Urrats handia egiteko aukera du gaur Itxakok bere esku: Txapeldunen Ligako finalerdietarako sailkatzea. Partida historikoa izan daiteke, beraz, gaurkoa. Halaxe azpimarratu dute taldeko arduradunek, eta, horregatik, jarraitzaileei pabiloia betetzeko dei berezia egin diete. Itxakok ondoan nahi ditu bere zaleak, orain arte egin duen urratsik garrantzitsuena ospatzeko aukera mahai gainean baita.
Bigarrenez ari dira sasoi honetan nafarrak Europako txapelketa nagusian, eta argi utzi dute, orain arte, txapela janzteko merituak badituztela. Bigarren ligaxkako bosgarren jardunaldian, Esloveniako Krim Mercator hartuko du Lizarrako taldeak gaur. Haren aurka galdu zuen Itxakok lehen jardunaldian (30-26). Gaur irabazten badu, azken jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela, finalerdietan izanen dira nafarrak.
Denboraldia hasi zenetik, gora egin du nafarren jokoak. Eta hasieran ia ezinezkotzat jotzen zena eskura dute orain. Ez baita edonolako marka Europako lau onenen artean sailkatzea; are gutxiago, Txapeldunen Ligan aritzen zaren bigarren aldian. 2008. urtean jokatu zuen Itxakok EHF kopako finala aurrenekoz. Galdu egin zuen. Baina errebantxarako aukera profitatu zuen urtebete eskas geroago, Alemanian, Leipzigen aurka. Txapela jantzi zuten nafarrek. Geroztik, gora baino ez du egin Itxakoren bideak. Ligan, bai eta Europan ere.
Europan, hain zuzen ere, ikaragarria izan da Itxakoren azken urteotako bilakaera. 2008an hasi berria zenak ikasi du presioari, urduritasunari eta arduraren zamari aurre egiten. Txapeldunen Ligako orain arteko partidetan gertatutakoa izan da horren adibiderik garbiena. Egia da kosta egin zitzaiela nafarrei lehen ligaxkaren hasieran txapelketaren erritmoa hartzea, eta porrot batekin ordaindu zutela prezioa. Baina Itxakok ez zuen amore eman: konfiantza izan du Ambros Martinek zuzendutako taldeak lagun geroztik, eta une zailei aurre egiten ere ikasi dutela erakutsi dute.
Bigarren ligaxkan bertzelako aurpegia erakutsi du Itxakok. Aurkarien mailak gora egin arren, haien aurrean inoiz baino lotsagabeago agertu dira Ambrosek zuzendutako jokalariak. Batere konplexurik gabe. Jarrera horrek eman du fruiturik. Krimen aurkako lehen partida galdu zuen Itxakok bigarren ligaxkaren hasieran, baina ikasi zuten Lizarrakoek, eta hurrengo hirurak irabazi dituzte.
Lan horren fruituak jasotzeko prest dira Itxakoko kideak. Baina inork baino hobeki dakite Europan hutsak garesti ordaintzen direla. Horregatik, Krim mendean hartu bertze asmorik ez dute gaur. Galduz gero, orain zuri dena beltz bilaka daitekeelako. Izan ere, bigarren ligaxkako azken partida Buducnosten aurka jokatuko du Itxakok, Montenegron. Bihar, Buducnostek Oltchim hartuko du. Partida horren emaitzak, beraz, garrantzi handia izanen luke nafarrentzat gaur galduz gero.
Zortzi onenen artean
Finalerdiak hain gertu izanda, kolpe latza izanen litzateke ez sailkatzea. Baina ez da ahaztu behar orain arte egindakoa jada lorpen handia dela. Europako zortzi onenen artean da orain, eta ez da hori lortzen erraza.
Finalerdietarako sailkatzea ere ez. 2005-2006ko denboralditik, hain zuzen ere, ez da hain urruti ailegatu Txapeldunen Ligan ABF ligako talde bat. Sasoi hartan finalerdietarako sailkatu zen Astroc Sagunt. Balentria errepikatzeko aukera eskuan du Itxakok gaur.
ITXAKO-KRIM MERCATOR
Lehiaketa. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako bosgarren jardunaldia.
Itxako. Navarro, Stefani, Barno, Egozkue, Jessica Alonso, Patri Pinedo, Nerea Pena, Macarena Aguilar, Carmen Martin, Soit, Turey, Bea Fernandez, Kurbanova eta Barbosa.
Krim Mercator. Grubisic, Stefanisin, Soberi, Penezic, Lekic, Variec, Gojkovic, Mavsar, Vergeliuk, Jankovic, Pus, Bodnieva, Cvijic, Gregorc, Zmec, Guberinic, Koren, Geissmann eta Ceckova.
Epaileak. Andersen eta Sodal (Norvegia).
Sailkapena. Itxako lehena da lehen multzoan: 3-1 (+5); eta Krim laugarren: 1-3 (-7).
Lekua. Lizarrerria kiroldegia (3.000 ikusle).
Ordua. 19:00 (Canal 6).
Multzoko beste partida. Buducnost-Oltchim (bihar, 19:30).
Errebantxa eta finalerdia xede
Europako bigarren ligaxkan Krimek baino ez du garaitu Itxako, eta haren kontra dute jokoan nafarrek finalerdia, gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu