Erreferentzia batekin, hobe

Griezmannek, Prietok eta Velak osatutako hirukoaren alde egin du Montanierrek, baina, orain arteko datuen arabera, taldea hobeto aritu da errematzaile peto batekin.

Donostia
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Futbol garaikidean geroz eta entrenatzaile gehiago dira bederatzi peto-petorik gabe jokatzeko ahalegina egin dutenak. Egun Bartzelonaren jokoa da kontsultarako libururik aproposena, inondik ere. Villa, Pedro eta Messirekin lerrorik aurreratuenean, banakako jokoan distira harrigarrikoak izateaz aparte, gai dira taldearen mesedetan lana beltz egiteko. Jakina da Pep Guardiolak Louis Van Gaalek 1990eko hamarkadaren lehen erdian zuzendu zuen Ajax gogoangarri hura hartu zuela eredutzat. Zer ikusi, hura ikasi. Juanma Lillok era horretara antolatu zuen Realak Castellon jokatutako norgehiagoka garrantzitsua duela bi urte luze. Igotzeko postuetan zeudenen arrastoa ez galtzeko azken ahaleginetariko batean ziren txuri-urdinak, eta tolosarrak Xabi Prieto, Moha eta Marcos zelairatu zituen elkarrekin goian, eta aulkian utzi zituen Necati eta Agirretxe —Abreu ez zen aritu—. Bere fruituak jaso zituen, erraz gailendu baitzen Reala (0-3). Denboraldi hartan egina zuen halakorik Lillok: Zaragozaren kontra, Kopan, Anoetan. Salbuespenak izan ziren. Gerora ez zuelako jokamolde horrek jarraipenik izan, eta beti josi zituen bere hamaikakoak erreferentzia garbi batekin.

Philippe Montanierrek liburuxka horretako jarraibideak azpimarratu ditu, eta Vela berriro jokatzen hasi denetik, modu horretan jokatzeko erabaki irmoa hartu du. Baloia eduki nahi baduzu, laguntza etengabe eman behar da, eta bi ukituan oinera edo espaziora jokatzen saiatu. Diziplina taktikoa funtsezkoa da. Multzoaren alde zeure burua eskaini behar duzu une oro, eta buruz buruko jokaldietan trebea izan oso. Laneko jantzia erantzi afarirako jaka janzteko, eta alderantziz. Ez da batere samurra, lan saioetan eraginkortasuna eskatzeaz gain, batez ere arlo taktikoan, zehaztasun milimetrikoa eta konfiantza hautsiezina exijitzen baititu, eta Realak, gaur-gaurkoz, batetik gutxi badu, bestetik ez dauka ia ezer.

Datuak esku artean hartuta, begi bistakoa da Montanierrek jarritako puntuari segida emateko zailtasunak dituztela jokalariek. Pase gehien eman duen zazpigarren taldea da Reala. Horrek jokatzeko asmo argia erakusten du, baina galdutako baloien zerrendan hirugarrena da. Zerbaitek oker funtzionatzen duen seinale. Mezua ulertu eta gauzatzearen artean tarte handia baitago.

Griezmann, Vela eta Xabi Prieto aurrelari finak dira, teknika aldetik bikainak, eta, golak sar baditzakete ere, azken pasea ematen nabarmentzen dira batik bat. Ez dira ehiztariak, area jokalari zorrotzak. Gainera, Griezmann eta Prieto berezkotik urrun daude zoritxarrerako. Joko gutxirekin.

Egon badaude, ordea, estatistika baikorrak. Carlos Martinez da ondoko marra gehien zapaltzen duen atzelaria, eta soilik Atletico Madrileko Filipe Luisek ateratzen ditu erdiraketa gehiago. Zehaztasuna eta behetik gorako ibiliak neurtzea falta zaizkio koska bat gora igotzeko nafarrari. Benetan aurrera egiteko bidean da, 40 partida baino gutxiago baitaramatza maila nagusian. Kontrako saihetsean, Griezmann ez da aspertu erdiraketak ateratzeaz zimelduta baldin badabil ere. Zerrendaren goialdean dago, 13. postuan. Bien artean 30 baloi inguru jarri dituzte batez beste partidako arrisku eremuan, nahiz eta aspaldian inork ezin izan dituen baliatu kontrako atea zulatzeko. Agirretxek, besteak beste, bost minutu eskas baino ez dituelako jokatu azken hiru partidetan. Joseba Llorentek zer edo zer gehiago pilatu zituen Valentzian, eta Ifran, berriz, harmailetatik harmailetara, beste aukera baten zain. Hiru aurrelari, hiru jokaldi errematatzaile on entrenatzailearen lehentasunetatik kanpo, gehienbat azken biak. Hondarribiarra ari da denboraren poderioz gorputzaldirik onenera etortzen, baina uruguaitarrak galtzak bete lan dauzka entrenatzailearen ustea bereganatzeko. Martxa honetan, neguko azokan utzita joango da.

Txapelketaren lehen zatian inor nabarmendu bada beste guztien gainetik Agirretxe izan da, Illarramendi eta Iñigo Martinezen baimenarekin noski. Lehen bost asteetan sartu zituen lau golak ez ziren halabeharraren ondorioz heldu. Konfiantza tankea beteta, erraz zulatu zuen aurkariaren atea. Hain zuzen, hiru zutoinen artean jaurtiketa gutxien egiten duen taldeetako bat da Reala. Partida bakoitzeko hiru. Azken asteetan, gainera, areagotu egin da hori. Levante, Getafe, Mallorca eta Racing baino ez ditu azpitik. Gainera, erdiraketa gehien egiten duen hirugarren taldea izanik eta buruz inork baino erremate gehiago egin dituenez, zaila da jokamolde horren kontrako argudioak topatzea.

Usurbildarrak hiru gol sartu zituen buruz lehen bi jardunalditan, eta oraingoz inork ez du estatistika hori gainditu. Are gehiago, Fernando Llorente, Falcao eta Michuren atzetik jokaldi horrekin erremate gehien egindakoa da. Horregatik, baliteke eraginkorragoa izatea orain artekoan ongi egindakoa sakontzea, bestelako zerbaiten bila hastea baino. Montanierren egungo planteamendua ezin daitekeelako egun batetik bestera aurrera eraman, denbora asko eskatzen baitu, eta orain frantziarrari patxada falta zaio. Puntuak lehenbailehen batzeko betebehar itoan sartuta, Espanyolen bisita hartuko dute donostiarrek bihar. Irabazi ezean, Betisen zelaian jokatu beharreko partida hil edo bizikoa izango da entrenatzailearentzat.

Jokalari gutxi erabilita

Kritiken bazka bilakatu da Montanier, aldaketa askotxo egiteagatik: 21 jokalari erabili ditu. Halere, ez da hainbatek erakutsarazi nahi duten bezain zentzugabea. Begira bestela zer dioten datuek. Espanyolek, biharko aurkariak, jokalari bat gehiago erabili du. Realaren helburuarekin lehiatzen ari diren guztiek jokalari gehiago erabili dituzte: Betisek 27 jokalariri eman die aukera, eta Osasunak eta Racingek, hiru gutxiagori. Realaren aldean, Athleticek, Sevillak eta Levantek baino ez dituzte gutxiago erabili, eta tarte txikiagatik.

Emaitza txarren itzalpean erabaki guztiek dirudite oinarririk gabeak, baina taldearengan konfiantza izateak ez luke zertan hala izan. Norgehiagoketen azterketekin ados ez egotea aulkia mugitzeko orduan hartutako neurriak ezbaian jartzea bestelako eztabaida da, multzoaren berezko kudeaketatik kanpokoa. Aldaketak baino garrantzitsuagoa da taldeak zer bide jorratu behar duen argi izatea, horretan sinestea eta jokalari erabakigarrienek ondo jokatzea. Hortik aurrerakoek bigarren mailako aitzakiak dirudite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.