Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala. Mikel Beroiz. Aspeko pilotaria

«Errespetua eragiten dit; beldurrik ez, behintzat»

Polemikaren erdian, berari egokitu zaio Abel Barriola ordezkatzea, eta argi du etzikoa bere ibilbideko partidarik garrantzitsuena dela. Irabaziz gero, leitzarrarekin hitz egingo du, txapela elkar banatzeko.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Buruz burukoa prestatzen egotetik binakako txapelketako finalera igaro zen ordu gutxi batzuetan. Abel Barriolaren inguruko polemikak harrapatu zuen, eta Mikel Beroizek (Uharte, Nafarroa, 1989) kidea defendatu du: «Makurkeria da Abeli egin diotena».

Nola aldatu zaizun bizitza egun gutxitan, ezta?

Tarte gutxiagoan esango nuke! Ordu bakan batzuetan aldatu zait. Herenegun goizean lasai nengoen, buruz burukoan pentsatzen, eta arratsaldean binakako finala jokatu behar nuen.

Telefonoa sutan izango duzu?

Bai, bai, baina normala da, kolpetik halako albiste bat ezagutzeak zeresana ematen du. Pena, Abelen lesioarengatik izatea.

Pasa zitekeela uste al zenuen?

Ez, egia esan. Abel garaiz indartuko zela edo atzerapena, eskatzekotan, onartuko ziotela uste nuen. Baina, tira, ez diote astea eman. Egia da aurrekoan berarekin entrenatzen egon nintzela, eta ikusten zen aste honetarako justu antzean iritsiko zela.

Zer da? Aukera ala buruhaustea?

Erronka bat da. Final bat eta egun handi bat. Buruhaustea ez da, behintzat.

Aldarrirako aukera izan daiteke.

Bai, aukera bat da, finala ez delako beti jokatzen, eta polita da.

Final bat jokatzeak zer suposatzen duen pentsatu al duzu?

Nik final bat jokatu behar dudala dakit, nire ibilbideko partidarik garrantzitsuena, eta egunarekin gozatu nahi nuke.

Gozatzerik izango al duzu?

Gozatu, irabazten badugu. Tentsio handiko partida izango da, eta kirioak hor egongo dira. Baina nik ahalik eta lasaien jokatzen saiatu behar dut.

Zer iruditu zaizu enpresak harturiko erabakia?

Arraroa izan da. Txapelketa hain luze eta gogor baten ondoren astebeteko atzerapena ez onartzea, Abelentzat... makurkeria da, eginiko lanaren ondoren finaletik kanpo gelditzea bada makurkeria. Baina tira, enpresek euren iritziak izango dituzte, hori erabaki dute eta ezin da atzera egin.

Abelekin hitz egin duzu?

Aurrekoan, eta, azkenean nik jokatzen banuen, lasai egoteko esan zidan, eta txapela guk irabaztea nahi duela.

Kiriorik ba al duzu?

Gerturatu ahala... pixka bat. Momentuz ez nago urduri, ikusiko dugu igandean. Lasaia naiz berez, baina igandekoa proba bat da nire izaerarentzat.

Beldurrik ba al duzu?

Beldurrik ez, errespetua eragiten dit. Final handia izango da, jende askorekin... eta errespetua da, baina ez da hortik pasatzen.

Sasoi onean zaude.

Bai. Gustura ari nintzen jokatzen binaka, eskuak oso ondo ditudalako, eta ondo iritsiko naiz.

Aurkariak nola ikusten dituzu?

Bikote indartsua dira, hasieratik ziren txapelerako hautagai. Txakalaldi txikia izan zuten, baina orain oso ondo daude.

Sarrerarik eman al dizute?

Bai, Abelenak, eta sarrerengatik ez da izango, asko ditut egun gutxitan kolokatzeko. 190 ditut, eta ez da erraza. Uharteko jendea deitzen ari da, baina ez dakit den-denak salduko ditudan: egun gutxi dira, Osasunak jokatzen du...

Irabaziz gero, txapela zeinentzat?

Abelekin hitz egin behar dut horri buruz. Berak jokatu du txapelketa osoa, eta, irabaziz gero, berak zerikusi asko izango du.

Bezperan, zer?

Herrian lasai ibili, lagunekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.