Errebantxa kutsua ere badu

Euskal Herria eta Katalunia elkarren kontra ariko dira gaur, Bilbon, eta ofizialtasuna eskatuko dute

Igor Susaeta.
2007ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko eta Kataluniako futbol selekzioek nazioarteko lehiaketetan lehiatu nahi dute. Hala nahi du herriak eta hala nahi dute, era berean, kirolariek ere. Beraz, gaur iluntzean San Mamesen elkarren kontra jokatuko duten lagunarteko partidak ofizialtasunaren aldarrikapen kutsu nabaria du. Baina errebantxa kutsua ere badu. Izan ere, Kataluniako eta Euskal Herriko selekzioek [orduan Euskadi zen oraindik ere] indarrak neurtu zituzten Camp Noun orain urtebete pasatxo, 2006ko urriaren 8an, hain zuzen, eta partida bina amaitu zen. Ez batzuk ez besteak, ez ziren gustura geratu. Jokalari batzuek esan dute ordukoa joaneko lehia izan zela eta gaur itzulikoa jokatuko dela.

Gainera, partida lagunartekoa izan arren, jokalariek duten guztia ematen dute jokaldi bakoitzean. Gutxitan izaten dute euren herrialdeko selekzioa defendatzeko aukera, eta, hortaz, gogo biziz aritzen dira. Areago, ofizialtasunaren aldarrikapena pil-pilean, inoiz baino biziago, dagoenean. Beraz, erakargarria bezain zirraragarria izateko osagaiak ditu gaurko partidak.

Bi herrialdeotako jokalari onentsuenak ariko dira gaur. Euskal Herrikoan Xabi Alonsorena (Liverpool) da hutsune nabariena, eta Kataluniakoan, berriz, Cesc Fabregasena (Arsenal). Biek ala biek Ingalaterran jokatzen dute, eta hango Liga ez da eteten Gabonetako oporretan. Raul Tamudo (Espanyol), Gerard Lopez, Quique Alvarez (Recreativo) eta Joan Capdevila (Vila-real) ere ez dira San Mamesen izango, hainbat arrazoi direla medio, baina Pere Gratacos hautatzaileak talde itxurosoa osatu ahal izango du.

Victor Valdes atezaina ere deialdian zegoen, baina azkenean Bartzelonan geratu da, bizkarreko mina baitu. Puyol kili-kolo ibili da azken egunotan, baina partida jokatzea erabaki du. Beraz, munduko atzelari onenetako bat ariko da San Mamesen. Xavi ere ez da atzera gelditzen zelai erdian. Deportivoko Sergio beteranoa izango da haren bikotekidea euskarrian. Eta zelai erditik aurrera, talentua, bizitasuna eta gaztetasuna. Bojan Krkic 17 urteko izarrak barneratzen ditu hiru dohain horiek, baina Corominas zuhurra eta Sergio Garcia ere kontuan hartzeko jokalariak dira. Iñaki Badiola Realeko presidentetzarako hautagai bakarrak fitxatu nahi duen Marc Crosas gaztea ere deialdian dago, Belenguer (Getafe), Pinilla (Gimnastic) eta David Garcia (Espanyol) bezalaxe. 34 urteren ondoren bere mugetatik kanpo jokatuko du Kataluniako selekzioak.

Euskal Herriko selekzioak, berriz, Venezuelan jokatu zuen azkeneko lagunarteko partida, iragan ekainean. Gaur, baina, etxean, San Mamesen ariko da. Sarrera guzti-guztiak saldu dira, eta giro beroa espero da. Jokalariak, hortaz, motibazioz gainezka aterako dira zelaira. Eta motibatuenen artean, Jon Urzelai Eibarko jokalaria dago. Oñatikoak Pantxi Sirieix ordezkatu du azken orduan, Tolosako jokalaria (Frantziako Ligakoa) min hartuta baitago. Urzelaik 30 urterekin edukiko du selekzioarekin debutatzeko aukera.



OINARRIA, ATHLETICEKOA. Halere, Urzelai ez da hasieratik ariko. Jose Angel Iribar eta Mikel Etxerri hautatzaileek ez dute, ez, hamaikakoaren berri eman, baina hori Athleticeko jokalari askok osatuko dute. Izan ere, 20ko deialdian bederatzi dira Athleticekoak. Dena den, eta partida lagunartekoa izanda, hautatzaileek hamaikako erasokorra aterako dute ziurrenik. Hartara, Yestek hartuko du aginte maila zelai erdian eta Etxeberriak eta Llorentek jokatuko dute puntan. Azkenaldian, gainera, biak elkarrekin jokatzen ari dira Athleticeko erasoko lerroan.

Errebantxa kutsua badu gaurkoak, baina batik bat, aldarrikapen kutsua du San Mamesen biziko denak.



esTaTIsTIKaK

Euskadiren azken hamar partidak

2007-06-20. Venezuela-Euskadi (3-4). Pueblo Nuevo.

2006-12-27. Euskadi-Serbia (4-0). San Mames.

2006-10-08. Katalunia-Euskadi (2-2). Camp Nou.

2006-05-21. Euskadi-Gales (0-1). San Mames.

2005-12-28. Euskadi-Kamerun (0-1). San Mames.

2004-12-29. Euskadi-Honduras (2-0). Anoeta.

2003-12-27. Euskadi-Uruguai (2-1). San Mames.

2002-12-28. Euskadi- Mazedonia (1-1). San Mames.

2001-12-29. Euskadi-Ghana (3-2). San Mames

2000-12-29. Euskadi-Maroko (3-2). San Mames.

Kataluniaren azken hamar partidak

2006-10-08. Katalunia- Euskadi (2-2). Camp Nou.

2006-05-24. Katalunia- Costa Rica (2-0). Camp Nou.

2005-12-28. Katalunia-Paraguai (1-1). Camp Nou.

2004-12-29. Katalunia-Argentina (0-3). Camp Nou.

2004-05-25. Katalunia-Brasil (2-5). Camp Nou.

2003-12-28. Katalunia-Ekuador (4-2). Camp Nou.

2002-12-28. Katalunia-Txina (2-0). Camp Nou.

2002-05-18. Katalunia-Brasil (1-3). Camp Nou.

2001-12-28. Katalunia-Txile (1-0). Camp Nou

2000-12-20. Katalunia-Lituania (5-0). Montjuic.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.