Errespetua zor zaie

Talde apala izanagatik, bolada onean dago Granada, eta Jose Luis Mendilibar ez da fio espainiarren jokoarekin

Iruñea
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Nafarroako Erresuman, sendo ari da Osasuna denboraldi honetan, eta, teorian, hiru puntuak lortzeko aurkari aproposa dirudi gaur arratsaldean gorritxoen zelaian bisitan izango denak: Granadak. Hargatik, jokatzen hasi aurretik, nafarrek hobe dute ez pentsatzea puntuak poltsikoan dituztela, badaezpada ere. Talde igo berriak izaten dira, sarritan, lotsagabeenak eta ausartenak, eta Abel Resinoren jokalariek ezustekoa eman dezakete konplexurik gabe zelairatzen baldin badira.

Sasoi honetan Osasunak beste bi talde igo berrien aurka etxean jokatu dituen partidetan gertatutakoak hor daude: Rayo Vallecano nagusi izan zen Iruñean, eta, azkenean, berdinketarekin konformatu behar izan zuen Osasunak. Betis menderatzeko, berriz, luzapeneko azken minutura arte itxaron behar izan zuten gorritxoek. Abisatuta daude. Etxean jokatutako azken partidan, Bartzelona ahalguztiduna menderatu zuten. Gaurko aurkariak ez du eragin halako ikusminik, baina barkaezina litzateke Osasunako jokalariak orduan baino epelago zelairatzea. Azken batean, sari bera dago jokoan gaur ere: hiru puntu.

«Granada dator, eta badirudi izerditu gabe irabaziko diegula. Akaso irabaziko diegu, baina, oraintxe, ligako talderik sasoikoenetakoa da Granada, eta jokalariek ederki betetzen dute entrenatzaileak eskatzen diena», adierazi zuen atzo Jose Luis Mendilibarrek, partidaren arriskuaz abisatzeko asmoz. Entrenatzaile zaldibartarra ez da fio. Hargatik, jokalariek bezalaxe, Mendilibarrek ere badaki sasoiko garai erabakigarrian sartzear direla, eta, horrexegatik, Granada mendean hartzea da nafarren helburu bakarra.

Jaitsiera postuekiko zortzi punturen aldearekin hasiko dute jardunaldia nafarrek. Europako Ligako postuak puntu bakarrera dituzte, eta Txapeldunen Ligako postuak bi puntura. Egoera erosoan daude. Baina, oraindik ere, atzera begira daude gorritxoak: «Normala da zaleek ilusioa izatea Europarako sailkatzeko, baina Espanyolek egiten duenari baino gehiago begiratzen diogu Racingek eta Sportingek egiten dutenari. Helburua mailari eustea da, eta, hori ziurtatuta izan arte, ez dago beste ezertan pentsatzerik». Argi hitz egin zuen Osasunako entrenatzaileak.

Raul Garcia itzuliko da

Hasierako hamaikakoari dagokionez, Mendilibarrek ez du eman bere asmoen berri, baina, Sanchez Pizjuaneko norgehiagokan partida bateko zigorra bete ostean, Raul Garcia hasieratik ariko da berriz. Zelai erdiko hegaletan aritzeko ardura nork izango duen jakitea falta da. Cejudo, Lamah, Ibrahima eta Nino dira bi postuetarako lau hautagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.