Pilota

Errespetu handia diote elkarri

Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarria gustura geratu dira Eibarko Astelena pilotalekuan aukeratutako pilotekin, nahiz eta leitzarra "kezkatuta" dagoen aurkariaren pilota batekin. Igandean jokatuko dute bigarren finalerdia.

jon eskudero
2016ko maiatzaren 12a
08:01
Entzun

Arazo handirik gabe eta azkar samar aukeratu dituzte pilotak Oinatz Bengoetxeak eta Iker Irribarriak. Buruz Buruko Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute bi aurrelariek igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan, eta bina pilota aukeratu dituzte gaur eguerdian. 106,8 eta 105,5 gramokoak dira Bengoetxea VI.ak aukeratutako pilotak, eta 106,7 eta 105,7 gramokoak Irribarriarenak. Hori bai, Bengoetxea "kezkatuta" dago aurkariak aukeratu duen pilota batekin, "frontisetik gehiegi ateratzen delako". Berotzen denean "biziegia" izan ote daitekeen zalantza dauka leitzarrak.

Elkarri errespetu handia diote bi pilotariek, eta parekoaren gaitasunak goratu dituzte biek. Irribarria finalerdietan sartzea ez dela ezustekoa azpimarratu du Bengoetxea VI.ak. "Ez da etorkizuneko pilotaria, oraina ere badauka jada. Ez zen ezustekoa izan Aimar Olaizolari irabazi izana. Ez da kikiltzen, eta beste planeta bateko joa dauka". Ondorioz, "aurreko koadroetako jokoa" egiten saiatuko dela argitu du leitzarrak, "jokoa nahasten". Fisikoki bete-betean dagoela gaineratu du, eta eskuekin ere batere arazorik ez daukala.

Irribarria ere "oso gustura" dago orain arte egindako lanarekin. "Baina Oinatzen aurka galduz gero, ezertarako ez du balioko Aimarri irabazi izanak. Ez nago konforme finalerdietara iriste soilarekin; finala jokatu nahi dut". Pilota frontisetik urruti mantentzen saiatuko dela adierazi du gipuzkoarrak, baina partida luzeegia ere ez zaiola komeni gaineratu du. "Eta, ondorioz, asmatu egin beharko dut tantoak amaitzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.