Andre Mari Zuriko ferian ez da buruz buruko finalaren errebantxarik izango. Gasteiz, udan, finalen errepikapen agertoki izan da klasikoki; 2008an eta 2009an jokatu ziren azkenekoak, eta iaz ez bazen jokatu bi finalistak Aspekoak zirelako izan zen. Halere, aurten, Xalak eta Olaizola II.ak ez dute elkarren aurka jokatuko. Ez behintzat buruz buru. Agian binakako torneoko finalean egingo dute bat. Enpresek bost bikoteko torneoa diseinatu dute, eta bat mistoa izango da: Xala-Albisu.
Andre Mari Zuriko feria abuztuaren 5etik 9ra jokatuko da, ohikoa denez, Ogetan. Urtebete da ez dela esku-huskako partidarik jokatu han. Itzuleran, baina, ez da partida erakargarriena jokatuko. Litekeena da aurtengo udan jokatzea buruz buruko errebantxa, baina ez da Gasteizen izango. Enpresak aukera ezberdinak aztertzen ari dira, eta litekeena da partida hori Bilbokoan jokatzea. Aspek eta Asegarcek bost eguneko feria antolatuko dute Bilbon abuztuko azken asteburuan, eta ordurako utziko dute, ziurrenik, errebantxa.
Abuztu bete-betea izango da EPELentzat, lau feria jokatuko baitira, eta aurrenekoa Gasteizkoa izango da. Bizkarrezurra binakako torneoak osatuko du, eta Titin III.a-Zubieta eta Bengoetxea VI.a-Beginoren arteko partidarekin hasiko da. Triciokoak Gasteizko torneoko hamahirugarren finala jokatzea izango du helburu, eta iazko kide bera izango du alboan. Iaz finala galdu zuten, Xala-Barriolaren aurka.
Lehen finalerdia 6an jokatuko da, Olaizola II.a-Beroiz eta Martinez de Irujo-Merino II.aren artean. Aspek errioxar gazteari udako bigarren ferian parte hartzeko aukera eman dio. Bigarren finalerdia, berriz, 7an jokatuko da. Xalak eta Albisuk bikote mistoa osatuko dute, eta 6ko irabazleak izango dituzte kontrario. Inoiz ez dute elkarrekin jokatu, eta ataundar gazteak atzoko aurkezpenean onartu zuenez, ilusioa egiten dio buruz buruko txapeldunarekin aritzeak. Bi finalerdietako irabazleek 9an jokatuko dute finala.
Finalaren bezperan ardoaren desafio klasikoa jokatuko da, eta, sanferminetan egin bezala, jaialdiko hiru partidetan erabakiko da saria. Lehenbizi Retegi Bik eta Arretxe II.ak lau t'erdiko partida jokatuko dute. Gero binakako partida jokatuko da, Olaizola II.a edo Berasaluze VIII.a Apraizekin ariko dira, Irujo edo Gonzalez eta Laskurainen aurka. Aurrelariak torneoaren nondik norakoaren arabera erabakiko da. Azkenik, Idoatek eta Olaetxeak buruz buruko partida jokatuko dute. Proba ona izango da 2. mailako txapeldunarentzat.
Bestalde, Gasteizkoaren aurretik, Azpeitiko feria txikia jokatuko da, bi jaialdikoa. Hilaren 31ko partida nagusia Titin III.a-Zubieta eta Irujo-Laskurainen artekoa izango da. Abuztuaren 1ekoan, berriz, Olaizola II.ak eta Albisuk Bengoetxea VI.a eta Beroizen aurka jokatuko dute.
Errebantxa, izatekotan, Bilbon
Binakako torneoa izango da Gasteizko feriako bizkarrezurra, eta bikote misto bat egongo da: Xala-Albisu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu