Errematea falta da

Laugarren partida jarraian irabazi eta salbazioa ziurtatu nahi du Athleticek gaur Recreativoren zelaian

haritz gallastegi
2008ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Puntu gutxi falta zaizkigu salbazioa lortzeko, baina gaitzenak izango dira». Unai Emeryren adierazpenak dira. Athleticek Mediterraneoko Jokoak futbol zelaia bisitatu zuen astean esandakoak, hain zuzen ere. Almeriak 36 puntu zituen orduan. Salbazioa, beraz, gertu zuen. Jardunaldi asko zituen aurretik behar zituen zazpi edo zortzi puntuak irabazteko. Ordutik lau neurketa jokatu ditu Espainiako taldeak. Eta emaitzak aintzat hartuta, Emeryk asmatu egin zuela baino ezin da esan. Almeriak orduan baino hiru puntu gehiago ditu. Beraz, gertuago du helburua baina oraindik ere lanean jarraitu beharko du datorren sasoian Lehen Mailan jokatuko duela ziurtatzeko.

Athleticek Almeriaren antzeko bidea egin beharko du mailari eusteko. Bi taldeek puntu kopuru berbera dute: 39 puntu. Liga amaitzeko jardunaldi asko falta direnez, oraindik ezin daiteke aurreratu zenbat puntu beharko diren arriskutik kanpo egoteko. Hala ere, talde gehienek 42 puntura ailegatzea dute xede. Zuri-gorriei hiru falta zaizkie orain arte Lehen Mailan jarraitzea bermatu duten puntuak eskuratzeko.

Huelvako Recreativoren aurkakoa norgehiagoka aproposa izan daiteke azken urratsa egiteko. Egiari zor, neurketa guztiak dira aproposak aurrerapausoak emateko. Baina Recreativori gaur irabazteak hiru puntu baino gehiago eman diezazkioke Joaquin Caparrosen taldeari: zuri-gorriek garaipena eskuratuz gero, Recreativok jaitsieran jarraituko luke. Beraz, Athleticek hamar puntura izango luke infernua. Hamaika puntura golen aldea kontua hartuz gero.

Garaipena erabakigarria izan daiteke, baina talde zuri-gorria ezin da itsutu. Ez galtzea ere emaitza ona da. Jaitsierak zazpi edo zortzi puntura jarraituko luke eta.

Huelvan (Espainia) emaitza ona eskuratzearen abantailak asko dira. Baina porrotak zulotik gertu utz dezake talde zuri-gorria. Horregatik da ezinbestekoa emaitza bolada ona aprobetxatzea. Izan ere, Athleticen jokoak ez ditu emaitza onak bermatzen. Zalantza asko dituen taldea da. Jokalariek behin baino gehiagotan onartu dute zortea lagun izan dutela azken partidetan. Beraz, baliteke edozein unetan egun zuria dena beltza bihurtzea. Horregatik, gogor lan egiteko eskatu die entrenatzaileak jokalariei. «Ezin gara erlaxatu. Ez badugu serio jokatzen, Recreativok aprobetxatu egingo du aukera». Beste talde batzuek ere badakite zer den UEFA Kopako postuetatik gertu egon eta orain mailari eutsi ezinik ibiltzea. Mallorcak eta Valladolidek, besteak beste, emaitza eta joko bolada onak izan zituzten baina ez ziren sailkapenean eroso aritzeko bezain onak izan. Ondorioz, sufritzen ari dira orain.

Egoerak buelta eman aurretik etxeko lanak eginda utzi behar ditu Athleticek. Mailari eutsitakoan izango da gora begiratzeko mementoa. Ez orain. UEFA Kopako postuak jaitsierakoak baino gertuago egon arren, zuri-gorriek nahitaez begiratu behar dute behera. Azken hiru denboraldietako emaitzek ez dute beste aukerarik lagatzen. Ez emaitzek, ez jokoak. Matematikoki Lehen Mailan jarraitzen dutela bermatutakoan hasi beharko dira beste gauza batzuetan pentsatzen: lasai jokatzen, UEFA Koparako txartela zenbat puntura dagoen begiratzen, hainbat arrazoi tarteko jokatzeko aukera gutxi izan duten futbolari interesgarriei jokatzeko aukera ematen... gura dutena egin ahal izango dute jokalari eta entrenatzaileek. Aurretik ez.



BI ALDAKETA. Emaitzak aldekoak direnean ez da komeni izaten ondo dagoena aldatzea. Caparrosek ere ez du aldatzeko asmorik. Behartutako aldaketa bat baino ez du egingo. Txartel pilaketa tarteko, Javi Martinezek ezin izango du jokatu. Fran Yestek beteko du haren hutsunea. Beraz, talde zuri-gorrian talentu handiena duten bi jokalarien ardura izango da Athleticen jokoa antolatzea: Orbaizena eta Yesterena, hain zuzen ere. Athleticek baloiaren jabe izatea lortzen badu, gainerako partida gehienetan baino aukera gehiago izango du arriskua sortzeko. Orbaiz eta Yeste maisuak dira zuloak aurkitzen. Hori bai, Recreativok jokoaren ekimena badu, asko sufrituko du. Orduan ikusiko da zein garrantzitsua den Javi Martinez.

Yestek ezker hegala utzi eta euskarrian jokatu beharko duenez, Gabilondo hasierako hamaikakora bueltatuko da. Donostiarraren bizkartzaina Del Horno izango da. Hirugarren aldiz jarraian hasieratik ariko da. Getaferen aurka denboraldiko partidarik osoena jokatu zuen. Beste aldaketa atean egongo da, baina hau ez da behartutakoa izango. Caparrosek Armandoren alde egingo du. Sopeloztarrari osatu zaio begi ondoan zuen zauria. Beraz, entrenatzaileak bere konfiantza duen atezaina zelairatuko du. Erabaki logikoa da.



«Ezin gara erlaxatu.Ez badugu serio jokatzen, Recreativok aprobetxatu egingo du aukera»

joaquin caparros
athleticeko entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.