ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA. PORTLAND

Errekopako ospakizunak alde batean utzita, Almeria hartuko du gaur Portlandek

Erredakzioa
IRUÑEA
2004ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Portlandek Asobal Ligari ekingo dio berriz gaur, NUPeko pabiloian Almeria taldea hartuta (20:30). Nafarrek denbora gutxi izan dute gaurko neurketa prestatzeko, Europako Errekopa irabazi ondoren, ospakizunetan buru-belarri aritu baitira azken egunotan. Portlandeko jokalariak, halere, azkar ahaztu behar dute Europako Errekopa, urteko helburu nagusia lortzeko baitago oraindik: datorren urtean Txapeldunen Liga jokatzea, alegia.

Zupo Ekisoainen taldeak ez du bide erraza izango, helburu hori lortzeko bidaideak (Bartzelona eta Ademar) ez baitira nolanahikoak. Bi taldeok berdinduta daude sailkapenean, 43 puntura. Portland, aldiz, bi puntura dago, baina lehia bat gutxiagorekin, gaur Almeriaren aurka jokatu beharrekoa. Andaluziarren aurkakoa alde batean utzita, nafarrek egutegi oso gogorra izango dute aurretik: Ciudad Real liderra eta Ligako txapelduna ia (etxetik kanpo), Barakaldo (etxean), Ademar (etxetik kanpo) eta Bidasoa (etxean).

«Almeriaren aurkako puntuak Ciudad Realen aurkakoak bezain garrantzitsuak dira. Partidaz partida joan behar dugu, eta Europako Errekopa alde batean utzi. Ospakizunak bukatu dira eta hemendik aurrera lana egitea egokitzen da. Ezin gara deskuidatu», azpimarratu zuen atzo Ekisoainek. Portlandeko entrenatzaileak zalantza bakarra du gaurkorako: Alberto Martin eskuin albokoa, min hartuta.

Fitxaketekin bueltaka

Denboraldia aurki bukatuko da, eta Portlanden buru-belarri ari dira datorren urterako taldea prestatzen. Hala, Richardsonek eta Martinek urte baterako berritu dute, Garraldak ere hori egingo du, Iakimovitxek eta Kisselevek erretiroa hartuko dute ia ziur, Urdiales Kantabriara joango da edo erretiroa hartuko du, eta Ortigosa, Beuchler, Jovanovic eta Lakenmacherren geroa argitzeko dago. Fitxaketak, aldiz, sei izango dira: Kasper Hvidt atezaina, Ivano Balic erdikoa, Lars Jorgensen eta Demetrio Lozano ezker albokoak, Zoran Lubej pibotea eta Ricardo Andorinho ezker hegalekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.