Paxkal Ezkurrari, eta finalerdietan 40-26 Waltary Agustiri. Kubatarra iaz ez zegoen sasoi betean, baina aurten bai, eta ondo egonda hari irabazteak meritu berezia du —sei aldiz izan da buruz buruko txapeldun Waltary—.

Iragan ostegunean aukeratu zituzten pilotak, eta biek bizi antzekoak hautatu zituzten. Bitxia da, Ducassouk azaldu zuen bezala, joko ezberdina dutelako. «Larraldek aitzinean jokatzen du, eta maite du tantoak fite trinkatzea, bi edo hiru pilotakadaz. Nik nahiago ditut tanto luzeagoak, eta jokoa urrunarazi. Besteari jokoa inposatzen dionak irabaziko du txapela».

Iaz horrela gertatu zen, eta Larraldek uste du aurten eskarmentuak hori eragozten lagunduko diola. «Iaz baino esperientzia handiagoa dut orain, baina egia da Ducassouk ere handiagoa duela. Urte honetan Ducassouk gauza handiak egin ditu buruz buru, eta txapelketan ikusi da gaitzeko sasoian dagoela. Badakit partida oso zaila ukanen dudala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.