Txirrindularitza

Erretiroa hartzea erabaki du Juanma Garatek

Belkinekin izan dituen arazoak tarteko urtebete lehiatu gabe igaro ondoren, datorren astelehenean emango du agurreko prentsaurrekoa, Donostian. Tourrean, Giroan eta Vueltan etapa bana irabazita hartuko du erretiroa.

Juanma Garate. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
unai zubeldia
2014ko abenduaren 18a
17:37
Entzun

Nahikoa dela erabaki du Juanma Garatek (Irun, Gipuzkoa, 1976). Nekatu da eta badoa. Profesionaletan debuta egin eta hamalau urtera, irundarrak datorren astelehenean emango du agurreko prentsaurrekoa, Donostian. Belkin taldearekin ika-mikan igaro du azken urtebete luzea, eta epaitegietatik bueltan hasteko zorian ibili ondoren Belkinek atzera egin arren, lehiatu gabe dago 2013ko urritik. Urte hartako Espainiako Vueltan jakinarazi zuen taldeak gipuzkoarrari beste urtebeterako berritu ziotela kontratua, baina paperak esku-artean hartutakoan jabetu zen ez zetorrela bat adostu zutenarekin.

Txirrindulariaren hitzetan, lan eskubide jakin batzuk adostu zituzten soldata %40 murriztearen trukean, Rabobankeko bost urteko antzinatasuna kontuan hartzea edo Belkinek Espainiako Gizarte Segurantzan Garate euren taldean bere kabuz lanean ari zen langile gisa izendatzea, esaterako, zegozkion zergen kargu eginez. Baina Belkinek ez zuen errespetatu akordio hura. Abuztuaren 4an jaso zuen Garatek berriz lehiatzeko lizentzia, baina taldeak ez zuen eraman lasterketa bakar batera ere. Denboraldia amaitu zenetik, saiatu da batean eta bestean lekuren bat aurkitzen, urtebeteko kontraturen bat lortzen, errepidean agur esan ahal izateko. Baina erretiroa hartzea erabaki du, azkenean.

Garatek 2000n egin zuen debuta Lamprerekin, eta Giroak eman zion sona lehen urte haietan. 20. postuan amaitu zuen 2001ean, eta urte hartan Espainiako Vueltako etapa bat ere irabazi zuen. 2002an, berriz, podiumera igotzeko zorian egon zen Italiako lasterketan, laugarren amaituta. 2004an 10. amaitu zuen, eta 2005ean 5. —Espainiako Errepideko Txapelketa ere irabazi zuen— eta 2006an 7. —mendiko sailkapena eta etapa bat poltsikoratuta—. 2009an eman zuen azken kolpe serioa, Mont Ventouxen gora Tourreko etapa bat irabazita. Hamalau urteko ibilbide oparoaren ondoren, hiru handietan garaipen bana lortuta hartuko du erretiroa Juanma Garatek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.