Golak: 1-0: Rikik (52. min.). 2-0: N. Oliveirak (93. min.). Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horia Deportivoko Aythami, Evaldo eta Dominguezi; eta Osasunako Flaño, Sisi, Damia eta Andresi. Bestelakoak: 30.000 ikusle Riazorren.
«Deportivo Bigarren Mailako taldea dela uste duenak Osasuna ere Bigarren Mailakoa dela esan beharko luke», esan zuen Jose Luis Mendilibarrek partidaren bezperan, adierazteko ez zutela partida errazaizango Deportivo talde igo berria izanagatik. Eta atzokoa ikusita, argi dago oso antzeko maila duten bi talde direla Osasuna eta Deportivo. Are eta gehiago, jokoan nagusi ez izanagatik, Deportivok Osasunak erakutsi ezin duen eraginkortasuna erakutsi zuen erasoan. Askotan, nagusi izan zen Osasuna, bai lehen zatian, baita bigarrengoan ere. Baina Rikik azken minutuan penalti bat huts egin zuelako soilik eutsi zion markagailuko orekari Osasunak lehen zatian, eta bigarren zatian zorteak ere bizkarra eman zien nafarrei, bi gol jaso baitzituzten. Esku hutsik itzuli behar orain Iruñera, igo berri baten zelaian lortu ez dituzten puntuak Bartzelona ahalguztidunaren aurka etxean lortuko dituztela sinestera behartuta.
Osasunak ez zuen partida txarra jokatu: erdilariek baloia erraz berreskuratzen zuten, eta Aranzubiaren ate ingurura erraz iristen ziren Mendilibarren mutilak. Area ingurura iritsita, ordea, akabo! Jokalari gorritxoen argia itzali egiten da erabat aurkariaren ate ingurura gerturatutakoan. Joseba Llorentek lehen zatian korner bat buruz errematatu zuenean soilik lortu zuten atera erremate bat egitea. Eta errematerik ezean golik ezin denez lortu, punturik gabe itzuli behar etxera azkenean.
Lehen zatiko azken jokaldian aurkariak penalti bat huts egiteko zortea izanagatik, bigarren zatia hasi eta berehala Andres Fernandezek ezohiko opari bat egin zion aurkariari, Rikiren jaurtiketa makalari atera sartzen utziz. Markagailuan aurretik zen Deportivo aparteko ezer egin gabe, baina zorionez denbora asko zuen Osasunak okerra zuzentzeko.
Alferrik izan zen, ordea. Gola hartu osteko minutuetan, txukun aritu ziren. Azkar eta ondo suspertu ziren. Baina Arribasek —min hartu zuelako— eragin etenaldi baten eta aldaketen ostean, erreakzioa bertan behera geratu zen. Aldaketek ez zioten ezer eman taldeari, eta geldikako jokaldien bidez berdintzeko gola sartu nahian ari zirenean, Deportivoren bigarrena iritsi zen, kontraeraso batean. Nelson Oliveira portugaldarra bakar-bakarrik geratu zen Andresen aurrean, eta area kanpotik baloia dotore loratuz sarera bidali zuen, Osasunaren itxaropen apurrak zapuztuz.
Dena ez zen txarra izan zorionez, dena dela. Lan ona egin zuen Llorentek bere estreinaldian, eta presioan bikain aritzeaz gain, Ninorekin ondo moldatu zen hondarribiarra. Cejudo eta Sisi ere txukun aritu ziren hegaletan, beti aurkariari min egin asmoz. Raoul Loe nagusi izan zen zelai erdian askotan. Marc Bertran asko eta ondo azaldu zen erasoan. Arribasek ere erdiko atzelari ona dirudi. Okerrak zuzentzen jarraitu besterik ezin du egin Mendilibarrek hurrengo egunetan.
DEPORTIVO 2. OSASUNA 0
Errematerik ez, punturik ez
Tarte askotan, Osasuna ez da Deportivo baino gutxiago izan, baina azken pasean ibili da oker, eta behin bakarrik jaurti du ateraPenalti bat huts egin badute ere, etxekoak gailendu dira, bigarren zatiko golei esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu